BasQ-k konputazio kuantikoaren aukerak azaldu dizkie euskal enpresa eta zentro teknologikoei

0

Datorren otsailaren 26an eta 27an, BasQ–Basque Quantum-ek enpresei zuzendurik antolatutako lehen jardunaldiak hartuko ditu Bilboko Zabalguneko Eraikinak. Jardunaldi bikoitz honen helburua da datozen urteetan enpresen —sektore pribatukoen zein publikokoen— jarduteko eta balioa sortzeko modua sakonki eraldatzera deitua dagoen konputazio kuantikoak eskaintzen dituen aukerak aztertzea. Ekimen hau BasQ – Basque Quantum Estrategiaren barruan kokatzen da, Eusko Jaurlaritza buru dela, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien lankidetzarekin, eta Ikerbasque Fundazioak eta IBMk sinatutako akordioan jasotako jardueren parte da.

Astelehena, 26

Lehenengo jardunaldia enpresetako zuzendaritza ardurak dituzten profilentzat izango da (zuzendaritza nagusiak, informazio teknologien arduradunak – CIOak, teknologia-arduradunak – CTOak, berrikuntza-zuzendariak). BasQ-ren zuzendari zientifiko Javier Aizpurua irakasleak emango dio hasiera saioari. Halaber, IBMko ordezkari hauek hitzaldiak emango dituzte: Robert Loredo, Ambassador Worldwide Lead; Martin Mevissen, Senior Research Manager Adimen Artifizialerako eta Teknologia Kuantikoetarako; eta Cristina Sanz, Quantum Innovation Center-etarako Engagement Manager.

Ponentzietan konputazio kuantikoaren oinarriak eta enpresa-inguruneetan horrek izan dezakeen aplikazioa aurkeztuko dira. Hala, hainbat gai garrantzitsu jorratuko dira, erakundeek teknologia sortu berri hau uler eta balia dezaten.

Besteak beste, Konputazio Kuantikoaren oinarrizko kontzeptu batzuk aurkeztuko dira, eta konputazio klasikoaren eta kuantikoaren arteko funtsezko ezberdintasunei helduko zaie azalpenetan. Era berean, hainbat sektoretarako erabilera espezifikoen kasuak azalduko dira (logistika, finantzak, osasuna…), eta adibide praktikoak partekatuko dira enpresek gaitasun horiei etekina nola atera diezaieketen jakin dezaten negozio-arazo zehatzei heltzerakoan.

Asteartea, 27

Bigarren jardunaldia teknikoagoa izango da —garapen eta programazioko profil profesionaletara bideratuta dago— eta IBMren ordenagailu kuantikoetarako programazio eta garapen konputazionaleko tresnaren aurkezpena izango du ardatz. Tresna horrek kode irekiko SDK —Qiskit— erabiltzen du. Tresna horren erabilerari buruzko sarrera bat egingo da, bertaratutakoek zirkuitu kuantikoak sortzen, simulatzen eta hardware errealean exekutatzen ikasteko aukera izan dezaten. Gainera, dagoeneko inplementatuta dauden algoritmo kuantikoen adibideak aurkeztuko dira.

BasQ-ren helburuak / IBMrekiko aliantza

Ekitaldia Bilboko Zabalguneko Eraikinean egingo da, eta Iñigo Urkullu Lehendakariak 2023ko martxoaren 24an aurkeztutako BasQ Estrategiaren esparru orokorrean kokatzen da. BasQ-ren helburu nagusietako bat da Euskadi erreferentziazko ekosistema bihurtzea, teknologia kuantikoetan oinarritutako ekonomia bat eta enpresa eta negozio berriak abiarazteko plataforma bat sustatzeko.

BasQ-ren funtsezko elementuetako bat IBM–Euskadi Quantum Computational Center abiaraztea da. Akordio horri esker ikerketa kuantikoa bultzatu, talentu kuantikoa sortu, garapen ekonomikoa sustatu eta helburu horiek lortzeko behar den konputazio kuantikoko azpiegitura sortuko da. IBMrekiko aliantza estrategikoaren oinarria da Euskadin bikaintasun-gaitasunak daudela bikaintasun-zientziaren aldeko apustua bultzatzeko. Horrez gain, Euskadi konputazio kuantikoaren eta esperimentazio eta aplikazio industrialaren arloko prestakuntza-lurralde bihurtzea bilatzen du; horretarako, erabilera-kasuak garatuta.

IBM–Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentro honek azpiegitura konputazionala emango die Ikerbasque Fundazioko ikertzaileei eta haien bazkideei, ikertzaileei helburu horiek lortzen laguntzeko. Ikertzaileek programa kuantikoak exekutatu ahal izango dituzte arazo konplexuak esploratzeko, material berrien modelatzea eta konputazio kuantikoa jasangarritasun-ahalegin zabalagoen zati gisa nola erabil daitekeen barne. Lankidetza honen bidez eskura jarritako IBM Qiskit Runtime zerbitzuek IBM Quantum System One bat baliatuko dute, Donostiako Ikerbasque eraikinean hedatuko dena. Zentro berri honek Euskadiko garapen teknologikoa sustatzeko beste urrats bat dakar, konputazioaren horizonteak zabaltzeko.