‘Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan’, Ur-jauzia bildumaren liburu berria

0
PRUEBA

Euskal Herriko Unibertsitateko Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin Fundazioak elkarlanean bideratutako Ur-jauzia bildumaren liburu berria aurkeztu berri da. Iñaki Zabaleta UPV/EHUko Filosofia Saileko irakasleak idatzitako ‘Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan’ lanak humanista ezagunaren pentsamenduan nazioak eta hizkuntzak hartzen duen lekua du aztergai.

Aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute: Agustin Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak; Sebastian Zurutuza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendariak; Lorea Agirre, Jakin Fundazioko zuzendariak; Xabier Eizagirre, Ur-jauzia bildumaren editoreak; eta, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi, liburuaren egileak.

“Nazioaren inguruko auzia beti dago presente Euskal Herrian-dio liburuaren egileak-, zuzenean edo zeharka, baina auzi hori ez da gurea eta gaurkoa bakarrik eta, alde horretatik, probetxu handikoa izan dakiguke Wilhelm von Humboldt (1767-1835) bezalako pentsalari bati erreparatzea. Autore honek ere, bere garaian eta bere testuinguruan, beharrezkoa deritzo herrien identitate kolektiboez edota ‘karaktere nazionalez’ galdetzeari, hain zuzen, humanista bezala ondo asko dakielako gizakia edota giza-banakoak ezin direla giza-taldeetatik at ulertu. Politika kontutan, bestela, Humboldtek aldi berean dihardu prusiar ‘hiritar’ eta alemaniar ‘herritar’ bezala ‒inoiz ahaztu gabe politika, propioki, bitarteko dela eta ez helburu‒ beti ere eta oro har garbi bereiziz, teorian eta praktikan, zer den estatua eta zer nazioa. Bada azken hau dela-eta, nazioa kontzeptualki ulertzerakoan, hizkuntzari erreparatu beharra azpimarratzen du ‒funtsean betikoa den ideia bati jarraituz‒ eta horren harira berdin mintzo da hizkuntzaren karaktere nazionalaz edota nazioaren zehaztapen linguistikoaz. Honetan guztian, gainera, Humboldtek oso presente du bere euskal esperientzia ‒gogoratu bera birritan, 1799an eta 1801ean, egon zela gure artean‒ eta horrek ere, jakina, haren pentsamendu orokorrarekiko gure interesa areagotzen du”.

Iñaki Zabaleta Gorrotxategi (Donostia, 1966) filosofian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta, batxilergoan irakasle aritu ondoren, Koloniako Unibertsitatean doktoratu zen. Egun UPV/EHUko Filosofia Saileko irakaslea da, eta baita Joxe Azurmendi Katedraren koordinatzailea ere. Haren arretagune nagusia, ikerketari begira, Wilhelm von Humboldt pentsalariaren obra da; horri dagokionez, argitaratu ditu jada bi liburu: ‘Wilhelm von Humboldt: hezkuntza eta hizkuntza’ (Jakin, 2005) eta ‘Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria’ (UPV/EHU, 2017).

Liburuari eta egileari buruzko iritziak

JOXE AZURMENDI: “Bi gauza dago: bat Humboldt antropologoaren interesa euskal herriez eta euskal jendeaz. Eta bestea Humboldt politiko eta diplomatiko prusiarraren begirada kritikoa Estatu modernoen antolaketaz Europan Napoleonen ondoren. Gure zorionerako bi puntuek bat egiten dute Humboldten gogoetan, berak modernitatea ulertzeko giltza bezala Euskal Herria ikusi baitu: politikoki bi Estatuk euren artean banatua, aldi berean antropologikoki Nazio bakar banatugabea. Iñaki Zabaletak ederki erakusten digu: Nazioa bakar eta Estatuen fronteren gainetik banaezina egiten duena hizkuntza da. Hein horretan Nazioa Estatutik menpegabea da, are Estatuaren kontrarioa. Monolitikoa izan gura duen Estatua bere buruarekin kontraesanean aurkitzen da; barbaroa bihurtzen da, kultura eta hizkuntza hautatua ez diren hizkuntzak eta kulturak zanpatu beharrez. Estatu moderno demokratikoa izateko Nazio izan beharra baitago, askotan, Frantzian esate baterako, Estatua bortxaz bihurtzen da Nazio. Naturala, h. d., historian zehar bildu den jendearen komunitate naturala, prepolitikoa (baina politika datorrenean harentzat oinarrizkoa), hizkuntzazko elkargoa da: bere ipuin, mito, sentiera moral eta uste erlijiosoekin. Humboldt ez da goizetik gauera heldu jakiunde honetara. Gogoeta eta esperientzia prozesu baten emaitza izan da. Iñaki Zabaletak Humboldten prozesu hori zehatz-mehatz begiratzen du; kasi Humboldten biografia intelektual bat pintatzen digu. Zorrotz, garbi, txukun. Zabaleta Gorrotxategiren Nazioa eta Hizkuntza Humboldten pentsamenduan ikerlan bikain-bikaina da. Euskaldunok Humboldti aspalditik zor genion omena”.

NEKANE BALLUERKA: “Nire ustez, Euskal Herriak horrelako lanak behar ditu. Ziztu bizian eramaten gaituen gizarte honetan joera dugu titularretan geratzeko eta titularrekin konformatzeko. Iñaki Zabaleta Gorrotxategik kontrakoa proposatzen digu liburu honetan: abiadura murriztea eta edukietan murgiltzea. Gure artean askotan erabiltzen da, adibidez, plurinazionalitatea bezalako kontzeptua. Ohikoa da ere, horrekin lotuta, aniztasun edo identitate nazional ezberdinez hitz egitea. Baina zer da edo nola ulertu behar dugu horren guztiaren oinarrian dagoen nazioa bera? Hori da Zabaletak aztertu nahi duena eta, horretarako, Humboldt bezalako pentsalari handi bati begira jartzen gaitu. Ez da lehenengo aldia: 2017an Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria argitaratu zuen. Bada horren segidan dator liburu hau. Ikuspuntu orokorrago batetik, oraingoan, nazioak eta hizkuntzak Humboldten pentsamenduan hartzen duten lekua eta pentsalariak jorratzen duen bidea aztertzen du, sakon eta zabal, eta horren guztiaren emaitza modu argi eta egituratu batean aurkezten du. Kontua da, azpimarra dezagun berriro, guk ere begirada altxatzen eta harantzago joaten laguntzen diguten horrelako lanak behar ditugula. Zerbaitegatik da Zabaleta, gainera, euskal pentsamendua garatu nahi duen Joxe Azurmendi Katedraren koordinatzailea”.

IGNAZIO AYESTARAN: “Iñaki Zabaleta Gorrotxategik ikerlan zorrotz eta sakona eskaini digu hemen, Wilhelm von Humboldt ardatz. Nahiz eta denboraren poderioz ibilbidea aldatu, pentsalari alemaniarraren ardura eta xedea mantendu ziren asmo irmoan. 1798ko saiakera estetikoan, kasu baterako, Humboldtek adierazi zuen hizkuntza gizakiaren organoa dela, eta zenbait hamarkada beranduago, 1822an, hizkuntzari arrazoimenaren instintu naturala deitu zion: hizkuntza naturaren produktua zelarik, giza arrazoimenaren naturaren produktua izan zen. Formula eder batean: hizkuntzari esker bakarrik da gizakia gizaki, baina horrek hura asmatu ahal izateko, gizakia izan behar du jada. Hizkuntza eta gizakia senez eta berez lotuta daude. Hori dela eta, hizkuntza ez da egun batetik bestera asmatzen, ezin da bat-batean sortu,eta hori dela eta, nazioarekin batera agertzen da, Humboldten iritziz. Gramatika eta hiztegia beharrezkoak dira, baina hizkuntza ez da gramatikan edo hiztegian agortzen. Hizkuntza indarra da, gizadiaren historia osatzen duena. Hizkuntza ez da obra bat (Ergon), baizik eta aktibitate bat (Energeia): ez da produktua, produkzioa baizik. Ildo horretatik, 1806ko ikerketan gogora ekarriko zuen anitz direla nazio baten bizitzari laguntzen dioten faktoreak –bizilekua, klima, erlijioa, estatu konstituzioa, ohiturak, usadioak–, baina horietatik soilik hizkuntza dela “nazioaren beraren arnasa edo arima”. Humboldt helduak herria,nazioa eta estatua bereizi zituen: lehena bizilekuari eta bizikidetzari erreferitzen zaio, bigarrena jatorriari eta hirugarrena konstituzio zibilari. Hala ere, nazio bat gizadiaren zati bat da, unibertsaltasunean pentsatzeko, sentitzeko eta jarduteko modu singular bat osatzen duena. Eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategik hemen utzi diguna guregana Humboldt hurbiltzeko lan bikaina da, baita geure burua pentsatzeko, sentitzeko, miatzeko modukoa ere”.

ALAITZ AIZPURU: ”Lehenik eskertu egin behar diogu Iñaki Zabaleta Gorrotxategiri liburu berri honetan, beste behin, garrantzitsua baina eskurazaila den Humboldten filosofia guregana ekartzeko egiten duen ahalegina. Pentsalari esanguratsu hau, gainera, ez da guretzat edozein. Gogoratu besterik ez dugu, adibidez, zenbat alditan hartzen duen Txillardegik bere luman haren funtsezko esaldi hau: “Hizkuntza da herri baten arima”. Aipatzekoa da, halaber, zein presente duen Azurmendik beti “hizkuntza eta pentsamendua” lotzen dituen haren filosofia. Esan daiteke Humboldt, nolabait, Euskal Herrian 56ko belaunaldia deitzen dugun horren oinarrian dagoela, hain zuzen, ohiko ikuskera folklorikoak gainditu, gizakia bere osotasunean kulturalki ulertu eta euskara biziaren aldeko apustua egiten duten horien oinarrian. Bada oinarri horixe da Zabaletak bere liburu honetan, Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan, sakon eta zabal aztertzen duena. Beti ere berea ez da atzera begirako irakurketa nostalgiko bat egitea, baizik eta gurea gaur ulertzen lagunduko digun bitarteko bat lantzea. Azpimarratzekoa da, gainera, nola garatzen eta harilkatzen dituen ideiak, parrafo bakoitza ideia berri bat da, eta modu horretan kontakizun eder eta ulergarri bat osatzen digu. Aurreko bere liburuetan bezalaxe, hala, idatziz ere komunikatzaile ona dela erakusten digu”.

LOREA AGIRRE: “Iñaki Zabaleta Gorrotxategiren ibilbide intelektuala estuki lotuta dago Humboldten obra eta pentsamenduaren azterketa eta hedapenarekin. Horren lekuko zuzen izan gara Jakinen ere, bai Jakin Irakurgaiak bilduman idatzi dituen hiru liburuekin –Wilhelm von Humboldt: hezkuntza eta hizkuntza (2005), ‘Paideia’ eta hizkuntza: euskal hezkuntza (2007) eta Hizkuntzaren zientziak hizkuntzaren pedagogian (2010)–, eta baita gure aldizkarian 2017an idatzitako artikulu batekin ere: ‘Humboldten euskal nazioaz’ (Jakin 219). Ildo beretik dator Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakinek elkarlanean argitaratzen dugun Ur-jauzia bilduman Zabaletak idatzi duen liburu hau ere: Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan. Lan horiek guztiek agerian uzten dute Zabaletak Humboldten pentsamendua gurera ekartzeko izan duen grina eta egin duen ahalegina. Eta argi dugu euskaldunontzat ekarpen esanguratsua dela Zabaletarena: batetik, Humboldten obrak, «ugaria, askotarikoa eta balio unibertsalekoa» izanik, itzal handia duelako antropologia, hizkuntzalaritza eta pentsamenduaren esparruetan; eta, bestetik, eta batez ere, Humboldtek, herri, nazio eta estatuaren arteko lotura eta ezberdintasunak jorratzean edo nazioaren definizioan hizkuntzari zentraltasuna ematean, euskaldunoi gako garrantzitsuak eskaintzen dizkigulako euskal nazio auziaren oraina eta geroa hobeto pentsatu eta irudikatzeko”.

PAKO SUDUPE: Ikus: https://zuzeu.eus/euskara/nazioa-eta-hizkuntza-humboldten-pentsamenduan-2023/