Euskadik aurrera egin du elikagaien berrikuntzan

0

100 bat lagunek hartu dute parte Arabako Parke Teknologikoan gaur (ostirala) egin den “Elikagaien transferentzia eta berrikuntza Euskadin” topaketan. Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin batera antolatutako topaketan, Euskadin egiten den lana ezagutarazi dute elikagaien industriako adituek.

Kalitate handiko elikagai seguruak eta osasungarriak ekoiztea da elikaduraren balio-katearen erronka nagusia. Horretarako, elikagaiak ekoizteko modu berriak behar dira, eta produktu horiek seguruak, osasungarriak eta jasangarriak direla bermatu behar da. Hori ardatz hartuta, Elikagaien Transferentzia eta Berrikuntza Euskadin topaketaren helburua izan da eragileen testuingurua, joerak eta erronkak ezagutzea, bai eta ezagutza hori enpresa-ehunera transferitzea ere.

Eusko Jaurlaritzak, espezializazio adimenduneko Europako RIS3 programa aplikatuz, ekintzailetzarako interes handiko berrikuntza-eremuak lantzen ditu, hala nola target-en araberako nutrizio pertsonalizatua, zahartze osasungarria, iturri alternatibo berrien garapena edo elikadura-ekipoen robotika eta teknifikazioa.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak guztira 200 milioi euro bideratu ditu elikaduraren balio katea berritzeko. Haietatik, 6 milioi euro banakako proiektuak babesteko eman zaizkie enpresei, I+G+Brako, digitalizaziorako eta bioekonomiarako finantza-laguntzen bidez. Laguntzak modu kolektiboan ere bideratu dira, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko enpresa eta eragileen arteko dinamismoa sustatzeko lankidetza-neurri gisa.

Jardunaldiari ekiteko, ongietorria eman du Raul Perez Iratxeta Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak. Ondoren, Moonshot, aterrizando en la Tierra hitzaldia aurkeztu du Mónica Vasquez del Solar-ek. Azken urteotan Social Nest Fundazioaren inpaktua neurtzeko eta kudeatzeko estrategiaren eta sistemaren buru da Vasquez del Solar.

Gainera, Elikadura Osasungarriaren ikerketa-agenda aurkeztu da jardunaldian. Hiru erronka teknologiko edo ikerketa-erronka nagusi ditu agenda horrek: osagai eta elikagai seguruak; osagai eta iturri berriak; eta nutrizio pertsonalizatua. Eta gai horietan adituak diren pertsonek esku hartu dute. Dokumentu hori aliantzako zentro hauek sortu dute: Azti, Neiker, Tekniker, Gaiker, Tecnalia, Leartiker, Vicomtech, CIC biomaGUNE, Ceit eta CIC nanoGUNE.

Bestalde, aliantzako zentroetako adituek ezagutzera eman dituzte esparru hauetan garatzen duten ikerketa eta teknologia: elikagaien segurtasunean erreferente izateko tresnen bilaketa, elikagai seguruak eta osasungarriak bermatze aldera; osasuna elikagai bati balio erantsia emateko atributu eztabaidaezin gisa hartzea; edo elikadura osasungarri pertsonalizaturako ohiturak hartzea erraztuko duten estrategien bilaketa.

Unibertsitateek eta Euskadiko elikagaien balio-kateko enpresek (UPV/EHU eta BCC Innovation) garatutako proiektuak ere aurkeztu dira. Proiektu horiek eredu izango dira Euskadin berrikuntza eta ekimena sustatzeko.

Jardunaldiaren amaieran, Jon Kepa Gerrikagoitia BRTAko Zientzia eta Teknologia arduradunak moderatutako mahai-inguru bat egin da. Bertan, euskal enpresa txiki eta ertainetan elikagaien transferentzia eta berrikuntza nola inplementatu eztabaidatu da, eta zentroen eta enpresen zenbait kasu arrakastatsu azaldu dira.

Bertaratu diren guztiek adierazi dutenez, «elikadura osasungarria eta jasangarria bermatzeko, elikatze-kate osoak inplikatu behar du. Elikatze-kateko eragileen arteko lankidetza funtsezko faktorea da».

BRTA

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) 2019an sortu zen, eta haren kide diren zentroen helburua da ikerketan eta teknologian oinarritutako ezagutza euskal industriara eta enpresetara transferitzea, era horretan lurraldeko ekonomia indartzeko. Ikerketa kooperatiboko 4 zentrok eta 13 zentro teknologikok osatzen dute aliantza: CIC bioGUNE, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicomtech.