Ordiziako osasun-zentro berriak astelehen honetan zabalduko ditu ateak, erabat berritu ondoren

0

Osakidetzak 2 milioi euroko inbertsioa egin du osasun-zentroaren azalera erabilgarria handitu eta espazio berriak sortzeko

Ordiziako osasun-zentroak astelehen honetan, martxoaren 18an, zabalduko ditu berriro ere ateak lehen zegoen tokian bertan, bi urte inguru iraun duten berritze-lan handien ondoren. Lan handi horrekin, azken urteetan hazkunde nabarmena izan duen biztanleriaren beharrei erantzuteko osasun-zentro handiagoa, modernoagoa eta hobeto hornitua izango du herriak.

Osasun-zentroa Goierri – Urola Garaiko ESIaren barruan dago, eta Ordiziako Etxezarreta kaleko 11 zenbakian kokatzen da. Handitze-obra horri esker, azalera erabilgarri osoa 1.050 metro koadrora handitu da, eta horrek aukera eman du espazio berriak sortzeko eta daudenak hobetzeko.

Hobekuntzarik nabarmenen artean daude:

  • Familia-medikuntzako 8 kontsulta (lehen 6 ziren)
  • Erizaintzako 8 kontsulta (lehen 5 ziren)
  • Lehen Mailako Arretako fisioterapeutaren kontsulta 1
  • Pediatriako 2 kontsulta (berriak)
  • Pediatria-erizaintzako 2 kontsulta (berriak)
  • Emaginen kontsulta 1 (berria)
  • Botikina
  • Erauzketa-gela
  • Proba funtzionalen gela
  • Larrialdietarako gela
  • Liburutegia
  • Gimnasioa

Konpromisoa Lehen Mailako Arretarekin

Ordiziako Udalak osasun-zentroaren azpiko lokalak laga izana funtsezkoa izan da bertako herritarrei eskaintzen zaien osasun-asistentzia hobetzea ahalbidetuko duen handitzea egiteko. Lan horrekin beste urrats bat egin da Lehen Mailako Arreta indartzeko bidean, eta horixe da, hain zuzen, Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lehentasunetako bat.