Osakidetzak Berdintasunean parte hartzeko I. Foroa antolatu du, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egingo dute bihar, ostirala, martxoak 8, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin; hala, bat egingo dute Emakunderen, hiru foru aldundien eta EUDELen eskutik Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatzen duen «Zuetaz harro» kanpainarekin.

“Ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon da” esaldiarekin batera doan “Zuetaz harro” aurtengo leloak emakume adinduek gazteenen ahalduntzean egindako ekarpena goraipatzen du, belaunaldien arteko harremanaren garrantzia bereziki azpimarratuz.

Esparru horretan, Osakidetzak Berdintasunean Parte Hartzeko I. Foroa antolatu du, » Osakidetzan, Berdintasuna Aurrera» lelopean. Foro hori datorren ostegunean, martxoaren 14an, egingo da, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren ekitaldi-aretoan, Gasteizen.

Topaketa horretan, sexu-jazarpenari aurre egiteko protokoloa eta Osakidetzako Berdintasun Plana hedatzeko kudeaketa-eredua aurkeztuko dira; halaber, erakunde sanitarioetan berdintasunaren arloan egiten ari diren ekintza nagusiak errepasatuko dira.

8M EKIMENAK: «Zeintzuk izan dira zure erreferenteak? Konta ezazu! «

Gainera, M8aren harira, eta aurtengo kanpainaren ildotik, Osasun Sailak eta Osakidetzak hainbat ekimen antolatu dituzte belaunaldien arteko harremanaren garrantzia, berdintasunaren aurrerapenean emakumeen ahalduntzeak duen funtsezko zeregina eta adineko emakumeen balorazioa aldarrikatzeko

Besteak beste, Osakidetzako profesionalak eta Osasun Saileko langileak gonbidatu ditugu, baita osasun-zentroetara joaten diren herritarrak ere, berdintasunaren arloan ditugun erreferenteei buruzko hausnarketa partekatzera, «Zeintzuk izan dira zure erreferenteak? Konta ezazu!» galderarekin zuzenean interpelatuz eta esaldiak, argazkiak, ebakinak eta abar ezartzeko espazio more bat eskainiz.

Gainera, ostiral honetarako, martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, dei egin zaie Osakidetzako profesionalei eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko eta Osasun Saileko langileei, eguerdiko 12etan egoitza bakoitzean berdintasunaren aldeko borroka babesteko antolatzen den familia-argazkian parte har dezaten.