Erasmus+ erakundearen Jardunbide Egokien Zigilua jaso du “Marine EnviRonment” masterrak

0
PRUEBA

“Marine EnviRonment” Erasmus Mundus masterrak, haren izen berriarekin (MER+), Jardunbide Egokien Zigilua berritu du (GPL; ingelesez, “Good Practice Label”). Erasmus Mundus graduondoko onenei ematen die sari hau Europako Batzordeak. Aitorpen horren bidez, programak ezin hobeto kudeatu direla eta beste batzuentzako inspirazio iturri izan daitezkeela bermatzen du.

Aitortza berri honekin, kalifikazio hori jaso duten lau Erasmus Mundus master ditu dagoeneko Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak. Izan ere, aipatu dugun MER+ masterraz gain, zigilua berritu dute honako masterrek ere: Itsas Baliabide Biologikoak Erasmus Mundus Masterra (IMBRSea) (2022), Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus Masterra (REM+) (2023) eta Hiri eta Komunitate Adimenduak Erasmus Mundus Masterra (SMACCs) (otsaila).

Jardunbide Egokien zigilu ospetsu hori emateko, Europako Batzordeak honakoak hartzen ditu kontuan: ebaluazioa, emaitzen garrantzia eta helburuetara egokitzea; kudeaketaren kalitate orokorra eta betetze maila; eta inpaktua eta hedapena, beste irizpide batzuez gain. Bikaintasun zigilu hori lortu ahal izateko, aipatutako irizpideen arabera egindako amaierako txostenaren ebaluazioan 75/100 puntuazioa baino altuagoa eman behar die Europako erakundeak Erasmus+ proiektuei.

Ionan Marigomezek, nazioarteko graduondoko honen zuzendariak, azaldu duenez, «MER+ graduondokoaren puntuazio orokorra 86/100 izan zen. Ebaluazio irizpideetan kalitate bikaina duela erakusten du horrek, garapenean zehar Brexitaren eta Covid-19aren pandemiaren erronkak gainditu behar izan zituen arren, ziurgabetasunez eta ustekabeko oztopoz betetako aldi batean. Hori dela eta —gehitu du—, publikoki aitortu behar da MER komunitateko kide guztien ekarpen baliotsua, horiek ahalbidetu baitute Erasmus Mundus Master honen lorpen arrakastatsua”.

Bestetik, Montse Maritxalar Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordearen arabera, «lau Erasmus Mundus masterretan Erasmus+ Jardunbide Egokien zigilua lortzeak nazioarteko ibilbide bikaina erakusten du UPV/EHUren graduondoko eskaintza akademikoari dagokionez; gure nazioarteko graduondoko prestakuntzaren aitorpena gero eta nabarmenagoa da».

Ibilbide luze batek bermatzen duen masterra

MER+ masterrak aurreko “Marine Environment and Resources” (MER EMMC 2012-2017) Erasmus Mundus masterrean du jatorria. 2006an hasi zuen ibilbidea master hark, Nazioarteko Baterako Master Programa gisa. Hasiera batean, programa nazionalek aitortzen eta finantzatzen zuten. Ondoren, MER+ masterrak bere ondorengoari bide eman zion: MER2030 2021-2026 Erasmus Mundus masterra. MER+ masterrak 120 eskaera baino gehiago jaso zituen (3 promozioetan zehar). Horien artetik 106 ikasle bikain aukeratu ziren: 65 EM bekadun eta 41 autofinantzatu. Horiek programa osatu zuten eta graduatu egin ziren. Ikasleen mugikortasunaz gain, funtsezkoa izan zen irakasleen mugikortasuna ere. Hala, 60 irakasle gonbidatu baino gehiago etorri ziren; horietako 28 (EBko 9 estatu kidetakoak, Erresuma Batukoak, Mexikokoak, AEBkoak, Kanadakoak eta Suitzakoak) irakasleentzako Erasmus Mundus bekaren onuradunak ziren.

MER+ esperientziak gaur egun indarrean dagoen MER2030 2021-2026 programa inspiratu du.

Erasmus Mundus programa

Europako Batzordeak bultzatzen du Erasmus Mundus programa, eta Europako goi mailako hezkuntzaren kalitatea indartzea du helburu. Duten garrantziarengatik eta kalitate akademiko bikainagatik aukeratutako baterako master eta doktorego programei babesa ematea da ekintza nagusietako bat. Programa horien artetik, gainera, batzuek bakarrik lortzen dute finantzaketa. Euskal Herriko Unibertsitateak zortzi Erasmus Mundus master irakasten ditu. Horiek Europako EACEA (Education, Audiovisual and Culture Executive Agency) agentziaren aitorpena dute. Hala, Erasmus Mundus masterren eskaintzarik zabalena duten Estatuko unibertsitateetako bat da.