Unibertsitateak + Euskadi Basque Country 2030 Esparru Estrategia

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren bileraren buru izan da gaur goizean Gasteizen. Bertan, Eusko Jaurlaritzak egindako Unibertsitateak + Euskadi Basque Country 2030 Esparru Estrategia  aurkeztu du, Euskal Unibertsitate Sistema (EUS) nazioartekotzeko palanka berri bat.

Kontseiluaren bileran honako hauek ere parte hartu dute: Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moráisek; Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusi Marian Elorzak; Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artarazek; Deustu eta Mondragon unibertsitateetako errektoreek, Juan Jose Etxeberriak eta Vicente Atxak; EHUko Nazioartekotze errektoreordea, Junkal Gutierrez; Euskadiko Eskola Kontseiluko presidente Maite Alonsok; foru-aldundietako ordezkariek; eta Confebaskeko ordezkari batek.

International Basque University System

Nazioarteko lankidetza Euskadiko unibertsitate-eragileen izaerarekin eta helburuekin lotuta dagoenez, Unibertsitateak + Euskadi Basque Country 2030 Esparru Estrategiak aintzat hartzen du unibertsitateek eta bikaintasuneko ikerketa-zentroek Euskadi Basque Country markaren enbaxadore gisa munduan duten balioa. Horregatik, estrategia berri hau, besteak beste, honako bi plan hauekin erabat lerrokatuta sortu da: alde batetik, 2023-2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Planarekin (USP 2023-2026), nazioartekotzea ardatz nagusitzat hartuta; eta, bestetik, Euskadi Basque Country 2025 Nazioartekotzeko Esparru Estrategiarekin (EBC 2025 Estrategia).

Horrela, EUSek azken urteetan hasitako eraldaketarekin jarraitu nahi da. Prozesu eraldatzaile horren xedea 2030. urtea da. Urte horretan, Euskadik ikasleak eta nazioarteko talentua erakartzeko polo izan nahi du, eta mugikortasun handia izango du bai ikasleei dagokienez, bai irakasle eta ikertzaileei dagokienez, baita Kudeaketa eta Administrazio eta Zerbitzuetako teknikariei dagokienez ere. Azken batean, 2030. urterako International Basque University System – Nazioarteko Euskal Unibertsitate Sistema bat osatzea da azken helburua.

Helburu estrategikoak

Esparru Estrategiaren azken helburu hori Europako eta nazioarteko testuinguruak euskal unibertsitateen eskura jartzen dituen aukera guztiak aprobetxatzean datza, Euskadiren eta bere nazioarteko eskualde estrategikoen garapen sozial eta ekonomikorako palanka bat eratzeko. Azken helburu hori lortzeko, bigarren maila batean, Esparru Estrategiak bost helburu estrategiko jasotzen ditu:

  • Baliabideak eta pertsonak trebatzea nazioartekotzea bultzatuko duen testuinguru bat garatzeko.
  • Eskaintza eta nazioarteko lankidetzan espezializatzea eta haiek lehenestea
  • Nazioartekotzera bideratutako sistemak eta eskualdeekin akordio estrategikoak definitzea.
  • Ezagutza sortzea eta transferitzea, lankidetza-esparru batean eta nazioarteko proiektuak elkarrekin sortzeko esparru batean.
  • EUSen posizionamenduan aurrera egitea nazioarteko testuinguruan, 2030ean International Basque University System bat lortu arte.

EUSen nazioartekotzeko eraldaketa-prozesuan, Estrategiak Europako Unibertsitate Eremuan eta Europako Ikerketa Esparruan parte hartzea azpimarratzen du. Eraldaketa-prozesu horrek lehentasuna emango dio EUSek Europako eta nazioarteko beste unibertsitate-sistema bikain batzuekin lankidetza sustatzeari, nazioartean posizionatzeari eta sistemaren eraldaketa digitalari.

Horretarako, Estrategiak lehentasunezko geografia batzuk identifikatzen ditu (EBC 2025 Estrategiarekin bat datozenak); horietan, lehenik eta behin, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea eta EBko herrialdeak nabarmentzen dira (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Suedia, Danimarka, Finlandia…), eta ondoren, Ameriketako herrialdeak (Kanada, AEB, Txile…).

Jarduteko hiru esparru

Esparru Estrategiaren arkitektura jarduteko hiru esparrurekin osatzen da:

  • Prestakuntza, bai ikasleena, bai unibertsitateko langileena
  • Ikerketa eta ezagutzaren transferentzia
  • Unibertsitate-sistemaren harremana enpresa-sarearekin eta gizartearekin (Unibertsitatea+Enpresa+Gizartea)

Hiru jarduketa-esparru horietan, Esparru Estrategiak ikuspegi bikoitz batetik planteatzen du nazioartekotzea: Internationalization at Home eta Internationalization at Large. Lehenengoak nazioarteko eta kulturarteko dimentsioak ikasleen, ikertzaileen eta bestelako langileen jarduera formal eta informaletan integratzea dakar, unibertsitate-komunitatearen barruan. Horrela, nazioartekotzearen onurak unibertsitate-komunitate osora iristea lortu nahi da, eta, horrez gain, nazioarteko profilak garatzea bilatzen da mugikortasunaren osagarri diren jarduerekin eta ekimenekin. Era berean, gaitasun profesionalak, linguistikoak eta multikulturalak garatzeko aukera ematen da.

Bestalde, Internationalization at Large delakoa, «nazioartekotze» gisa ezagutu izan da. Euskal unibertsitate-sistematik kanpora begirako estrategia bultzatu nahi da, lankidetzarako eta nazioarteko posizionamendurako arloak identifikatuz, eta jarduteko mugak zabalduz, baina, aldi berean, tokiko errotzeari eutsiz.

Azken batean, 2030erako International Basque University System – Nazioarteko Euskal Unibertsitate Sistema lortzeko, beharrezkoa da hasiera-hasieratik nazioarteko ikuspegia sartzea unibertsitate-komunitatearen esparru guztietan, eta, aldi berean, nazioartekotze-estrategia bat hedatzea kanpora begira.

Esparru Estrategiak 133 ekintza biltzen ditu guztira, goian adierazitako hiru jarduketa-esparruetan eta nazioartekotzeko bi ikuspegietan garatu beharrekoak, at Home eta at Large.

Basque International Masters proiektua

Esparru Estrategiarekin lerrokatuta, Basque International Masters izeneko nazioartekotze-ekintza bat ere aurkeztu da kontseiluaren bileran. Proiektu horren helburua da master-mailako titulazio akademiko espezializatuen makro-taldeak bultzatzea, Euskadin kokatutako unibertsitateek eskainitakoak —BIM izenekoak—. BIM horiek unibertsitate-prestakuntzako klusterrek bultzatuko dituzte —4Gune klusterrak eta KSIgune klusterrak—, Teknologia Kuantikoak, Biozientziak, Ingeniaritza edo Kultura eta Sormena bezalako gaiei buruzko euskal unibertsitate-eskaintza akademikoa —bai dagoen eskaintza, bai sortu berria— nazioartean kokatzeko.

BIMek Euskadiko unibertsitate guztien eskaintza barne hartzen dute, ikerketaren eta enpresaren ikuspegi bikoitzetik, eta Euskadin unibertsitateen nazioartekotzea sustatzen dute, baita Euskal Unibertsitate Sistema eratzea ere bertako eta nazioarteko talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko gune gisa.

4Gune Klusterrak egituratuko du lehen Basque International Mastersa, Quantum Teknologien arloan —BIM Quantum—.

2023-2026ko USPekin lerrokatuta

2023an onartutako 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Planak lehentasunezko ardatzetako bat nazioartekotzea du. Izan ere, «Nazioartekotze Ardatzak» “Unibertsitatea+Euskadi Basque Country ardatza” izena hartu du 2023-2026 USPen, eta jauzi kualitatiboa eman du bai jardueretan, bai eskainitako baliabideetan, aurreko planarekin alderatuta.

Esparru Estrategia hau hezkuntzarekin eta ikerketarekin lotutako beste plan, estrategia eta politika batzuekin ere lerrokatuta garatu da, hala nola 2022-2026ko Unibertsitatea + Enpresa  II. Euskal Estrategiarekin, Ikerbasque 2024ren Plan Estrategikoarekin, IKUR 2030 Estrategiarekin eta ZTBP 2030ekin.