Lanbidek 6,5 milioi bideratuko ditu Enplegu Zentro Berezietara, laguntza-unitateetarako eta enplegua sortzeko

0

Aurten, Lanbide-Enplegu Zerbitzu Publikoak 6,5 milioi euroko laguntza bideratuko du Enplegu Zentro Berezietan finantziatzeko, batetik, lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak, eta, bestetik, desgaitasuna duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsioa.

Gaur, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua buru duen administrazio-kontseiluak 5,5 milioi euroko zuzkidura onartu du, Enplegu Zentro Berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateentzako laguntzak finantzatzeko. Unitate horiek talde multiprofesional gisa eratzen dira. Enplegu Zentro berezi horietan, hainbat funtzioren garapenaren bidez, desgaitasuna duten langileek, gehi laneratzeko zailtasunak, laguntza jasotzen dute oztopoak gainditzeko. Horren adibide dira: garuneko paralisia duten pertsonak; gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala aitortua duten pertsonak (% 33koa edo gehiagoko bada); edo desgaitasun fisikoa edo sentsoriala aitortua dutenak (% 65eko edo gehiagokoa bada, lanpostu batean sartzeko prozesuan, bai eta lanpostu horretan jarraitzeko ere).

Hori funtsezko bidea da pertsona horiek gizartean erabat integratu daitezen. Iaz, partida hori bost milioi euroz hornitu zen. Horrek balio zuen laguntza-langileen 566 kontratu diruz laguntzeko eta, horren bidez, arreta eman zitzaien 5.071 pertsona desgaituri. Aurten espero da kopuru hori % 10 handitzea.

Aparte, beste partida bat ere onartu da milioi bat eurokoa, Enplegu Zentro Berezietan, desgaitasuna duten langileentzako enplegu egonkorra sortzen duten inbertsioak laguntzeko. Diruz lagundu ahalko dira lanpostu egonkorrak sortzen dituzten inbertsioak. Beti ere, kontratu mugagabe baten bidez, kontratatzen badituzte desgaitasuna duten pertsona langabetuak eta enplegu-eskatzaile gisa izena emanda daudenak. Edo, bestela, aldi baterako kontratuak edo iraupen jakinekoak (prestakuntza-kontratuak barne) mugagabe bihurtzen badituzte. Edonola ere, zentroak bere plantilla finkoa handitu egin behar du. Diru-laguntza jaso ahal izateko, Zentro Bereziak  diruz lagundu daitekeen gastu osoaren % 15eko inbertsio-ahalegina egin beharko du, gutxienez.

2022an, zuzkidura 500.000 eurokoa izan zen. Berriz, 2023an, zifra hori milioi batera igo zen. Eta bertan mantenduko da aurten. Aurreikusten da ehun bat kontratu mugagabe sortzen dituzten eskaerei erantzutea.