Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroak datako egunean egin duen saioan, Iñigo Urrutia Aldezleak urteko txostena aurkeztu du, eta erakunde horrek egindako lanaren ildo garrantzitsuenak azaldu ditu. Aldezlearen eginkizuna da euskal unibertsitate publikoko kide guztien eskubideak babestea (ikasleenak, irakasleenak eta administrazio eta zerbitzuetako langileenak).
2023an, 147 pertsonak jo dute Aldezlearen bulegora eta 149 aztergai planteatu dituzte guztira (kontsultak, kexak eta bitartekaritza eskaerak). Orotara, UPV/EHUren Aldezlearen zerbitzua martxan jarri zenetik, 1.474 pertsona igaro dira bulegotik eta 1.692 kasu eta 105 kontakizun planteatu dituzte.
Aldezlearengana jo duten 147 pertsonen artetik, 89 emakumeak ziren eta 58 gizonak. Emakumeek planteatu dituzte 88 aztergai eta gizonek 61. Aipatutako 149 aztergaietatik, 45 euskaraz planteatu dira; 104, gaztelaniaz.2023an tramitatutako kasuen % 30,2 euskaraz planteatu eta ebatzi dira; hots, aurreko bi urteetako datua eta aztertutako aldiari dagokion batez bestekoa gainditzen dituen ehunekoa. 2014tik aldezlearengana jo duten pertsonen % 27,5 euskaraz aritu dira.
Kolektiboen arabera, 2023an ikasleek 53 aztergai planteatu dituzte, irakasle-ikertzaileek 51, TEKAZELeko langileek 18 eta unibertsitatekoak ez diren pertsonek 27 («Beste batzuk” kategoria).
2023ko aztergaien banaketa azken urteetako banaketaren oso antzekoa da. Bilakaeraren grafikoan, 2019ra arte ikusten da behera egiten duela pixkanaka kexen kopuruak, eta gora, aldiz, kontsulta gisa planteatutako gai kopuruak. Urte horretatik aurrera, mantendu egin da bulegoan aurkeztutako aztergaien banaketa: iristen diren aztergaien % 25 gutxi gorabehera kexak dira; gainerakoak, kontsultak edo bitartekaritza eskaerak.
Kontsulta oso baliabide egokia da kasu gehienen tratamendua bideratzeko. Prozedura azkar bat da, eta bizkor aztertu, ikertu eta kontrastatzen da gaia, konponbide egoki bat emateko planteatzen zaigun aztergaiari. Aldiz, kexaren prozedura burokratizatuago dago, eta fase dokumental landuagoak behar dituzten egoeretarako uzten da.
Ikasleek planteatutako aztergaiei dagozkien gaiak. honako hauek izan dira gehien aipatutako gaiak: 1) Ikaskuntzaren ebaluazioa: 2023an, gai honi loturiko ikasleen 20 aztergai jaso dira. 4 kexa eta 16 kontsulta. 3 kexatan aipatu dira irregulartasunak irakasgai baten ebaluazioan, proposatutako azterketaren egokitzapen falta, galdera anbiguoak edo zuzentasunik eza letra irakurtezina izateagatik. 2) Matrikula: Epigrafe honetan bildutako eskaerak dagozkie graduko edo graduondoko irakasgaiak matrikulatzearen administrazio kudeaketari buruzko kexei edo kontsultei. 2023an, ikasleen, edo haien ordezkarien, 4 kexa jaso dira irakaslerik ez izateagatik euskaraz edo ingelesez eman beharreko irakasgaietan.
Irakasle-ikertzaileen kolektiboan gai errepikatuenak dira sailetan plazak eskuratzea edo sustatzea, eta saileko kideen arteko bizikidetza arazoak. Irakasle-ikertzaileen beste gai batzuk dira irakaskuntza eta irakats karga esleitzea, ikasleen ebaluazioan izandako gorabeherak, ekipoen edo aplikazio informatikoen funtzionamendu arazoak eta irakaskuntza arazoak.
TEKAZELeko langileei dagokienez, gehien errepikatzen dien gaiak dira lanpostuko lan baldintzak, langileentzako gizarte arretak eta erretirora igarotzeko neurriak.
Bulegora iritsi diren 149 aztergaien artetik, 106 kontsultek erantzun egokia izan dute. 39 kexei dagokienez, 10 ez dira onartu: 9 kexa ohiko prozedura ez agortzeagatik (ez ziren presazkoak), eta kexa bat, administrazio ebazpenaren zain egoteagatik. 29 kexa onartu dira (jasotakoen % 74,4). Horietatik, 15 ezetsi dira, xehetasunez aztertu ondoren, Zuzenbideak kexaren xedea babesten ez duela kontsideratu delako. Beraz, baietzi dira onartutako kexetatik 12tan (onartutakoen % 41,4). Kexen jomuga ziren pertsonen edo organoengandik jasotako erantzuna ona izan da beti.
Aldezlearen hitzetan, unibertsitateak kolektibo ahulenen eskubideekiko konpromisoan aurrera egiten jarraitu behar du, askatasunerako gune bat osatuz, ikuspegi kultural desberdinen arteko eztabaidarako gunea, hierarkiarik gabea, unibertsitate hau osatzen duen kolektibo osoaren garapen pertsonala, akademikoa eta profesionala bultzatuz. Daukagun onena zaindu behar dugu: pertsonak. Eta argi izan behar dugu zerbitzu publiko garrantzitsua ematen diogula gizarteari. UPV/EHUk giza eta finantza baliabide egokiak eta nahikoak izan behar ditu. Unibertsitate autonomiak ezin du galdu indarrik finantza baliabideak urriak izateagatik, eta horrek ahalegin eta inbertsio handiagoa egitea eskatzen die administrazioei, unibertsitateak aurrera egingo duela bermatu ahal izateko. 2023. urtean aurrerapauso handiak egin dira garrantzi handiko arau erreformen ondorioz; horrela, UPV/EHUko ikasleei aplikagarria zaien Diziplina Prozeduraren Arautegia onartu dugu. Prozedura horrek arautzen du zehapenen ordezko neurrien eta neurri osagarrien araubidea, zigorretik zehapenaren helburu hezigarrira joanez. Zorionez, UPV/EHUn utzi diogu 1954. urteko Diziplina Akademikoaren Arautegia aplikatzeari, erregimen faxista betean onartutako arautegia, polizia estatu bati zegokiona. Arautegi horrek diziplina zigorrak ezartzen zituen halakoak gertatzen zirenerako, besteak beste: ‘agintari akademikoei men ez egitea’, ‘erlijio eta moral katolikoaren aurkako adierazpenak’, ‘manifestazio kolektiboak eragin edo bultzatzea’, eta “berba edo ekintza zantarrak’; eta benetan zen zaila uztartzea arautegi hori oinarrizko eskubideekin eta gizarte demokratiko baten balioekin.
Klaustron aukeraketak
Bestalde, gaur egindako Klaustroan hainbat unibertsitate-organo berritu dira. Zehazki, Gobernu Kontseiluko, Klaustroko Estatutuen Batzordeko eta Euskara, Gradu eta Graduondoko Batzordeetako ikasleen ordezkariak aukeratu dira.