Urduñako harresiaren berreskuratze lanak bisitatu dituzte gaur Zupiria sailburuak eta Urduñako alkateak

0

Eusko Jaurlaritzak eta Urduñako udalak Urduñako harresiaren berreskuratze lanak bisitatu dituzte gaur. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Urduñako alkate Iker Santocildes-ek parte hartu dute bisita Kultura sailburuorde Andoni Iturbek eta Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruk lagunduta.

Eusko Jaurlaritzak 675.000 euroko dirulaguntza eman dio Urduñako udalari 2022 eta 2023an harresia zaharberritzeko. Eusko Jaurlaritzak  ezarriako Aiaraldeko Lehentasunezko Jarduera Eremuko (ZAP) inbertsioen artean kokatu behar da dirulaguntza hau, hain zuzen ere, 2020ko azaroan Euskadiko ekonomiaren eta enpleguaren susperraldiari aurre egiteko onartu zuen Berpiztu programaren barruan.

Dirulaguntza hauen helburua Urduñako kultura-ondare berezia sendotu eta balioesteko proiektua finantzatzea izan da. Harresia Urduñako Hirigune Historikoaren zati da eta1997an, EAEko Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatu zen, Monumentu Multzo kategoriarekin.

Gaur egun kontserbatzen dena Urduñako alde zaharrean XV. mendean hiria inguratzen zuten harresi gotikoen zati bat da. Sileriazko harresi bat da, mentsuloi bikoitzarekin, eta elizaren burualdea inguratzen duen ingurubideko pasealekurako sarrera da. Urduñako hirigunea harresiz inguratuta dago, eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren bitartez udaletxetik Andra Mari parrokiaren artean dagoen harresiaren horma-atala zaharberritzera bideratu da, baina hiriko hainbat gunetan ere tartekatzen da harresia.

Urduñako udalak 2022ko azaroan aurkeztu zuen Andra Mari parrokiaren eta harresiaren arteko parkearen proiektua. Urduñako ondare historikoari eta arkitektonikoari balioa ematea dute helburutzat lanek eta ondarea kontserbatzearekin batera hiritarren erabilerarako eta gozamenerako parke bat sortu nahi dute. Eremu horretan eszenatoki bat, pasabide bat eta lorategi bat eraikiko dituzte.

Gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez Urduñako hiria toki oso esanguratsua da historikoki eta honen ondorioz badu ondare garrantzitsu bat: “ondare historikoa berreskuratzea eta balorean jartzea oso garrantzitsua da gure iragana ezagutu nahi badugu eta etorkizunean ere hurrengo belaunaldiei honen ezagutza helarazi nahi badiegu. Denon artean egin beharreko lan bat da. Erakunde desberdinen lankidetza eta herritarren inplikazioa behar dira. Kultura 2028 Plan Estrategikoak garrantzi berezia ematen dio gure ondarearen gizarteratzeari. Herritarren eskura jarri behar dugu gure ondarea batetik historiaren zati bat ezagutzeko eta bestetik ondare horretaz gozatzeko”. Zupiria sailburuak gogorarazi duenez ZAP proiektuen helburua “eskualdearen garapenari bultzada bat eman ematea da eta oraingo honetan ondarea balioan jarrita egin nahi dugu”.

Halaber, Urduñako alkate Iker Santocildesek eskertu egin du Eusko Jaurlaritzak egindako ahalegina «Urduñako ondare historikoa balioan jartzeko eta bertan bizi diren pertsonei eta bisitariei gure iragana eta historia ezagutzeko aukera eskaintzeko».