Eusko Jaurlaritzak 545 enpresa aintzatetsi ditu, Euskadi erreferentziazko helmuga gastronomiko gisa sustatzeko egindako ekarpenagatik

0

FICOBAn egin da Euskadi Gastronomika FESTA, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia sozietate publikoaren bitartez, Euskadi Gastronomika sarea osatzen duten 545 enpresak aintzatesteko antolatu duen lehen topaketa, Euskadi erreferentziazko helmuga turistiko gisa sustatzen laguntzeagatik.

Lehen edizio honetan aitortutako enpresa guztietatik 160 Arabakoak dira, 147 Bizkaikoak eta 238 Gipuzkoakoak. Tipologiaren arabera, 309 jatetxe-arlokoak dira, 147 industria bisitagarri, 47 denda, jardueren eta esperientzien 19 hornitzaile, 12 museo eta interpretazio-zentro, 8 agentzia eta 3 gida.

Euskadi Gastronomika Euskadiko produktu turistiko gastronomikoa sortzeko eta garatzeko proiektu gisa hasi zen, baina garatu egin da balioak eta benetako euskal kultura gastronomikoan oinarritutako lan-filosofia partekatzen duten eragileen sare bihurtzeko. Bilakaera horretan, turismo-helmugen plangintza eta kudeaketa indartu da, sektorearen profesionalizazioa bultzatu da, turismo-eskaintza hobetu da eta gastronomia sustatu da Euskadi sustatzeko zutabeetako bat izan dadin.

Ekitaldian, anfitrioi gisa, Basquetourreko zuzendari Daniel Solanak parte hartu du. Balio eta printzipio horiek gogoratu ditu, eta eskerrak eman dizkie Euskadi Gastronomikako kide diren profesional guztiei, bai eta sareak bultzatzen dituen balioak zabaltzeko hartu duten konpromisoagatik ere, hala nola hurbileko produktuen aldeko apustua eta turistari euskal kultura gastronomikoan murgiltzea ahalbidetzen dioten jarduera gastronomikoen eskaintza askotarikoa eta benetakoa. Iaz aurkeztutako Euskadi Gastronomikaren Balioen Kartak jasotzen ditu balio horiek, eta ostiralean, Bartzelonan, katalogo onenaren diseinu grafikoko “Anuaria de oro” estatu mailako saria jaso zuen.

Solanak «Euskadi Gastronomika» familiaren parte izateak dakartzan onurak nabarmendu nahi izan ditu, besteak beste, prestakuntzak lehiakortasuna hobetzeko funtsezko tresna gisa, ez bakarrik enpresena, baita helmugarena ere, eta, horrela, bisitatzen gaituztenen artean Euskadiren ospea hobetzea. Ahalegin hori «IRON» (Online Erreputazioaren Indizea) azterlanak erakusten duen bezala saritu da. Azterlan horrek, 2023an, 8,71ko balorazio-datua eman du 10etik, urtean zehar erabiltzaileen 83.000 iritzitik gora jaso ondoren, atxikitako 700 baliabideri baino gehiagori dagokienez. Gaineratu duenez, «zifra horiek, 2022an lortutakoetatik gora egoteaz gain, berretsi egiten dute urtaroen araberako turismo-produkturik desestazionalizatzaileenetako bat dela, udako hiletatik kanpo jarduera handia mantentzen duelako; gainera, urtero atzerriko turisten iritzi-bolumenak gora egin du».

Azkenik, Basquetourreko zuzendariak aurreratu du datorren urtean Euskadi Gastronomikako sarien lehen banaketa egiteko asmoa dagoela. Horren helburua da enpresen lana eta helmugak balioestea, gastronomiaren inguruan bisitariei zuzendutako jarduerak edo esperientziak sortzeko. Horregatik, aurrerapen gisa eta esperientzia berrien sorrera sustatu eta bultzatzeko, esperientzia turistiko-gastronomiko berri bat saritu da gaurko ekitaldian, bi helmuga desberdinetako bi erakunderen arteko lankidetza ekarri duena, hala nola Gesaltza Añanako Gatz Harana Fundazioa eta sagardoaren lurraldeko Sagardoa Route, ikus-entzunezko materialaren eta material grafikoaren ekoizpenarekin, esperientzia sustatzeko eta merkaturatzean laguntzeko.

Basquetourreko zuzendaria ezeze, Euskadi Gastronomika FESTAk beste agintari batzuk izan ditu, hala nola, Irungo alkateorde eta Bidasoa activa erakundeko presidente Miguel Ángel Páez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Iñigo García, Gasteizko Turismo zinegotzi Maria Nanclares, Ibai Iriarte eta Rebeka Ubera legebiltzarkideak, eta Bidasoa activako zuzendari Eva Fernández.

Aintzatetsitako enpresek ere paper garrantzitsua izan dute gaurko ekitaldian, horietako 3ren ordezkarien bitartez: Iñigo Lavado, Irungo «Lavado» jatetxeko sukaldaria; Lara Ibiricu, Donostiako «Mimo Bite The Experencie” enpresakoa; eta Sonia Fuentes, Gasteizko «Gastrogune» jatetxekoa, hain zuzen ere. Horiek Euskadi Gastronomikan duten esperientzia kontatu dute, eta enpresa gisa, sareko kide izatea eta beren balioak lantzea dakarkiena azaldu dute. Sonia Barrondo Gorbeia Bizkaia turismoko teknikariak ere hitzegin du, enpresak kokatzen diren helmugetako teknikari guztien ordezkari gisa, proiektuaren martxa onerako hain garrantzitsua den sareko lanaren funtsezko zati gisa.

Iñigo Lavado sukaldariak, gainera, 250 lagun baino gehiago bildu dituen ekitaldiaren menua egin du, zuzeneko showcooking batekin, 18 urteko bere alaba Mariarekin batera; “4 eskuzko” bat, belaunaldi-erreleboa azalaratzeko eta balioesteko. Lavadoren proposamenarekin batera, gure produktu izarretako batzuen erakusketa gastronomikoa egin da, “Jakitea”, Euskal sukaldaritza tradizionala sustatzeko elkartearen laguntzarekin.

Halaber, gaueko protagonistek beraien esperientzia azaldu ahal izan dute Ficoban egon den Aitor Buendíaren eskuetik, EITBko “Ruta Slow” saioan.