Lehendakariak baieztatu du Euskadik ekimen pribatu “fidagarri eta lehiakorrak” behar dituela

0
egoin wood group

Lehendakariak adierazi du Euskadik ekimen pribatu “fidagarri eta lehiakorrak” behar dituela, zerbitzu publikoak mantentzen laguntzeko, eta, adibide modura, Egoin Wood Group aipatu du, zeinaren Legutioko (Araba) fabrika berria bisitatu baitu gaur goizean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera.

Iñigo Urkulluk eta gainerako agintariek familia batean hasi zen enpresa honen instalazio berriak ezagutu dituzte. Enpresa honetan 25 milioi euroko inbertsioa egin berri dute, eta diru-ekarpen horri esker, enpresaren gaitasuna handitu egingo da, eta Europa hegoaldeko zur kontralaminatuko ekoizlerik handiena izango da.

Bisitaren ostean eskainitako agerraldian, Lehendakariak Egoin eta gisa horretako enpresen “jarrera” eta “ausardia” nabarmendu ditu, adierazi duenez, arriskuak hartzen dituzte, inbertitu egiten dute, eta hazten jarraitzeko urratsak ematen dituzte. Lehendakariaren arabera, Euskadik Egoinen gisako enpresak behar ditu, eta  “isilpeko txapeldunak” direla gaineratu du, izan ere, liderrak dira euren sektorean eta erreferentzia Europan, ez euren dimentsioarengatik, baizik eta berrikuntzan eta I+Gn duten gaitasunarengatik.

Egoini buruz, eta baso ustiaketa iraunkorretatik lortutako egur autoktonoaren aldeko euren apustuari helduta, Iñigo Urkulluk adierazi du egurraren sektoreak batzen eta behar berrietara egokitzen jakin duela.

“Gure basoak zaindu egin behar ditugu. Natura zaindu eta kontserbatzeko ezinbestekoa da baso kudeaketa kontuan hartzea, eta azken urteetako transformazioari esker gaurkoa bezalako emaitzak ikusten ditugu. Beste behin ere, kate bereko katebegi desberdinen arteko lankidetza daukagu esku artean”− adierazi die enpresa honetako arduradunei, era berean, lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egitera animatu ditu, horrela “enplegu aukera berriak” sortzen jarraitzeko.