Bretxako emakidaren iraungipena deklaratzeko prozesua hasita

0
PRUEBA

Donostiako Udalak subsidiarioki hartuko ditu bere gain Arrandegi inguruko urbanizazio-obrak

Donostiako Udalak, Tokiko Gobernu Batzarraren bitartez, Bretxako Merkatua ustiatzeko eta kudeatzeko emakida-kontratua suntsiarazteko espedienteari hasiera emateko erabakia hartu du, emakida ebazteko eta Baika Mercados SLren kudeaketa amaitzeko dituen legezko mekanismoak aktibatuz.

Eneko Goia alkateak adierazi duenez, «merkatuaren kontratua baliogabetzeko erabaki hau emakidadunaren ez-betetze goriak eragin du, merkatuko obrak gelditzea eragin duena, baita haren jarrera iheskorra eta luzamendutan ibil izanak ere«. Gaineratu duenez, «Udalaren asmoa emakida baliogabetzea da, emakidadunaren eta Arkoak eraikinean dauden saltokien artean eta, jakina, merkatu tradizionaleko saltzaileen artean, egun dauden kontratuak ahal den neurrian errespetatuz. Horretarako, Udaleko Zerbitzu Juridikoak aukerarik egokienak aztertzen ari dira hori bermatzeko«.

Hala, joan den otsailaren 16an, ostiralean, Baika Mercados SLri jakinarazi zitzaion Aldamar eta Iñigo kaleetako urbanizazio osagarriko obren hasiera, merkatu tradizionala lekuz aldatzea ahalbidetuko duten obren hasiera eta obra horiek gauzatzeko lizitazio-prozeduraren hasiera nahitaez egikaritu behar direla, modu subsidiarioan eta emakidadunaren kontura.

Goiak nabarmendu duenez, «PSEk eta EAJk osatutako gobernu taldeak hartutako erabaki hau EH Bildu oposizioko talde nagusiarekin ere partekatu, hitz egin eta adostu da, eta eskerrak eman nahi dizkiogu Gobernuarekin Bretxarako irtenbide bat adosteko erakutsi duen borondateagatik, bai gaur ezagutarazi dugun erabaki honetan, bai etorkizunean emango ditugun pausoetan«.