Zientzia zirkularra: UPV/EHUko ikertzaileak eskolara itzuli dira

0
PRUEBA

Zientzia Zirkularra ikasturte osoan zehar egiten den jarduera da, eta Europako Ikertzaileen Gauaren programan sartuta dago. Irailean izaten da, eta ekimenari atxikitako Europako unibertsitate guztietan aldi berean egiten da. Helburua da mundu osoko arazo handienetarako konponbideak planteatzea, zientzia eta teknologia herritarrengana hurbilduz. Zientzia Zirkularra egun handi horren jarraipena da, baina gazteenen ikasgeletan egiten dena.

Oraingo honetan, unibertsitatetik kanpoko ikastetxeetako ikasleek goza dezakete ezagutzaz (eta, aldi berean, ikasi), Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikertzaileen laguntzari esker. Hori guztia irailean Bilboko Areatzan egin ohi den topaketa iritsi bitartean. Topaketa horretan txoko edo stand batzuk jartzen dira, ezagutza zientifikoa modu atsegin eta entretenigarrian helarazteko herritarrei. Zientzia zirkularra gizartetik hurbilago dago, UPV/EHUko irakasleak EAEko hainbat herritako ikastetxeetara joango direlako oraingoan.

Urte honetako lehenengo topaketak egin dira Santurtziko Itxasoko Ama ikastetxean, Basauriko Kareaga Goikoan eta Gipuzkoako Zaldibarren dagoen eskola publiko bakarrean. Beste adibide batzuk dira Tolosaldeko Berrobi eta Larraul herrietako ikastetxeak. Larraulgo eskola publikoak, esate baterako, 16 ikasle ditu, 12 Lehen Hezkuntzan eta 4 Haur Hezkuntzan.

Aipatutako azken bi herrietan izan da orain dela gutxi Maite Iris García Collado, osteoarkeologoa, ikertzailea eta UPV/EHUko irakaslea. Berarentzat, dibulgazioa da bere lanaren funtsezko atal bat, eta, horregatik, zientzia beste mota bateko ikasgeletara hurbiltzeko motibazioa du: “Nire kasuan, ondare arkeologikoa eta, zehazki, aspaldiko gizarteetako gorpuzkiak aztertzen ditut, eta bereziki garrantzitsua da niretzat historia hori osatzen duten komunitateekin harremanetan egotea; izan ere, frogatuta dago gizarte batek zenbat eta hobeto ezagutu bere iragana, orduan eta gehiago arduratzen dela iragan hori gorde eta zabaltzeaz”.

Zientzia Astea, Europako Ikertzaileen Gaua edo Zientzia Zirkularra bezalako jarduerak, non haurrek parte hartzen duten, “aukera paregabeak dira guretzat, zientzialariontzat, gure lana gizartera hurbiltzeko, eta nola hartzen den ikusteko, ideia berriak jasotzeko eta bokazioak pizteko”. Gainera, García Colladok zikloan parte hartzea planteatu zenean, eskola txikien parte hartzea lehenestea erabaki zen, eskola horiek zailtasun gehiago izaten baitituzte horrelako ekimenetan parte hartzeko, askotan probintzietako hiriburuetan pilatzen direlako.

Bere solasaldian azaldu zuen zer egin behar den ondo elikatzeko, ikasiz nola jaten zen orain dela mende batzuk. Horretarako, otordu batean jandako animalien hezurrak eta fruta eta hazi hondarrak behatu zituzten, elementu horiek informazio asko ematen dutelako beste aro batzuetako jakien inguruan: «Egun aberasgarria izan zen, laborategiko egunerokotasunetik oso desberdina. Ikasgela berean hainbat mailatako ikasleak dituzten eskola txikiak ezagutzeko aukera izan nuen, eta oso interesgarria izan zen ikustea adin desberdinetako ikasleen arteko hartuemanak. Polita izan zen beren harridura aurpegiak ikustea orain dela 1400 urteko haziak atera nituenean, eta eskuetan izan zituzten Erdi Aroko hezurrek piztutako jakin mina; egin zituzten galderetako batzuk erronka handia izan ziren!”.

Larraulgo eskolako ikasleen artean, 6 urteko Alejandrok galdera bat zeukan berarentzat gordeta, UPV/EHUko ikertzaile bat eskolara joango zela jakin zuenetik: ea inoiz dinosauro hezurrik aurkitu duen, asko gustatzen baitzaizkio. 11 urteko Xubanek, berriz, eskuetan hezur batzuk zituela, esan zuen arkeologiari buruz gehiago ikastea nahiko lukeela. Jakin min handia erakutsi zuten hezurren aurrean, eta hezurretako markak eta hutsuneak behatu eta aztertu zituzten, baita hezurrak usaindu ere, jakin bazekiten arren aztarnak oso antzinakoak zirela.

Larraulgo eskolako Irantzu Egibar irakaslearen arabera, “neskamutilei izugarri gustatu zitzaien duela hainbeste urteko hezurrak, hortzak eta haziak ukitu eta esku artean erabili ahal izatea”. Inguruko basoetan animalien hezurrak ere aurkitzen dituzte: “ikastetxeko zientzia tailerrean dituzte orkatz baten burezurra eta ardi baten masailaren zati bat”. Harridura sortu zuen, baita ere, entzuteak Erdi Aroaren hasieran gozokiak egiteko eztia erabiltzen zela, azukrea ez zelako ezagutzen garai hartan. Atentzioa eman zien, halaber, hortzetan txantxarra duen urte gutxiko pertsona baten argazkiak.

García Colladok esan du solasaldian adin desberdinetako neska-mutilak egon zirela, Irantzuk lan egiten duen eskolan ulertzen baitute “aniztasuna aberastasuna dela eta, horregatik, tailerretan ez da sailkatzen adinaren arabera, modu askean egiten da lan. Saio espezifikoetan, aldiz, garapen mailaren arabera antolatzen dira ikasleak, ez adinaren arabera». Zientzia zirkularrari dagokionez, uste du “ikasleek, profesionalen bisitak hartzean, ikastetxean jasotzen dituzten ezagutzak zabaltzeko aukera dutela. Kasu gehienetan, espezialista horrek interes eta jakin min handia pizten du, eta hori oso aberasgarria da eskolarentzat”.

Zientzia Zirkularra Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak antolatzen du (Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetza), “Go for the Missions! (G9Missions)” europar  proiektuaren testuinguruan, eta mundu osoko arazo sozial handienetarako irtenbideak planteatzeko asmoz Europar Batasunak abian jarri dituen ikerketa eta berrikuntzako bost misioen arabera (Minbizia, Klima aldaketarekiko egokitzapena, Ura eta ozeanoak, Hiri adimendunak eta  klimatikoki neutroak, eta Lurzoruaren osasuna eta elikagaiak).

EAEko Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeek esteka honetan eskura dezakete informazio gehiago eta ekimenean parte hartzeko izena eman: www.ikertzaileengaua-ehu.org/programazioa-eta-gauaren-protagonistak/zientzia-zirkularra/

Edizio honetan beste udalerri hauetako ikastetxeek ere ari dira parte hartzen: Bilbo, Santurtzi, Portugalete, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Getxo, Leioa, Zamudio, Basauri, Arrigorriaga, Zalla, Sodupe, Karrantza, Balmaseda, Muxika, Ondarroa, Igorre, Durango, Iurreta, Ermua, Elorrio, Laukiz, Donostia, Getaria, Irun, Eskoriatza, Beasain, Azkoitia, Ordizia, Ormaiztegi, Berastegi eta Laudio.