Garraio Sailak Pasaia eta Altzako geltokia lotu ditu trenbideko tunel baten bidez

0

Lugorritze-makina batek hondeaketa-lanak amaitu ditu puntu horretan eta ‘kalea’ edo bat egitea gauzatu du Donostiako auzora bidean

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak Pasaia eta Altzako geltokia lotu ditu gaur goizean trenbideko tunel baten bidez. Lugorritze-makina batek hondeaketa-lanak amaitu ditu puntu horretan eta ‘kalea’ edo bat egitea gauzatu du Donostiako auzora bidean.

ETS Altza eta Galtzaraborda artean gauzatzen ari den lurpeko saihesbidearen obrek hondeaketa-mugarri garrantzitsua lortu dute; horrela hartzen da ‘kalea’ edo bat egitea lurpeko edozein lanetan. Horrela, Donostiako Altza auzoko geltokiak zaku-hondoa izateari utziko dio, eta topoaren linearen igarobide bihurtuko da, Pasaiarekin lotuta geratuko baita.

Sarrera Sasuategiko eraso-galeriatik duen Altzako geltokiaren eta Pasaiako terminalaren arteko lineako tunela, aurrerantz (goiko aldean) amaitu da, beheko azken metroa hondeatzearen faltan, hau da, destroza izenekoa. Horrela, Pasaiako plazan, pantailaren hormak amaitu ondoren, geltokiko estalkia izango den goiko lauza egiten ari da gaur egun.

Lauza egin ondoren, terminalaren beraren hondeaketa-lanei ekingo zaie haren azpian, hau da, lurpean, hiri-bilbearen gaineko eragina murrizteko. Prozedura horri esker, ETSk udarako itzuli ahal izango die herritarrei Hamarretxeta eta Eskalantegi arteko Zumardiaren tartea, oinarrizko urbanizazioarekin. Molinaoko errekastoa bere ibilbide naturalera itzuli da duela hilabete inguru, bertan pantaila-hormak egin ondoren eta eremu horretan eraginak jasan dituzten zerbitzu ugariak desbideratu eta ordeztu eta gero.

Dagoeneko ahoa prest dagoen Galtzarabordako eremuari dagokionez, gaur egun tunelaren instalazioei, araztegiari, dekantagailuei, lugorritze-makina iristeko sarbideei… ekiten ari zaie. Aurreikuspenen arabera, puntu horretako hondeaketa hilabete bat eta bi hilabete barru artean hasiko da, eta urtebete inguru luzatuko da, puntu hori Pasaiako geltokiarekin lotu aurretik.

Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tartea eraikita, osaturik geratuko da 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea. Martxan jartzearekin batera, Topoak 7,5 minutuko maiztasunak eskaini ahal izango dizkie Pasaiako eta Galtzarabordako erabiltzaileei.

Pasai Antxoko lurpeko geltoki berria Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian egongo da. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua plazan bertan, elizaren ondoan. Larrialdiko irteera Hamarretxea kalearen inguruan egongo da. Alboko nasak izango ditu, baina eskailerak atari bakarrera iritsiko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak igogailu baten bidez ere egongo dira konektatuta atariarekin.