Hezkuntza Sailak lankidetza-hitzarmenak berrituko ditu Eurobasque elkartearekin eta EHUren uda ikastaroekin

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, argi berdea eman dio Hezkuntza Sailak bi lankidetza-hitzarmen berritzeari. Eurobasque-Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluaren Elkartearekin eta UPV/EHUren Udako Ikastaroen Fundazioarekin sinatutako hitzarmenak berrituko dira.

Eurobasquerekiko lankidetza-hitzarmena berritzeak aukera emango du Euskadin Europako herri, nazionalitate eta eskualdeen ezagutza bultzatzen eta horretan sakontzen jarraitzeko. Hitzarmen honen helburu nagusia da euskal ikasleei XXI. mendeko gizarte europarraren oinarri diren eta Europaren sorreran eragile izan ziren balioetan eta printzipioetan oinarritutako prestakuntza ematea. Hala nola bakea, giza duintasunaren eta giza eskubideen errespetua, demokrazia, elkartasuna eta lankidetza balioak.

Europako nortasuna sustatzea eta euskal gizartea Europaren eraikuntzan gertatzen diren aurrerapenei buruz sentsibilizatzea dira hitzarmen honen helburu nagusiak. Era berean, ikasleak ahaldundu nahi dira, espiritu kritikoa izan dezaten eta europar nortasunaren partaide izan daitezen.

Horretarako, euskal gazteria Europara hurbiltzeko eta nazioarteko ikasketekiko eta atzerriko hizkuntzekiko interesa pizteko, Eurobasquek urtero «Francisco Javier de Landaburu» sarien deialdia egiten jarraituko du, Primus eta Civis kategorietan, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat, hurrenez hurren. Sari horiek antolatzeko beharrezkoak diren ekintza guztiak egiteaz gain, Eurobasquek fitxa didaktikoak ere egingo ditu. Fitxa horien bidez, aipatutako hezkuntza-etapetako irakasleei baliabide didaktikoak emango zaizkie sarietan parte hartzea antolatu ahal izateko, eta Europako hainbat alderdi eta balio landuko dira. Hitzarmen honek 10.000 euroko diru-kopurua du bertan jasotako jarduerak finantzatzeko.

Bestetik, Hezkuntza Sailak UPV/EHUko Udako Ikastaroen Fundazioarekin duen lankidetza-hitzarmena ere berrituko du. Hitzarmen honen bidez, bi aldeen arteko lankidetza-esparrua eta konpromisoak ezartzen dira, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen jarduera finantzatzeari, antolatzeari, garatzeari eta homologatzeari dagokionez.

Udako Ikastaroen Batzorde Antolatzaileko kide den aldetik, Hezkuntza Sailak –Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordetzaren bidez- edizio bakoitzeko programa orokorra egiten lagunduko du. Bertan, egungo ziklo eta ildoekin batera, Zientzia eta Teknologia sustatu eta gizartean zabaltzeko jarduerak sartuko dira, bat eginez Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi estrategiarekin. Estrategia honen helburuak dira: hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea hezkuntza-etapa guztietan, eremu horrekiko bokazioa eta asmo profesionalak inspiratzea, ikasleen artean neskei arreta berezia eskainiz, eta euskal herritarren artean dibulgazioa eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.

Halaber, eta Hezkuntza Sailburuordetzaren bitartez, elkarlanean jardungo da fundazioarekin «Irakasteko Ikasi» programa osatzeko, unibertsitatez kanpoko irakasleentzako etengabeko formakuntzako Prest_Gara Planaren lehentasunezko lerroen baitan. Urte bakoitzean gehienez ere 10 prestakuntza-jarduera garatuko dira. Hala ere, bi aldeek beharrezkotzat jo eta Batzorde Teknikoan adosten badute, salbuespena eginda, zenbateko hori aldatu egin ahal izango da.

Hezkuntza Sailak udako ikastaroen bidez bultzatu nahi du –ezagutzak sakontzera eta zabaltzera bideratutako prestakuntza-jarduera izanik- euskal gizarteak topagune bat izan dezan etengabe aldatzen ari den gizarte baten inguruan eztabaidatzeko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko, ikastaro horiek euskal gizartean duten inpaktu sozial eta ekonomikoa aintzat hartuta.

Hezkuntza Sailak UPV/EHUko Udako Ikastaroen Fundazioarekin hasieratik dihardu lankidetzan, 1993tik, antolatutako ikastaroak finantzatzen. Hitzarmen honek 130.000 euroko diru-kopurua du goian aipatutako jarduerak eta ikastaroak antolatzeko.