Lan Ikuskaritzak kontrolatuko du 680 enpresak lanaldi partzialeko kontratazioan iruzurrik egiten duten, batez ere emakumeei eragiten dielako

0
PRUEBA

Hilabete honetan bisita kanpaina bat hasiko da lanaldi partzialeko kontratuen bolumena sektoreko batez bestekoa baino handiagoa den enpresetara

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak lanaldi partzialeko kontratazioetan iruzurra kontrolatzeko kanpaina bat jarriko du martxan martxoan. Kanpaina hori urte osoan zehar garatuko da, eta EAEko 680 enpresatan oinarrituko da. Iruzurraren aurka Borrokatzeko Tresnak antzeman du lanaldi partzialeko kontratuen bolumena handiagoa dena jarduera-sektore bereko enpresena baino. Lan eta Enplegu Sailak berriki egindako txosten baten arabera, nahi ez den partzialtasunak bereziki kaltetzen ditu emakumeak, eta soldata-arraila errazten du.

2018. urteaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak kontratazioko iruzurraren aurka borrokatzeko hainbat kanpaina egiten ditu aldian-aldian. Oraingoan 680 enpresa bisitatuko dituen kanpaina bat hasiko da, horietatik 300 Bizkaian daude, 240 Gipuzkoan eta 140 Araban. Aukera hori Iruzurraren aurka Borrokatzeko Tresnari esker egin ahal izan da. Tresna horrek, teknologia erabiliz, datuak gurutzatzea eta kontratazioaren arloan irregulartasunak edo arauak ez betetzea eragin dezaketen egoerak detektatzea ahalbidetzen du.

Kasu honetan, lanaldi partzialeko kontratuen bolumena dagokien jarduera-sektoreko enpresena baino handiagoa dena antzeman duelako edo partzialtasun-koefiziente handiagoa duelako hautatu ditu tresnak. Kanpaina 2024an zehar luzatuko da.

Nahi ez den partzialtasuna

Hain zuzen ere, otsailaren 21ean, Soldata Berdintasunaren Nazioarteko Eguna zela eta, Idoia Mendia buru zuen Lan eta Enplegu Sailak lanaldi bat antolatu zuen partzialtasunari buruzko azterlan bat aurkezteko. Iseak Ikerketa Zentroari eskatuta, partzialtasuna lan-prekarietatearen beste ertz bat dela egiaztatu zen, behin-behinekotasunarekin eta orduko soldata baxuekin lotzen baita. Gainera, adierazi zuen emakumeak gizonak baino gehiago kontzentratzen direla partzialtasun handieneko lanbide eta sektoreetan, eta, gure inguruko herrialdeetan ez bezala, Espainian eta Euskadin partzialtasuna oso borondatezkoa ez dela: modalitate horretan lan egiten duten pertsonen % 50ek lanaldi osoko enplegua aurkitu ezin dutelako egiten dute.

Azterlanari buruzko informazio gehiago:

https://bideoak2.euskadi.eus/2024/02/21/news_91893/Resumen_Ejecutivo_Parcialidad_EUS.pdf