Eusko Legebiltzarrak ia aho batez onartu du Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Nerea Melgosa, pozik agertu da arauarekin; izan ere, “gure lantaldeak inplikatutako gizarte erakundeekin lortu ditu akordioak, eta, ondoren, Ganbera honen gehiengo zabalarekin”.
Egindako hitzaldian, Melgosak nabarmendu du “elkartasunak batzen” gaituela, legea egiteko prozesuan elkarrekin egindako ibilbideari erreferentzia eginez, eta aipatu ditu “erakundeak, gizarte-eragileak, GGKEak, akademia, Hegoaldeko erakundeak eta legebiltzarreko taldeak”. “Elkarrekin egindako bide horrek lortu du euskal lankidetzaren eta elkartasunaren ikuspegi partekatua eta adostasun zabala izatea”, jarraitu du sailburuak.
Ildo horretan, eta erantzunkidetasuna eta askotariko maila instituzional eta sozialaren arteko aliantzak sustatzeko, Lege berriak “euskal gizarte osoari eta bertako erakundeei dei egiten die, Hegoaldeko eragileekin batera, beren gaitasunak eta baliabideak giza garapenaren, justizia globalaren, demokraziaren, giza eskubideen eta bakearen zerbitzura jartzera”, azpimarratu du sailburuak.
eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziako lantaldearen lana eskertu ondoren, Melgosak GGKEen eta haien Koordinakundearen zeregina aitortu nahi izan du, “historikoki euskal lankidetzaren motorra izan direlako. Lankidetza horrek gizarte zibilaren aurpegia du Euskadin, eta GGKEak dira oraindik ere aitzindari”.
Hala ere, sailburuak adierazi du nazioarteko elkartasuna ezin dela izan eLankidetzari edo erakundeei soilik dagokien gaia, “guztion konpromisoa izan nahi du, behar du eta izan daiteke, herri konpromisoa”.
Berrikuntza nagusien artean, euskal sektore osorako esparru komun bat ezartzea dago, hiru mailatan. Era berean, Melgosak aipatu du testuak garapen iraunkorrerako politiken koherentzia txeratzen duela, “administrazioek beren politikek Hegoaldeko herrialdeetan eta etorkizuneko belaunaldietan izango dituzten eraginak aintzat har ditzaten”, eta gaineratu du, “bai eta erakundeen arteko koordinazio eta lankidetza mekanismoak sortzeko ere”.
Lankidetzako ekimenen kudeaketa hobetzeko eta lankidetzan aritzen den herrialdeetako errealitateetara egokitzeko, legeak arau bereziak eta berariazko prozedurak ezartzen ditu, kudeaketa arinagoa eta sinplifikatuagoa egin ahal izateko.
Nerea Melgosak azpimarratu du funts nahikoak izateko konpromiso solidarioa. Zentzu horretan, legeak jasotzen duenez, “Eusko Jaurlaritzak urtero, gutxienez, guztizko gastuaren % 0,7 bideratuko du lankidetza eta elkartasun politiketara”.
Amaitzeko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak euskal gizarteari eskatu dio “harro egoteko, herrialde solidarioa izateagatik eta mundu gizatiarrago, bidezkoago eta jasangarriago baten aldeko konpromisoa sendotzeagatik”.
Legearen artikuluak
Legeak 5 kapitulu, 19 artikulu, xedapen gehigarri bat, 3 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta 3 azken xedapen ditu.
Legearen helburuak dira giza garapen eta jasangarritasuna bultzatzea; pobrezia eta bazterketa eragiten duten egiturazko kausak eraldatzea; desparekotasunen aurka borrokatzea, eta giza eskubideen eta justizia globalaren alde, eta gizarte askeak, demokratikoak, baketsuak eta inklusiboak sustatzea. Gainera, bilatzen du gizartean balio aldaketak egotea eta helburu horiek lortzeko gizarte mobilizazioa bultzatzea.
Azkenik, testu berriak Euskadiko zein Hegoaldeko gizarte erakundeak indartzea ere du helburu.
Prozesu partehartzailea
Gaur lortutako adostasuna 2021ean hasitako lege berria egiteko prozesuaren isla da. Honako hiru urte hauetan, askotariko eragileen parte-hartzea sustatu da, hala nola euskal administrazio publikoak zein estatukoak, Euskadiko GGKEen Koordinakundea, zentro teknologikoak, erakunde feministak, LGTBI+ kolektiboak, pertsona migratuen elkarteak, Nazio Batuetako agentziak edo hezkuntza arloko eragileak.
Euskadiko GGKEen Koordinakundea
Euskadiko garapenerako GKEen koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 83 euskal erakunde biltzen ditu. Koordinakundeak uste du lege honek aurrerapen garrantzitsuak mahaigaineratzen dituela politiken koherentziari, aurrekontu konpromisoari eta lankidetza politikaren sendotzeari dagokionez.
“Aitortzen dugu Eusko Jaurlaritzak egindako ahalegina parte-hartzailea izateko eta gure eskaerak txertatzeko. Horiek gure esperientziaren eta munduko biztanle zaurgarrienekin egindako lanaren emaitza dira. Alderdi politikoek adostasun zabala lortu izana ere aintzat hartzen dugu. Ilusioz, poztasunez eta tentuz ekingo diogu garai berri honi, eta espero dugu lege honek ezarriko duela kalitatezko euskal politika egonkorrak bermatzeko esparrua, mundu osoan eragina duten ziurgabetasunez eta mehatxuz beteriko testuinguru aldakor batean”, adierazi dute koordinakundetik.