Bi milioi pertsonak hautatuko dituzte apirilaren 21ean, XIII. euskal Legealdiko Legebiltzarrerako euren ordezkariak

0

18 urtetik gorako ia bi milioi euskal herritar datorren apirilaren 21ean, igandean, botoa emateko oinarrizko eskubidea erabiltzeko prestatzen ari dira. Datozen 4 urteotan Eusko Legebiltzarreko 75 eserlekuak beteko dituzten euren ordezkari politikoak hautatuko dituzte. Eusko Legebiltzarra osatzeko Osoko Bilkura egiten denean, XIII. Legealdia izango dena hasiko da. Hautesle-erroldako zenbakiak lurraldez lurralde banakatuta, ikus daiteke:

  • Bizkaian, biztanle gehien dituen lurralde historikoan, 900.000 hautesle inguru deituko dituztela bozkatzera.
  • Gipuzkoak, bestalde, 555.000 hautesle inguru izango ditu.
  • Araban, 253.000 inguru izango dira botoa emateko eskubidea erabiliko dutenak.

Datorren apirilaren 21ean Euskadin botoa emateko eskubidea izango duten ia bi milioi pertsona horietatik, 83.000 Euskaditik kanpora bizi dira.

Hauteskunde-prozesuaren urratsak

Gaur hasiko den hauteskunde-prozesuak 54 egun iraungo du, eta denbora horretan emango diren urratsen artetik hauek nabarmentzen dira:

  • Otsailaren 28tik martxoaren 06ra bitartean, alderdi politikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen aurrean ordezkatuko dituzten pertsonak izendatuko dituzte. Koalizioen kasuan, otsailaren 28tik martxoaren 08ra bitartean egingo dute.
  • Martxoaren 13tik 21era bitartean, alderdi politikoek apirilaren 21eko hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagai-zerrendak aurkeztuko dituzte Hauteskunde Batzordearen aurrean. Hautagai-zerrenda horiek martxoaren 25ean aldarrikatuko dira EHAAn.
  • Otsailaren 28tik martxoaren 8era, udalek funtsezko zeregina izango dute hauteskunde-propagandarako eta, kanpaina hasten denean, kanpainako ekitaldietarako lekuak izendatzean. Plangintza horrek hautagai-zerrenda guztientzat agertoki ordenatu eta irisgarria bermatzen laguntzen du, modu horretan hauteskunde-prozesu gardena eta demokratikoa sustatuz. Gaur, hauteskunde deialdi ofiziala egiten den egunean, eta kanpaina ofizialki hasi arte, debeku da hauteskunde propaganda egitea kartelen, merkataritzako euskarrien eta komunikabideen bidez.
  • Gaurtik aurrera, eta apirilaren 11ra arte, Euskadin, Estatuan edo aldi batez atzerrian bizi diren pertsonek, posta bidezko botoa eskatu ahal izango dute.
  • Atzerrian modu iraunkorrean bizi diren pertsonek martxoaren 16tik aurrera jasoko dute botoa eman ahal izateko dokumentazioa. Atzerrian bizi diren pertsonen hautesle-errolda (CERA) nabarmen handitu da. Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetan, atzerrian bizi zirenen hautesle-erroldan 75.998 pertsona zeuden, eta apirilaren 21eko hauteskundeetarako 83.000 inguru izango dira, hau da, 7.000 boto-emaile gehiago, %10eko igoera.
  • Gaurtik aurrera, eta apirilaren 11ra arte, % 30etik gorako ikusteko desgaitasuna duten pertsonek braillen bozkatzeko aukera eskatu ahal izango diote Jaurlaritzari. Eta, gainera, dibertsitate funtzionala, edozein eratakoa, duen edozein pertsonak bere eskubideak gainerako herritarren baldintza berberetan erabili ahal izatea errazteko eta ahalbidetzeko, Eusko Jaurlaritzak, lehenengo aldiz, neurri inklusibo espezifikoak jarriko ditu abian bozketa-egunaren aurretik eta bozketa-egunean zehar.
  • Hautesle-errolda martxoaren 4tik aurrera egongo da ikusgai udaletxe eta kontsuletxeetan, eta egun horretatik aurrera egin ahal izango dira balizko erreklamazioak. Errolda erakusteko eta erreklamazioak egiteko azken eguna martxoaren 11 izango da.
  • Hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketak martxoaren 23tik 27ra bitartean egingo dira. Izendapenak martxoaren 24tik 30era bitartean jakinaraziko dira. 2020ko azken hauteskundeetan 8.000 inguru izan ziren hauteskunde-mahaiak osatu zituzten herritarrak, eta horiei hauteskundeak behar bezala egitea ahalbidetu zuten beste 16.000 ordezko gehitu zitzaizkien.
  • Hauteskunde-kanpaina apirilaren 5eko 00:00etan hasiko da eta apirilaren 19ko 24:00etan amaituko da.
  • Hauteskunde-eguna igarotzen denean, Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeek zenbaketa orokorra legeak ezarritako ondorengo egunetan egingo dute, eta kargu hautetsiak beranduenera jota maiatzaren 8an aldarrikatzea aurreikusten da.
  • Errekurtsoak jartzeko epe guztiak amaitu ondoren, emaitzak behin betiko argitaratuko dira EHAAn, eta hori maiatzaren 11tik 17ra bitartean izango da.
  • Legebiltzarra osatzeko Osoko Bilkura egiten denean emango zaio hasiera XIII. Legealdiari.

Herritarrei informazioa ematea

Eusko Jaurlaritzaren euskadi.eus webgunean kontsultatu eta lortu ahal izango dute herritarrek Eusko Legebiltzarra berritzeko abian jarri den hauteskunde-prozesuaren alderdi guztiei buruzko informazio zabala eta zehatza. Era berean, eta aurrekoetan bezala, herritarrek 012 telefono-zenbakira ere jo ahal izango dute hauteskunde-prozesuarekin lotutako edozein zalantza argitzeko.

Bestalde, Hauteskunde Batzordeak arduratuko dira hauteskunde-prozesua gainbegiratzeaz.  Hauteskunde Batzorde horiek barne hartzen dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordea, lurralde historikoetakoak eta eskualdekoak, guztiak ere hauteskundeen gardentasuna eta zilegitasuna bermatzeko konpromisoa dutenak.