Euskal Poliziak segurtasun-uhalaren eta haurrak eusteko sistemen erabileraren zaintza indartuko du Euskadin

0

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, auto-gidariek eta bidaiariek segurtasun-uhala erabiltzen duten eta haurrak eusteko sistemak (HES) erabiltzen diren zaintzeko kanpaina burutuko du martxoaren 11tik 17ra eta apirilaren 22tik 28ra.

Segurtasun-uhala funtsezko segurtasun-sistema pasiboa da, eta eserleku guztietan erabili behar da eta behar bezala lotuta eraman behar da. Ezin da uhalaren funtzionamendua aldatuko edo blokeatuko duen pintzarik edo sistemarik erabili. Gidariak uhala aska dezake aparkatzeko edo atzera-martxa egiteko, eta ez du lotu beharrik uhala erabiltzetik salbuesten duen mediku-ziurtagiri bat edo desgaitasun bat badu. Horrez gainera, uhala lotu gabe gidatu dezakete, herri barruan zirkulatzen ari direnean bakarrik, hainbat sektoretako profesionalek: taxilariek, salgaien banatzaileek (distantzia laburreko zamalanetan), larrialdi-zerbitzuetakoek eta autoeskoletakoek (eskola praktikoak ematen ari direnean).

Bestalde, adingabeek beti atzeko eserlekuetan bidaiatuko dute behar bezala homologatutako HESk erabiliz. Salbuespenak izango dira ibilgailuak atzeko eserlekurik ez izatea edo eserleku horiek baldintza berberetan joan behar duten beste adingabe batzuek okupatuta egotea edo eserleku horietan HES guztiak instalatzerik ez izatea. Egoera horietan, salbuespenez, aurreko eserlekuan joan ahal izango dira, eta beti euren pisura eta altuerara egokitutako sistemen bidez eutsita.

Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariaren esanetan, “gidariaren ardura izango da haur batek haurrak eusteko sistema erabiliz bidaiatzea, eta hala egin ezean dagozkion puntuak kenduko zaizkio”.

Segurtasun-uhala lotu gabe eta haurrak eusteko sistema egokiak erabili gabe bidaiatzea arau-hauste larriak dira, eta arau-hauste horrengatik 200 euroko isunak jar daitezke eta gidabaimeneko 4 puntu ken daitezke gidariaren kasuan.

Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 38 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.