Euskadik 2023an 29.000 petrolio-tonako kontsumo energetikoaren baliokidea aurreztu zuen

0
PRUEBA

Efizientzia energetikoaren eta energiaren arrazoizko erabileraren arloan euskal etxeetan eta enpresetan egindako ahaleginak, energia berriztagarrien ezarpenaren aldeko apustuarekin batera, 2023an Euskadin energiaren kontsumoa murriztea eragin du, urteko 29.000 petrolio-tona baliokideko neurrian.

Baliokidetasun bat ezartzekotan, euskal etxeetan eta enpresetan lortutako aurrezpen horrek 133.000 etxebizitzen urteko kontsumo energetiko osoa adierazten du – Euskadiko etxebizitzen % 15, alegia -. Horrez gain, atmosferara 52.000 tona CO2 isurtzea saihestu du, eta hori 44.000 zuhaitzen landaketak eragiten duen garbiketa-ekintzaren parekoa da, energiaren eremutik klima aldaketaren aurkako borrokan ekarpen nabarmena eginez.

Guztira, 2023an zehar EEEk kudeatzen dituen 15 programetan 27.000 laguntza-eskaera baino gehiago jaso ziren. Eskaera-bolumen hori aurreko ekitaldian jasotakoaren bikoitza da, eta horrek argi eta garbi erakusten du euskal gizartearen kontzientziazio-mailaren igoera arlo hauetan: energiaren efizientzia eta arrazoizko erabilera, kontsumoaren murriztapena eta aurrezpena lortzeko ekimena, eta energia berriztagarrien aldeko apustua. Kontzientziazio honek garrantzi berezia hartzen du bihar, martxoaren 5a, ospatzen den Efizientzia Energetikoaren Mundu Egunak adierazten duen egun hain seinalatu batean.

Sektorekako kontsumo energetikoaren aurrezpenaren banaketari dagokionez, industria-sektorea nabarmentzen da 2023an 19.000 petrolio-tona baliokidetik gorako murriztapenarekin, zerbitzuen eta etxebizitzen sektoreak atzetik dituelarik, urteko 5.000 eta 4.000 ptb/tep inguruko energia-kontsumoaren aurrezpenarekin hurrenez hurren. Garraioaren sektorearen murriztapena urteko 1.000 ptb/tep ingurukoa izan zen.

2023an zehar, Energiaren Euskal Erakundeak 60 milioi euro bideratu zituen efizientzia energetikoaren aldeko eta energia berriztagarriak ezartzeko programetara, 29.000 urteko petrolio-tona baliokideko aurrezpena eraginez. Jarduketa-eremuen arabera, EEEk 6.000 eskaera inguru jaso zituen efizientzia energetikorako eta energiaren arrazoizko erabilerarako laguntza-programetarako, eta 6.400 eskaera baino gehiago energia berriztagarrien arloan. Horrek, energia konbentzionalen kontsumoan lortutako aurrezpenaz gain, energia berriztagarrietako 51 MW berri baino gehiago inkorporatzea eragin du.

Euskadik azken urteotan hainbat programa gauzatu ditu honako arlo hauetan: autokontsumo-programak, biltegiratzea eta berriztagarriak, eraikinen birgaitze energetikorako programak, efizientzia energetikorako programak industrian eta MOVES programak, mugikortasun elektrikoa garatzera bideratutakoak. Energiaren Euskal Erakundeak programa hauek sustatu ditu 240 milioi euro inguru kudeatuz. Jarduketa hauek bat datoz 2030 Euskadiko Estrategia Energetikoaren zuzentarauekin, bai eta berriki onartutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean  ezarritako helburuekin.