Lehendakariak baieztatu du Euskadik beti egin duela aurrera lankidetzaren eta talde-lanaren eskutik

0

Urkulluren hitzetan: «Eredu publiko-pribatuari esker, gai gara herritar guztiei zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzeko, kalitatezko zerbitzuak emateko, gure ondasunik preziatuena zaintzeko: gure osasuna»

Iñigo Urkullu Lehendakaria Santurtziko San Juan de Dios Ospitalearen mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Bere hitzaldian, Lehendakariak baieztatu du Euskadik beti egin duela aurrera lankidetzaren eta talde-lanaren eskutik, «Euskadik ez du inor atzean uzten eta hau ez da oinarririk gabeko baieztapena, ekintzek erakusten baitute Euskadik horretan benetan sinesten duela; gure herriak beti izan du argi pertsona dela garrantzitsuena, behar duenari laguntzea gure balio eta printzipioen parte da eta oinarri horretatik abiatuta sortu zen duela 100 urte San Juan de Dios Ospitalea” adierazi du Urkulluk.

Zentzu horretan, Urkullu kezkatuta agertu da egungo joeren aurrean, “auzolanaren” eta “gutasunaren” gainetik “indibidualismoa” gailentzen ari delako, «joera hori iraultzen saiatu behar gara, gure herriaren bereizgarri diren gertutasunaren eta elkartasunaren balioak berreskuratu eta berrindartu behar ditugu” aldarrikatu du.

Lehendakariak gaineratu du osasun-sistema publiko eta unibertsala ez zela kasualitatez sortu, euskal gizarteak partekatzen zituen balioei esker eta horiei jarraiki sortu zela esan du, baita San Juan de Dios Ospitalea ere. «Hau da,  behar duenari laguntzea, behar duenari ahalik eta arreta medikorik onena eskaintzea, profesional onenen eskutik eta baliabide onenekin; hori izan da beti helburu eta lehentasuna eta konpromiso bera dute, gaur egun ere, euskal erakundeek” baieztatu du.

Urkulluk adierazi du ehun urtetik gora daramatzala irabazi-asmorik gabeko zentro pribatua den San Juan de Dios Ospitaleak euskal osasun-sistemaren parte izaten eta zerbitzu publikoa eskaintzen, “ankidetza publiko-pribatuaren adibide da San Juan de Dios ospitalea, eta lankidetza publiko-pribatuaren eredu horri esker gara gai herritar guztiei prestazio eta zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzeko, kalitatezko zerbitzuak emateko, gure ondasunik preziatuena zaintzeko: gure osasuna” esanez amaitu du bere hitzaldia Iñigo Urkullu Lehendakariak.