Pertsona migratzaileen errealitatea lau fotokazetariren irudien bidez erakusten digun erakusketa. Formatu handiko 46 irudiz osatuta dago eta martxoaren 5etik apirilaren 7ra arte ikusi ahal izango da Donostiako Bulebarrean.
Bidasoako muga zeharkatzeko migratzaileek egiten duten ibilbidea erakutsi nahi du erakusketak, eta errealitate hori testuinguruan jarri. Proiektuaren sustatzaileen lanez gain, erakusketan Mikel Oibarren (Bilbo, 1987) eta Santi Donaireren (Jaén, 1988) lanak ikus daitezke.
U formako sei egitura ditu erakusketak, bakoitza bi metro zabal eta metro bat eta laurogei metro garai diren hiru argazki olanez osatuak. Egitura bakoitzak errealitate bati erreparatzen dio, hurbilagokoa edo urrunagokoa, gure mugan hartutako irudiak erakusten baititu, baina baita Melillan (Espainia), Lesbosen (Grezia), Zarzisen (Tunis), Angersen (Frantzia), Biella eta Pozallon (Italia) edo Mediterraneoan ere. Irudien artean, hain zuzen, 2019ko azaroan Aita Marik egindako lehen erreskate-operaziokoak daude.
Bisita gidatuak:
Gari garaialdek y Javi Juliok bisita gidatuak eskeiniko dituzte eta beharrezkoa izango da izena ematea hemen:
http://bostokphoto.com/eu/ihesa/
Egileek uste dute ezinbestekoa dela gure garaiko drama hau hurbiltzea eta kontatzea: “Pertsona bakoitza ihes egitera behartzen edo bultzatzen duten arrazoiak gorabehera, inork ez du merezi hiltzea bizitza hobea izan nahi duelako. Zilegi balitz ihes egitea, erakusketaren izenburuak dioen bezala, hori ez litzateke gertatuko”.
ERAKUSKETA ( + Info )
Argazkiak euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko testuekin eta mapekin tartekatzen dira, beti ere, gizaki gisa interpelatzen gaituen drama batera hurbiltzeko asmoz. Egunero-egunero iristen dira gurera. Etengabe. Ihesi datoz, gerratik, jazarpenetik edo miseriatik, beti norabide berean, hegoaldetik iparraldera, bizimodu hobe baten bila, baina zeharkaldian oztopoak baino ez dituzte aurkitzen: harresiak, hesiak, mugak, kontrolak, miaketak, atxiloketak, deportazioak…
Berlingo Harresia erori zenean, 1989ko azaroaren 9an, hamabost harresi zeuden mundu osoan. Gaur egun ia bost aldiz gehiago dira. Hala, egitura bakoitzak harresi bat irudikatzen du. Bigarrena, ‘Bidasoako harresia’, errealitate gertuenari buruzkoa da, ikusi nahi ez dugun baina hemen dugun errealitate bati buruzkoa. Hirugarren moduluak mugen esternalizazioa jartzen du agerian, izan ere, Melillako egoera jasotzen du: ‘Hegoaldeko harresiak’. Laugarren egiturak, ‘Itsasoa harresi gisa’ izenekoak, Mediterraneoko egoera erakusten digu; Mare Nostrum-ean 28.000 pertsona baino gehiago hil direla kalkulatzen da. ‘Lurra harresi moduan’ moduluak, bosgarrenak, Greziako uharteetako errealitatea hurbiltzen digu; han 30.000 eta 40.000 errefuxiatu artean daude harrapatuta.
Azken moduluak, ‘Hormak, mapak eta bizitzak’ izenekoak, Saharaz hegoaldeko lau pertsonaren odisea erakusten du, jatorrizko herrialdeetatik kontinentera iristeko egin duten milaka kilometroko ibilbidea, alegia. Erakusketari izenburua ematen dion Xabier Leteren poemarekin amaitzen da erakusketa: Ihesa zilegi balitz. Mikel Laboak kanta bihurtu zuenean mitiko bihurtu zen olerkia.
Garaialdek eta Juliok gizarte gaiekin eta giza eskubideekin konprometituta daude. Biek ala biek ibilbide luzea egin dute argazkilari gisa, eta orain proiektu hau gauzatzeko elkartu dira. Susana Fernández (Irun, 1983) arduratu da erakusketaren diseinuaz, eta testuak, berriz, Kristina Berasain kazetariak idatzi ditu (Lizarra, 1973).
Donostiako Udaleko Lankidetza Sailaren laguntza du erakusketak, hala nola, proiektua sustatu duten bi argazkilarien agentziak ere: Bostok Photo eta Nervio. Proiektuak hainbat laguntzaile ere izan ditu: Orona Fundazioa, Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkartea eta Izarkom.