Eusko Jaurlaritzak 2024rako ekintza-plana aurkeztu dio Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkurari

0

Horrez gainera, 2023ko istripuen balantzea eta memoria ere aurkeztu ditu

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak 2024rako aurreikusitako ekintza-plana aurkeztu dute gaur goizean Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuran. Horrez gainera, 2023an, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025 Plan Estrategikoaren baitan, gauzatutako jardueren memoria ere aurkeztu dute.

Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuraren urteko bilera Bilbon, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, egin da. Bileran izan dira udaletako eta hiru foru-aldundietako ordezkariak, bide-segurtasunaren arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailetako ordezkariak (Hezkuntza, Osasuna, Garraioa, Larrialdiak), Euskadiko Bide Segurtasuneko Fiskaltza, trafiko-istripuen biktimen elkarteak eta mugikortasuna hobetzean inplikatutako hainbat sektore ekonomiko eta profesionaletako gizarte-eragileak.

2023ko Jarduera Memoria

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak 2023ko istripuen balantzea aurkeztu du. Mugikortasuna pandemia aurreko mailetara leheneratzeak markatu duen urtean 44 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan, 2019an (parekatzeko moduko azken urtean) baino 7 gutxiago. Gartziak adierazi duenez, istripuen tasak zertxobait gora egin du (2022arekin alderatuta % 2,5, baina 2019koa baino % 7 txikiagoa da), eta Bizkaian istripu gehiago gertatu diren arren, heriotza-tasa handiagoa izan da Gipuzkoan (30 heriotza), eta behera egin du Bizkaian (8) eta Araban (6). Gainera, azpimarratu du hildakoen % 48 kolektibo zaurgarriren batekoak zirela: 11 motor-gidariak ziren, 8 oinezkoak eta 2 txirrindulariak. Zaurgarrien 2022ko ehunekoarekin alderatuta, % 32 jaitsi da.

Bestalde, Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak nabarmendu duenez, beherakada hori hauteman da “batez ere oinezkoetan (8 heriotza izan ziren 2023an eta 15 heriotza 2022an) eta motozaleen kolektiboan (11 heriotza izan ziren 2023an eta 14 heriotza 2022an). Hala ere, lanean jarraitzen dugu kolektibo horiei babes berezia emateko, trafiko-istripuetan Zero Biktima izateko helburuarekin. Erronka handia da, eta Euskadiko errepide-sareko erabiltzaile eta eragile guztion ahalegin bateratua eskatzen du”.

2023ko Memorian beste jarduera batzuk ere jaso dira: 65 urtetik gorakoen harrapaketak eta bestelako istripuak prebenitzeko sentsibilizazio-programa berria abian jartzea; zilindrada handiko motozaleentzako doako prestakuntza-ikastaroak; mugikortasuna pixkanaka berreskuratzea; bide-segurtasunarekin konprometitutako enpresak hartzen dituen Innovabide Sarea zabaltzea; Don’t be Dummy estrategia finkatzea; edo Trafikoko Jardunaldi Profesionala egitea, formatu presentzialean, Bilboko Iberdrola dorretik.

2024ko Ekintza-plana

2024ko Ekintza-planak barne hartzen du motozaleentzako sentsibilizazio- eta prestakuntza-programak indartzea –abileziak hobetu ditzaten–, bai eta 65 urtetik gorakoentzako programak ere, hiriko eta hiriarteko inguruneetan norbere burua babesteko tresnak emanez. Bide-segurtasunaren aurkako delituengatik askatasun gabetuta dauden pertsonak kontzientziatzeko programarekin jarraituko da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin elkarlanean, errepidean arriskuko portaerei aurrea hartzeko helburuarekin.

Lanaren esparruan, Euskadiko enpresa-sareak laneko bide-segurtasunarekin hartuta duen konpromisoa bultzatzen jarraituko da Innovabide proiektuaren bidez.

Bestalde, Bide Segurtasunaren Aldeko Itunari atxikitako eragile-kopurua handitzeko lan egingo da, eta bertan jasotako helburuen betetze-mailaren jarraipen aktiboa egingo da. Gainera, bide-segurtasunera bideratutako Europako programetan parte hartzea bultzatuko da.

Era berean, Euskal Poliziak istripuei aurrea hartzeko 38 zaintza- eta kontrol-kanpaina egingo ditu, ikastetxeentzako material didaktikoak argitaratuko dira, ikasleekin programa espezifikoen bidez lan egingo da eta mugikortasunaren eta bide-segurtasunaren arloan ezagutzak trukatzeko eta hedatzeko jardunaldiak egingo dira.