Donostiako Udalak 2,2 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu dirulaguntzetara 2024an

0
PRUEBA

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: URArekin hitzarmena, Pasealeku Berriko feriala

Donostiako Udalak guztira 2.217.459 euroko gastua onartu du 2024rako dirulaguntzetarako, udal sailen bidez banatuko direnak.

Donostiako Udalak, gizartearen kohesiorako eta herritarren partaidetzarako duten garrantziaz jabeturik, hiriko elkarteak eta haien jarduerak bultzatzen ditu eta, hala, bere udal atalen aurrekontuen bidez, dirulaguntzak jasotzeko aukera eskaintzen die hiriko talde, fundazio eta irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei, hainbat arlotan egiten dituzten ekintzak gauzatzen laguntzeko asmoz. Izan ere, talde horien ekimenek donostiarren bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute eta, batzuetan, herri erakundeek proposaturiko ekimenen osagarri izaten dira.

Dirulaguntza horien bidez, Gobernu Programaren konpromisoei heldu eta herritar demokratikoen balioak bultzatzen dituzten proiektuak sustatu nahi dira. Izan ere, hiriek leku egokia eskaini behar diete pertsonei aurrera egiteko, ingurunea aintzat hartu eta errespetatzeko, beren jakinduria eta kultura handitzeko eta errespetuan eta tolerantzian oinarritutako mundu baketsu baten konpromisoa hartzeko.

URArekin hitzarmena

Tokiko Gobernu Batzarrak Uraren Euskal Agentziaren eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartu du, Loiolako kuartelen inguruan Urumea ibaian uholdeen aurka babesteko eta ingurumena egokitzeko proiektua idazteko. Proiektua idazteko aurrekontua 300.000 €-koa izango da, URAk ordainduko duena, eta egikaritzeko epea 10 hilabetekoa.

Pasealeku Berriko feriala

Tokiko Gobernu Batzarrak Urbycolan, SL enpresari Pasealeku Berriko ferialaren elektrifikazio proiektuko obren kontratuaren 1. sorta (obra zibila: zangak, eroanbideak, egitura, zoladura, etab.) esleitzea onartu du. Gauzatzeko epea bi hilabetekoa da eta aurrekontua 259.769 eurokoa.