Etxebizitza Sailak eta Ermuko Udalak alokairuko 80 zuzkidura-bizitokiren eraikuntza bultzatuko dute

0

Ermuko alkate Juan Carlos Abascalek eta Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik Eusko Jaurlaritzak Betiondon (udalerriaren iparraldean) eraikiko dituen alokairuko zuzkidura-bizitokien sustapen berria aurkeztu dute gaur, astelehena. Guztira, errentamendu-erregimeneko 80 apartamentu izango dira, bi partzela mugakidetan banatuak.

Zuzkidura-bizitokiak beren ezaugarriengatik eta aldi baterako direlako –gehienez ere bost urtez bizi daiteke bertan, gehienez ere esleipendunaren diru-sarreren % 30ekoa izango den hileko kanon bat ordaintzearen truke– etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten kolektiboen beharrei erantzuten dieten apartamentuak dira. Kolektibo horien artean, gazteena lehentasunezko bat da.

Ermuko Udalak bi partzela lagako ditu doan (bat 1.990,52 m2-koa eta 1.961,09 m2-koa), lurpeko bi solairu, beheko solairua eta goiko hiru solairu izango dituzten bi eraikin eraikitzeko. Bestalde, Etxebizitza Sailak proiektuak idatziko ditu eta obra-zuzendaritzaz eta eraikinak zein inguruneko urbanizazioa egikaritzeaz arduratuko da. Aurreikusitakoaren arabera, eraikuntza bi fasetan egingo da, eta inbertsioa 10 milioi eurokoa izango da gutxienez.

Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik azaldu duenez, “sustapen hori bereziki baliagarria izango da gazteen emantzipazio-prozesuan laguntzeko, eta nabarmen handituko du alokairu-erregimeneko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien parke publikoa Ermuan. Gainera, Ermuko herritarrak konprometituta daude arrazoizko alokairuen merkatu bat sortzeko, Bizigune programaren barruan beren etxebizitzak laga dituzten partikular asko baititugu”. Zehazki, Etxebizitza Sailak alokairuko 57 etxebizitza publiko ditu Ermuan gaur egun, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzari beren etxebizitzak hileko kanon baten truke beste pertsona batzuentzat arrazoizko alokairuan jartzeko laga dizkioten 125 jabe daude. Horrez gain, gazteei alokairu libreko errenta ordaintzen laguntzeko, Gaztelagun programak Ermuko 52 pertsonari lagundu die abian jarri zenetik.

Ermuko alkate Juan Carlos Abascalek erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, eta honako hau azpimarratu du: “kolektiborik kalteberenek edo zailtasunik handienak dituztenek etxebizitza –hain beharrezkoa den ondasuna– eskuratu ahal izateko akordio horiek duten garrantzia. Gainera, gure udalerriko lurzoruaren urritasunak areagotu egiten du arazoa. Horregatik, are garrantzitsuagoa da bi erakundeen gizarte-funtzioa. Zuzkidura-apartamentu horiek gazteei zuzenduta daude, eta, horien bidez, etxebizitza eskuratzeko arazorik handienak dituzten kolektiboetako bati lagundu nahi zaio. Apartamentu horiekin, handiagoak izango dira, zalantzarik gabe, bizi-proiektu berri bati ekiteko aukerak gazteentzat”.