Osakidetzak Sondikako osasun-zentro berrirako lehen urratsak egin ditu

0
PRUEBA

Osakidetzak eta Sondikako Udalak aurrera egin dute osasun-zentro berriaren proiektuan. Osasun-zentro horri esker, laguntza anbulatorioa emateko eremua eta zerbitzu-zorroa handituko dira eta Bizkaiko udalerri horretako pazienteei ematen zaien arreta hobetuko da.

Hain zuzen ere, Naia Landa Sondikako alkateak eta Néstor Arana Osakidetzako Ekonomia eta Finantzako zuzendariak bilera egin dute proiektu estrategiko horretan lehen urratsak egiteko. Topaketaren ondoren, osasun-zentroa kokatuko den espazioa bisitatu dute —Lehendakari Agirre kalean—, kokalekua eta ezaugarriak bertatik bertara ezagutzeko.

Osakidetzak 4 milioi euro inguruko inbertsioa zenbatesten du zentro hori handitzeko, eta proiektuaren idazketa udaberrian lizitatzea aurreikusten du; beraz, aurreikuspenen arabera, datorren urtean hasiko dira obrak.

ASISTENTZIA-AHALMENA HANDITZEA

Azpiegitura horren eraikuntzak Sondikako biztanle kopuruak azken hamarkadetan izan duen hazkundeari erantzungo dio. Egungo osasun-zentroa 1993an inauguratu zenetik, udalerriko biztanleen kopurua % 33 handitu da, eta gaur egun 4.506 biztanle dira.

Errealitate horri aurre egiteko, Osakidetzak osasun-zentro hori handituko du, Udalak osasun-zentroari erantsitako 1.100 metro koadro inguruko lursaila lagatzeari esker. Horrela, osasun-zentroak edukiera handiagoa izango du, eta, etorkizunean, zerbitzu gehiago hartu ahal izango ditu, Osakidetzak udalerrian gaur egun ematen dituenez gain.

OSASUN-ZENTRO BERRIAREN EZAUGARRIAK

Etorkizuneko osasun-zentroak ia 1.800 m² eraiki izango ditu, eta Sondikako Lehendakari Agirre kaleko 41. zenbakian kokatuko da, gaur egun kontsultategia dagoen tokian bertan.

Harrera-gune bat, familiako medikuntza eta erizaintzako kontsultetarako 12 gela, pediatriako medikuntza eta erizaintzako 4 kontsulta, emaginarentzako kontsulta bat, fisioterapia-espezialitaterako beste kontsulta bat, gimnasio bat, bularra emateko gela, larrialdi-gela, eta balio anitzeko 2 kontsulta, odola ateratzeko proba osagarriak egiteko, eta abar. Osakidetzako profesionalentzako eremu esklusiboa ere izango du —langileentzako egongela, aldagelak, biltegia eta instalazio-gela—.

Sondikako osasun-zentro berriaren eraikuntza Osasun Sailak eta Osakidetzak kalitate goreneko osasun-sistema publiko unibertsalaren alde egindako apustu irmoaren barruan kokatzen da, eta Lehen Mailako Arreta indartzeko helburuari erantzuten dio, osasun-asistentzia gero eta hurbilago egon dadin Euskal Autonomia Erkidegoko auzo, herri eta hiri bakoitzetik.