“Asko dago jokoan”: UEFA Women’s Champions League 2024 finalaren hasiera ekitaldia

0

Maiatzaren 25ean, 18:00etatik aurrera, Bilboko San Mames estadioak UEFA Women’s Champions League txapelketako finala hartuko du lehenengo aldiz, Europako emakumezkoen futbol-kluben kirol-ekitaldirik handiena.

Horren harira, tamaina errealeko brontzezko eskultura bat jarri da gaur goizean Bilboko Poza Lizentziatuaren kale amaieran, Luis Briñas kalearen ertzean, handik igarotzen baitira zaleak estadiora doazenean. Estatuak Nahia moduko neskatoak irudikatzen ditu, estadiora begira dagoen neskatila, ilusioz beterik eta harro; baloia zapaltzen du eta noizbait estadio ospetsuetan finalak jokatzea eta Europako txapeldun izatea du buruan, bere publikoak babestuta, hori lortu duten beste neska batzuek bezala.

Hala, 2024ko UEFA Women’s Champions League txapelketako finalaren ikur bihurtzen da Nahia, bai eta Bilbo, Bizkaia eta Euskadiko berdintasunaren eta hainbat balioren nortasun-ikur ere, hala nola errespetuarena, inklusioarena eta aniztasunarena emakumezkoen futbolean. Horiek horrela, helburua da kirolean egon beharreko aukera-berdintasunarekiko konpromisoaren adierazgarri izatea estatua, eta aurtengo finala oroitzeko plaka bat jarri diote.

Juan Villa artista eta eskultoreak, Capa Esculturasen laguntzarekin batera, egindako eskulturarekin atera dute argazkia Euskadiko emakumezkoen futbolean ospetsu diren hainbat pertsonak eta erakundeetako ordezkari ugarik, euskal erakundeetako ordezkariek, UEFA, RFEF, Euskadi, Araba, Gipuzkoa zein Bizkaiko futbol-federazioetakoek, Athletic Clubekoek eta hainbat futbol-klubetakoek.

Ondoren, San Mameseko Sala Norte aretoan aurkeztu da “Asko dago jokoan” izeneko kanpaina, zeinaren atal nagusia eskultura baita. Besteak beste, mahai-inguru labur bat ere antolatu da; hauexek izan dira parte-hartzaileak: Arantza Gallastegui arbitroa; Deportivo Alaves klubeko emakumeen taldeko kirol-zuzendaria den Dafne Triviño; Real Sociedad taldeko futbolari ohia den Aintzane Encinas eta Euskadiko lehenbiziko entrenatzaile emakumezkoa, Ana Astobieta, sorpresa gehiagoren artean; Irene Paredes munduko txapeldun den euskal jokalariak ere mezua bidali baitu bideo bitartez: «Ni ere izan naiz San Mames bezalako lekuetan Champions finalak jokatzea amesten zuen neskato hori. Zorionez, hori guztia aldatzen ari da, eta harro nago joko-arauak aldatzen ari den belaunaldi honetako kide izateagatik, baina are gehiago, gaur egun horrela egon ahal izateko borrokatu duten aurreko belaunaldiko kideengatik».

Nadine Kessler-ek ere, UEFAko emakumezkoen futboleko arduradun nagusiak, hauxe adierazi du bideo bitartez: “Espainia, gaur egun, emakumezkoen futbolaren munduko epizentroetako bat da eta, horregatik, ez zait bururatzen emakumezkoen futbola ospatzeko modu hoberik, Europako bi klub onenen parte hartzearekin, Bilboko Katedrala bezalako estadio handi batean baino. Kirol munduko begiak gugan jarriko dira maiatzaren 25ean. Emakumezkoen futbolean historia gehiago sortzea espero dugu».

Ekitaldian zehar agerian geratu da hizpide dugun finala aukera paregabea dela nabarmentzeko euskal herritarrek kirolean —eta futbolean bereziki— berdintasuna sustatzearekin duten konpromisoa. Era berean, azpimarratu da futbol-partida bat baino askoz gehiago dela, baita eliteko kirol-ekitaldi bat baino askoz gehiago ere. Amaitzeko, Amane Ibañez kazetari aurkezleak honako hau esan du: “Futbolean aritzen diren emakumeak ikusarazteko herritarren jaia bihurtu behar da finala. San Mames bete behar dugu, San Mames betez gero, denok irabaziko dugulako”.

Martxoaren 8an jarriko dira sarrerak salgai

2024ko UEFA Women’s Champions League txapelketako sarrerak martxoaren 8an jarriko dira salgai, 12:00etatik aurrera. Online erosi ahalko dira, https://final2024bilbao.com/ webgunearen bidez: 15, 20 eta 25 euroko prezioan, kategoriaren arabera. Premium kategoriako sarrerak ere erosi ahalko dira, 45 eurotan. Espero dugu euskal herritarrak hitzordura bertaratzea, bertatik bertara bizi dezaten kirol-ekitaldia.

Horrez gain, 30 lagun baino gehiagoko taldeak osatzen dituzten futbol-klub, talde, lagunarte eta elkarteek martxoaren 8tik 12:00etatik aurrera sarrerak erosteko eskaera bidali ahalko dute helbide elektroniko honetara: grupotickets@rfef.es Ildo beretik, martxoak 8 12:00etatik aurrera, mugikortasun urriko pertsonek mezu bat bidali beharko dute pmr@rfef.es helbidera; mezuaren gaian “PMR” idatzi beharko dute eta, sarreraz gain, doako gonbidapen bat eskuratuko dute laguntzailearentzat.