Euskadik osasun, gizarte eta ikerketaren arloko lan koordinatuaren alde egin du, patologia horiek dituzten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetu dadin

0

Euskadiko Gaixotasun Neurodegeneratiboen eta Neuromuskularren Estrategia

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak gaur, Eusko Legebiltzarrean, aurkeztu du bere Sailak alzheimerra, parkinsona, alboko esklerosi amiotrofikoa, esklerosi anizkoitza eta horrelako beste gaixotasun batzuk dituzten gaixoen arretan aurrera egiteko abian jarritako estrategia

Euskadiko Gaixotasun Neurodegeneratiboen eta Neuromuskularren Estrategiak osasun, gizarte eta ikerketaren arloko lan koordinatuaren alde egiten du, bere helburua lortzeko bide gisa: patologia horiek dituzten gaixoen eta haien familia-ingurunearen bizi-kalitatea hobetzea.

Hala eman du aditzera du gaur Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, berak eskatuta, egindako agerraldian. Bertan, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldirako hartutako konpromiso gisa ezarritako estrategia aurkeztu du. Dokumentu hori prestatzeko lanean parte hartu dute Neurologia, Neuropediatria, Lehen Mailako Arreta edo Erizaintza gisako diziplinetako profesionalek eta gizarte- eta ikerketa-esparruko profesionalek, baita estrategiak aintzat hartzen dituen gaixotasunak dituzten pazienteen elkarteetako ordezkariek ere.

Osasuneko sailburuak pertsona horiei eskerrak eman nahi izan dizkie, egin duten lan bikainagatik. Lan hori are garrantzitsuagoa da bizi-itxaropena gero eta handiagoa den egungo egoeran, etorkizunean horrelako gaixotasunak nabarmen gehituko baitira.

Esparru horretan, Gotzone Sagarduik nabarmendu du problematika komunak dituzten gaixotasunei modu globalean ekitea dela estrategia horren oinarrietako bat, eta aukera ematen duela paziente-talde handiei erantzuteko eta planteatzen diren jarduera eta zainketen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko.

Gaur aurkeztutako dokumentu estrategikoa bi zatitan egituratzen da:

Lehen zatiak gaixotasun neurodegeneratibo eta neuromuskular ugariri ekite dio; gaixotasun horiek oso klinika eta patologia heterogeneoak dituzte, baina denak kronikoak, progresiboak eta sendaezinak dira. Hartara, prebalentzia handiena dutenak (Alzheimer eta Parkinson dira lehenengo biak) eta gutxien agertzen direnak aztertzen ditu, eta horietako bakoitzaren deskribapena, epidemiologia, Euskadiko egoera eta elkarteen ekarpenak azaltzen ditu.

Bigarren multzoak ardatz estrategiko bakoitza definitzen du, ardatz horien inguruan biltzen baitira ezarritako helburu orokorrak eta espezifikoak. Guztira 7 ildo estrategiko bereizten dira:

1.- Gaixotasun neurodegeneratibo eta neuromuskularren prebentzio eta detekzio goiztiarra.

2.- Gaixotasun horietarako osasun- eta gizarte-arreta (babes soziala eta errehabilitazioa).

3.- Gaixo dagoen pertsonarentzako arreta, pertsona egongo da arretaren erdigunean, eta pazientearen autonomia bermatuko da.

4.- Zaintzaileentzako arreta eta laguntza.

5.- Osasun- eta gizarte-arloen arteko koordinazioa, parte hartzen duten sail, laguntza-maila eta osasun- eta gizarte-zerbitzu guztietan.

6.- Gaixotasun horien arloko etengabeko prestakuntza gizarte eta osasunaren arloko profesionalentzat.

7.- Ikerketa sustatzea (epidemiologikoa, oinarrizkoa, klinikoa, traslazionala eta zerbitzuetakoa), pazienteen eta senideen parte-hartzea sustatuz; eta berrikuntza bultzatzea.