Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Josu Erkoreka, Lehenengo Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburuarekin batera.
UDALTZAINGOARI BURUZKO DEKRETUA
Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluan bere sailari lotuta dauden eta onartuak izan diren gaien berri eman du. Azaldu duenez, gaurko kontseiluan onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoen armamentua eta bestelako baliabide teknikoak eta defentsakoak eta horien hornidura arautzeko dekretua. Arau berri horrek Euskadiko udaltzaingoek erabili behar dituzten arma nahiz bestelako defentsako baliabide eta bitarteko tekniko motari eta horien erabilerari buruzko guztia arautzen du. Helburua polizia-jardunaren koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzea da eta horretarako, arau berriak honako alderdi hauen gutxieneko esparrua zehazten du: Polizia-ibilgailuak, material teknikoa eta udaltzainek eraman behar duten oinarrizko segurtasun-ekipamendua; ekipamendu horien tipologia: bai armamentuarena bai baliabide tekniko eta defentsako osagarriena; horien kontserbazioa, zaintza, erregistroak eta segurtasun-neurriak eta erabiltzeko oinarrizko irizpideak eta baita ere agenteei armamentua erabiltzeko aukera kentzeko edo erretiratzeko prozedura. Erregelamendu berriak ezartzen du toki-erakundeek bermatu behar dutela material guztia emakumeek eta gizonek berdin erabiltzeko egokituta egongo dela. Era berean, Erkorekak adierazi du, dekretu berriak, legeak bezala, aurreikusten duela alkateek erabaki ahal izatea polizia-zerbitzu jakin batzuk armarik gabe ematea. Horretarako, alkateak arrazoitu egin beharko du herriko Udaltzaingoaren burutzak txostena egin ondoren.
HAUTESKUNDE MAHAIKO-KIDEENTZAT JARRAIBIDEEN ESKULIBURUA
Bestalde, gaurko Gobernu Kontseiluan onartu da, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako Jarraibideen eskuliburua hauteskunde-mahaiko kideentzat. Testu xehatu horretan, Eusko Jaurlaritzak hauteskunde-egunean mahaiak osatuko dituzten kideek bete beharreko eginkizunari eta zereginei buruzko argibideak jaso ditu eta zalantzarik ohikoenak argitu ditu. Eskuliburua posta bidez iritsiko zaie martxoaren 23tik 27ra egingo den zozketan hauteskunde-mahaiak eratzeko izendatuko diren pertsonei. Gainera, APNABI – Autismo Bizkaia elkartearekin egindako lanari esker, aurten Mahaikidearen Eskuliburuaren irakurketa errazeko formatuan ere eskuragarri egongo da. Dokumentu berritzaile hau herritar guztien autonomia eta irisgarritasuna zaintzeko diseinatu da, adimeneko dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioan aurrera egiteko helburuarekin. Bi eskuliburu horiei laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak 5 minutuko dibulgazio-bideo bat prestatu du, datorren apirilaren 21ean Euskadiko hauteskunde-mahai bateko kide izatea egokitzen zaien pertsonentzako argibide nagusiak laburbiltzen dituena.
GOBERNU KONTSEILUAK ONARTUTAKO BESTE HAINBAT GAI
Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratu eta onartutako beste hainbat gai. Lehenik et abehin, bozeramaileak, Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta onartutako adierazpena irakurri du. Adierazi duenez, Emakumeen Nazioarteko Eguna, aldarrikapenerako eguna da; izan ere, aurrerapausoak eman diren arren, mundu guztian irauten du gizon eta emakumeen arteko egiturazko berdintasun ezak. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak benetako berdintasuna lortzeko lanean jarraitzeko konpromiso irmoa adierazi du. “Emakumeen eta gizonen berdintasunerako une historiko garrantzitsu batean gaude, non berdintasunaren aurkako diskurtsoak azaleratzen ari diren. Genero-indarkeria eta berdintasun eza ukatzen dituzten korronte horien aurrean, Berdinaldia, Berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko Herri Ituna bultzatzen ari gara eta etorkizunari begira egiten dugu, gazteenei begira, emakumeen eskubideetan aurrera egitea bizkortu behar dugulako, hurrengo belaunaldia berdintasunarena izan dadin. Martxoak 8an, nabarmendu nahi dugu, halaber, adineko hainbat emakumek berdintasunari eta beste emakume gazteago batzuen ahalduntzeari egin dioten ekarpen baliotsua. Gure esker ona adierazi nahi diegu, eta haietaz harro gaudela bere konpromisoagatik eta utzitako legatuagatik. Era berean, herritar guztiak animatzen ditugu konpromiso hori egunero publikoki adieraz dezaten, eta bereziki aurtengo martxoak 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean” esan du Bingen Zupiriak.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak, gaurko bileran, EREIN 2024 programa onartu du, 11 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin, Euskadiko landa-ingurunea garatzeko, eta, zehazki, landa-eremuetako oinarrizko zerbitzuetan (azpiegituretan, ekipamenduetan edo urbanizazio-proiektuetan esaterako) inbertsioak egiteko. Programa horren hartzaileak udalerriak, kontzejuak eta beste edozein toki-erakunde dira eta honako jarduera hauek bultzatzeko laguntzak dira: ura, gasa eta energia elektrikoa hornitzeko oinarrizko azpiegiturak, baita energia berriztagarrien erabilera sustatzeko ere; irisgarritasun, argiztapen eta hiri-altzarien proiektuak; turismoari lotutako zerbitzuetarako azpiegiturak edo eguneko zentroen, adinekoentzako egoitzen, haurreskolen, farmazien eta aisialdiko, kulturako eta kiroleko jardueretarako zerbitzuak sortzeko azpiegiturak. Laguntza hauek ere gizarte- ekitaldiak antolatzera bideratuta daude, landa- eta itsasertz-ingurunea dinamizatuko duten jarduerak antolatzeko.
Azkenik, Gobernu Kontseiluak onartu du Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bidez, trenbidea lurperatu eta udalerrian liberatutako 9.300 m²-ko azalera aldi baterako doan lagatzea Durangoko Udalari. Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorialak aurrikusten du trenbidea lurreratu ondoren Durango eta Abadiñon libre geratzen den azalera hori erabilpen publikora bideratzea. Hau dela eta, Gobernuak ETSren eta Durangoko Udalaren arteko hitzarmena onartu du gaurko bileran aldi baterako lagapena finkatuz, gaur egun erabiltzen ez den espazioa egokitu dadin eta trenbide trazadura zaharra berrurbanizatzeko proiektua bultzatzeko.