Euskal diasporako euskara irakaslegaiei harrera egin die Etxepare Euskal Institutuak

0

Euskal diasporan euskara irakasle arituko diren 16 lagun bildu dira gaur goizean Etxepare Euskal Institutuan, Donostian. Argentina, Txile eta Uruguaitik etorrita, Lazkaoko Maizpide euskaltegi barnetegian egon dira zortzi astez euskara gaitasunak indartzen Institutuaren Euskara Munduan programaren barruan. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Irene Larraza Etxepareko zuzendariak egin diete harrera, eta haiekin hitz egiteko aukera izan dute.

Taldea 2020an hasi zen zerotik euskara ikasten, eta lehen aldiz testuinguru euskaldunean murgilduta egingo duten ikastaro trinkoa amaitu eta gero, euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean. Lau urte hauetan online prestakuntza eta aurrez-aurrekoa tartekatu dituzte. Ikasleek urtero 34 astez beren kabuz ikasi dute HABEren Ikasten online plataformaren bidez, eta urtean bitan astebeteko barnetegiak egin dituzte. Talde honen kasuan, gainera, pandemia tarteko, horietako hiru barnetegi (2020ko uztaila eta 2021eko urtarrila eta uztailekoak) online egin behar izan zituzten. Datorren uztailean Buenos Airesen egiaztagintza azterketak egingo dituzte B1, B2 edo C1 mailak eskuratzeko.

María Noel Abella (Montevideo, Uruguai): “Euskararen bidez, gure arbasoek mundua ikusteko zuten modua ulertzen dut orain. Opari bat izan da. Gure amari berak fonetikoki errepikatzen zituen hitzen esanahia kontatu ahal izan nion”.

Irma Angélica Biscaychipy (Bahía Blanca, Argentina): “Gure aiton-amonak Iparraldekoak ziren. Aitonak euskara berreskuratu zuen hil baino lehen. Oroipen hori nirekin daramat, eta horrek animatu ninduen euskara ikastera”.

Euskara Munduan

Euskara Munduan programaren bidez Etxepare Euskal Institutuak euskal etxeetan euskara irakatsiko duten tokian-tokiko pertsonak trebatzen ditu, komunitate horietan euskararen transmisioa galdu ez dadin. Programak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskaraz egitasmoan du jatorria. Urte batzuk beranduago programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordudanik Euskara Munduan du izena. 2018az geroztik Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen du eta, honen bidez, munduko euskal etxeetan ematen diren euskara eskolak diruz lagundu, euskal etxeak euskara eskolak emateko materialez hornitu, euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatu eta euskara irakasleen trebakuntza sustatzen dira, izan ere, giza baliabideei dagokionez, euskal etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu behar izaten baitute. Ehundik gora dira programa abiatu zenetik trebatu diren irakasleak eta horietatik 35ek euskara klaseak ematen dihardute.