Eusko Jaurlaritzak Mugaz Gaindiko Bigarren Topaketetan parte hartu du

0

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat gaur Baionan dago, Iparraldeko Mankomunitateak antolatutako Mugaz Gaindiko Bigarren Topaketetan.

Zehazki, Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak irekiera ekitaldian parte hartu du, Jean-René Etchegaray Iparraldeko Mankomunitateko presidente eta Baionako alkatearekin batera.

Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkaria mugarik gabeko Europa bat eraikitzearen alde mintzatu da, eta pandemiaren ondorioz Pirinioetan mugako pasabideak itxi izanak inguru hauetako herritar guztiei kalte handia eragin ziela gogorarazi du. “Argi eta garbi daukagu mugetako kontrolak itxi eta indartzeak gure ekosistema sozial eta ekonomikoei kalte egiten diela, kontrol horiek gure bizitza baldintzatzen dute”- baieztatu du.

Ildo beretik, Europako Herrien arteko lotura estuago baten alde egin du Marian Elorzak, eta, zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta Iparraldearen arteko elkarlanari esker gauzatutako azken egitasmoetako batzuk nabarmendu ditu: immigrazioari lotutakoa, muga zeharkatzen dutenen tragediari erantzuna emateko; Hendaiako Aldagune Multimodala abian jarri izana; eta Euskal Sagardoaren jatorri-deitura, aurten mugaz gaindiko lehen sor-marka izatea ekarri duena.

Horretaz gain, 2011n sortutako Akitania Berria-Euskadi Nafarroa Euroeskualde berriaz ere aritu da, eta adierazi duenez “oinarri inspiratzaile gisa maila anitzeko gobernantzatik abiatzen den lankidetza eredu hau aitzindaria izan daiteke”.

Era berean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak mahai borobil bati hasiera emango dio, hain justu ere, euskal museoen egitekoei buruz jarduteko.