Kanpo merkataritzari buruzko prestakuntza behar duzu? Eman izena lehenbailehen nazioartekotzeko BEINT beketan

0
Abagune paregabea zure lanbide-aukerak zabaltzeko eta zure prestakuntza hobetzeko

Datorren martxoaren 19an zabalduko da Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen eta Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez urtero eskaintzen dituen nazioartekotzeko BEINT bekak eskatzeko epea. 2024 honetan 100 plaza eskainiko dira goi-mailako unibertsitate titulua duten 30 urtetik beherako gazteentzat, zeintzuk bi urtez espezializatuko baitira atzerriko merkataritzan, eta lan-esperientzia eta esperientzia pertsonala eskuratuko baitute atzerrian euskal erakunde eta enpresen eskutik.

Mundu gero eta globalizatuago honetan, funtsezkoa da behar diren gaitasunak izatea nazioarteko merkatu berrietara sartzeko nahiz kultur ingurune anitzetan lan egiteko, eta, bide horretatik, euskal enpresa-sarea sendotu eta zure ibilbide profesionalari bultzada bat emateko. BEINT beken helburua da prestakuntza ematea nazioartekotze arloko talentu berriei, erantzun diezaieten euskal enpresa eta erakundeen premiei. Bi urteraino luza daitekeen programa trinko honetako parte-hartzaileek 4 hilabeteko unibertsitate-prestakuntza jasoko dute, 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa egingo dute erakunde publikoetan eta 8 hilabeteko egonaldia munduan barrena kokatutako euskal enpresetan. Bekadun bakoitzak 30.000€ eta 75.000€ bitarteko itzuli beharrik gabeko diru-laguntza bat jasoko du nazioarteko bere jomugako bizi-mailaren arabera. Eskaerak aurkezteko epea 2023ko apirilaren 19an amaitzen da.

Nazioarteko merkataritzari buruzko 2 urteko prestakuntza, 3 fasetan banatuta

Nazioarteko merkatuen eskaerei egokitutako prestakuntza

Esperientzia hau hiru fasetan banatzen da. Hiru euskal unibertsitatek kolaboratzen dute (EJU-UPV, Deustu eta Mondragon) lau hilabeteko lehen fasearekin, eta bekadunek ezagutza trinkoak jasotzen dituzte atzerriko merkataritza, nazioarteko negoziazio eta salmenta-teknikei buruz.

Bigarren fasean (12 hilabetekoa), askoz jota 80 lagunek hartuko dute parte. Fase horretan lan-praktikak egingo dituzte SPRIrekin kolaboratzen duten erakundeetan, hala nola Basque Trade & Investment-en Kanpo Sareko bulegoetan, atzerrian dauden bulego ekonomiko eta komertzial espainiarretan eta nazioartekotzea sustatzeko beste organismo batzuetan.

Azkenik, hirugarren fasean (8 hilabetekoa) lan praktikak egingo dituzte atzerrian kokatutako euskal enpresa batean, erakunde multilateraletan edo beste erakunde batzuetan.

Nazioarteko merkataritza: garatuko dituzun gaitasunak

  • Kanpoko merkataritzako espezializazioa: Kanpo merkataritzari buruzko kalitate handiko prestakuntza zeureganatuko duzu, eta prestakuntza horren bidez, nazioarteko merkatuetan lan egiteko behar diren ezagutza teknikoak eta gaitasunak eskuratuko dituzu. Esaterako, kanpo merkataritzako erregulazio eta araudiei buruzko ezagutza, aduanetako prozedurei buruzkoa, inportazio eta esportazio politiken ingurukoa, arriskuen kudeaketari buruzkoa, etab. Ezagutza hori funtsezkoa da nazioarteko merkataritzako aditu batentzat, aukera emango baitio enpresaren nazioarteko arrakastarako estrategiak garatzeko eta erabaki egokiak hartzeko.
  • Nazioarteko merkatuetan operatu: Ikasiko duzu nola kudeatu nazioartean salerosten duten enpresa multilokalizatuak, eta hori oso baliagarria da kanpo merkataritzan lan egin nahi duen edozein bekadunentzat. Hala, gai izango zara erabaki egokiak hartzeko hainbat arlotan, hala nola nazioarteko hornitzaile eta bezeroen aukeraketan, logistikaren kudeaketan, inportazio eta esportazio prozesuetan, nazioarteko negoziazioan, eta abar.
  • Esperientzia profesional eta praktikoa enpresa nazioartekotuetan: Kanpo merkataritzaren mundu errealeko esperientzia profesionala eta praktikoa bilduko duzu, 20 hilabeteko praktikaldia eginez enpresetan nahiz nazioartekotzearen arloan diharduten beste erakunde batzuetan. Zure trebakuntzaren bidez jasotako ezagutza teorikoak aplikatu ahal izango dituzu enpresa munduko egoera errealetan. Gainera, esperientzia hori baliagarria izango zaizu pertsona arteko harremanetarako nahiz talde-lanerako gaitasunak hobetzeko eta zure curriculum vitae-a aberasteko, eta horrek lana lortzeko aukerak ugaritzen ditu etorkizunari begira.
  • Harreman profesionalak sortu etorkizunerako: Nazioarteko merkataritzako aditu, enpresa multinazional eta nazioarteko erakunde nahiz antolakundeekiko harremanak oso baliagarriak izan daitezke lan-aukerak zabaltzeko, informazio baliotsua eskuratzeko eta nazioarteko merkataritzarekin lotutako azken joera eta albisteen berri izateko.
  • Esperientzia pertsonal paregabea: Atzerriko herrialde batean bizitzea, kultura desberdinetako pertsonekin harremantzea, euren ohitura eta tradizioei buruz ikastea… hori guztia lagungarria da nazioarteko merkataritzako aditu batentzat, kultura arteko gaitasunak garatzeko eta desberdintasun kulturalak hobeto ulertu eta errespetatzeko nazioarteko negozioak egitean. Gainera, esperientzia hau oso atsegingarria eta aberasgarria izan liteke pertsonalki ere.

Nazioarteko merkataritzako aditu gazteak trebatzen 80ko hamarkadatik

Eusko Jaurlaritzak hogeita hamar urte pasatuxe daramatza beka programa hau zuzentzen eta bere helburua da gazteei nazioarteko merkataritzarako prestakuntza eta gaikuntza ematea, aukera eskainiz praktikak egiteko atzerrian. BEINT programak eboluzionatu egin du, prestakuntzako premien eta nazioarteko merkatuen nahiz antolakunde globalen eskakizunen arabera.

Nazioarteko panorama izugarri aldatu da, batik bat, osasun larrialdia etengabe presente dagoelako Txina bezalako herrialdeetan, eta baita ere Ukrainia eta Errusiaren arteko gatazkaren oihartzunak nazioarteko merkataritzan piztu duen krisiagatik. Horrek guztiak eragina izan du prezioetan, produkzioan eta, oro har, ekonomian. Horregatik, BEINT beka programak jarrera zuhurra izan du gertakari horien aurrean. Eskainitako beka kopurua mantendu egin da, baina zuzkidurak handitu egin dira, eta 2023ko deialdiak 4.500.000 euroko aurrekontua izango du guztira.

BEINT programak argi erakusten du Eusko Jaurlaritzak hartua duen konpromisoa gazteak nazioarteko merkataritzarako prestatu eta gaitzeko. BEINT beken bidez abagune paregabea sortu da gazteentzat, aukera emanez euren gaitasunak garatzeko eta harreman profesional baliotsuak egiteko, eta hori guztia baliagarria izango zaie baldintza onenetan lehiatzeko lan-merkatu globalean.

Nork eska dezake beka?

Bost baldintza bete behar dira eskaera bat aurkezteko: graduko goi-mailako unibertsitate-titulu bat izatea; ingeleseko B2 maila izatea gutxienez, eta baloratuko da euskara eta atzerriko beste hizkuntza batzuk jakitea; iragan urtarrilaren 1ean 30 urte bete gabe izatea; Euskadin erroldatuta egotea azken urte osoan, edo 5 urtez jarraian aurreko 10 urteetan; eta antzeko bekarik jaso ez izana.

Ez galdu beka hau eskatzeko aukera, eskaerak aurkezteko epea 2023ko apirilaren 19an amaitzen da. Presta zaitez zure ametsak egia bihurtzeko eta zure karrera profesionala hurrengo mailara eramateko BEINT bekekin!