Lehendakariak gaur goizean bioGUNEko Erresonantzia Magnetiko Nuklearreko (EMN) instalazio berria inauguratu du. Ekitaldi honek bat egin du Bizkaiko Parke Teknologikoan, Derion, kokatuta dagoen ikerketa zentro honen hemeretzigarren urteurrenarekin. Arantxa Tapia sailburuaren eta beste agintari batzuen laguntzarekin, Iñigo Urkulluk instalazio berriak zeharkatu ditu, eta arduradunen euren eskutik ezagutu ahal izan du Erresonantzia Magnetiko Nuklearreko plataforma berria, zeinak medikuntza pertsonalizatua eta doitasun-medikuntza bideratzeko ahalmena baitu.
Bere agerraldian, Lehendakariak lankidetza publiko-pribatuko euskal eredua nabarmendu du, izan ere, eredu horrek, bere ahotan, bioGUNE “nazioartean ospea duen ikerketa zentrotzat hartzea” ahalbidetu du, zentzu horretan, ikerketan eta garapenean inbertsio publikoa handitzen eta indartzen jarraitzearen alde mintzatu da.
Iñigo Urkulluk gogorarazi duenez, berrikuntzan 1.800 milioi euro inbertitzera iristea erdietsi da, eta, horri esker, gaur egun, Europako Berrikuntzaren Panelean, “berritzaile indartsuen” taldean kokatuta dago Euskadi.
“Duela hamar urte ezarri genuen helburua lortu dugu: Berrikuntzan, Europako bataz bestekoaren gainetik gaude”- adierazi du.