Lide Amilibia: «Iragate erraza egin nahi dugu eta 2025eko urtarrilaren 1ean dena prest eduki nahi dugu»

0

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak gaur, Radio Euskadin, baloratu du Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak migrazioaren arloko transferentziarako atzo lortutako akordioa. Transferentzia Euskadira iristen diren pertsona migratzaileen autonomia fasean oinarritzen da, eta 2025eko urtarrilaren 1ean gauzatuko da. Hori dela eta, sailburuordeak esan du agiriak eta lizitazioak ondo prestatzeko nahikoa denbora dagoela eta “dena prest izango dela 2025eko urtarrilaren 1erako”, orduan egingo baita transferentzia. Amilibiak, halaber, negoziazioetan izan diren “giro ona eta ituntzeko gogoa” nabarmendu ditu, eta akordioa gauzatzeko 2,4 milioi euro beharko direla adierazi du.

Estatuko Harrera Sistema hiru fasetan banatzen da: iritsiera eta deribazioa; harrera; eta, azkenik, autonomia. “Gu hirugarrenarekin geratuko gara. Nazioarteko babesa aitortuta duten eta lan- eta egoitza-baimenak dituzten pertsonak dira. Gizarteratzea bilatzen duten pertsonak”, aditzera eman du Amilibiak.

Azaldu duenez, gizarteratze-prozesu horien ondoriozko jarduketak Espainiako Estatuak kudeatzen zituen orain arte, hala nola, laguntza ekonomikoak, babes soziala, soziologikoa, juridikoa edo hizkuntzaren irakaskuntza. “Autonomia Erkidego gisa, aspalditik ditugu eskumen horiek; osasunaz, hezkuntzaz, gizarte-babesaz, gizarte-zerbitzuez eta abar ari gara. Egokia iruditzen zitzaigun buru berak diseinatzea gizarteratze-ibilbide horiek ere, eta horixe egingo dugu hemendik aurrera”, adierazi du.

Amilibiak adierazi duenez, gaur bere Sailburuordetzak bilera egingo du pertsona migratzaileen autonomiaz arduratzen diren sei erakundeekin: Gurutze Gorria, CEAR, ACCEM, Nueva Vida elkartea, San Juan de Dios elkartea eta MPDL. “Nazioarteko babesa duten pertsonekin lan egiten duten erakundeak dira, baina gurekin ere lan egiten dute. Horrenbestez, oso harreman estua dugu”, eman du aditzera. Bestalde, bilera horretara deitu ditu “lasaitasuna helarazteko; garaiz baikabiltza gauzak ondo egiteko eta oso iragate erraza egiteko”.

Sailburuak aditzera eman du Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Sailak sinatuko dutela akordioa. Eta ea “bidean zerbait utzi den” galdetu zaionean, aitortu du “negoziazioetan 10a oso zaila dela”, baina “nota ona emango liokeela negoziazioen giro onari eta ituntzeko eta akordioa lortzeko gogoari”.