Etxebizitza Sailak alokairuko 36 zuzkidura-bizitokiren giltzak eman dizkie adjudikaziodunei

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko Alokabide sozietate publikoak aste honetan eman dizkie Basauriko udalerrian eraikitako alokairuko 36 zuzkidura-bizitoki berrien giltzak adjudikaziodun suertatu diren gazteei.

Eraikinak logela bateko 31 bizitoki ditu, bi logelako 4 bizitoki, eta mugikortasun murriztua dutenentzako logela bakarreko beste bizitoki 1. Eraikinak fatxada berezia du. Trombe horma bat du eta horrek, eguzki-kolektore bertikal handi gisa, aukera ematen du eguzki-erradiazioa baliatzeko berokuntzaren eta ur bero sanitarioaren energia-beharretarako. Eraikinak energia-kalifikazio gorena du, eta eraikuntzarako 3,06 milioi euro jarri dira. Bere eraikuntzarekin, zuzkidura bizitoki hauek Eusko Jaurlaritzak Basaurin duen 186 etxeko alokairuko parkera gehitzen dira orain.

Zuzkidura-bizitokiak, beren ezaugarriengatik eta txandakakoak izateagatik (gehienez ere bost urtera arte luzatu daitezkeen kontratuak dira), apartamentu bereziki egokiak dira gazteak har ditzaten eta emantzipazio-prozesua erraztu dadin. Ildo horretan, Basauriko bizitoki guztiak urtean 3.000 eta 39.000 euro haztatu arteko diru-sarrerak dituzten 36 urtetik beherako pertsonei adjudikatu zaizkie. Adjudikaziodun horiek, hemendik aurrera, hileko kanon bat ordainduko dute bizitoki horietan bizitzeagatik. Kanona ez da inola ere haien diru-sarreren % 30 baino handiagoa izango, indarrean dagoen araudiaren arabera.