Nerea Melgosa´k Mons´eko (Valonia) Eskualdeen eta Hirien Goi Bileran “Trapezistak“ programa aurkeztu du, Europar Batasuneko beste eskualde batzuentzako harrera eredua

0

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak, “Komunitate inklusiboak eraikitzen” goiburuarekin Monsen (Valonia) garatzen ari den Eskualdeen eta Hirien Hamargarren Goi Bileran, jardunbide egokien adibide gisa, “Trapezistak” programa aurkeztu du gaur, 18 eta 25 urte bitarteko gazteei helduarorako bidean harrera, prestakuntza eta laguntza emateko programa. Gehienak migratzaileak dira, baina bertakoei ere zuzendua da.

Trapezistak” programa Migraziorako Euskal Itun Sozialaren barruan dago, eta Euskal Harrera Eredua osatzen duten ekimenen sare zabal baten parte da. Eredu horretan, erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da, 130 udalek parte hartzen baitute. Euskal ekimenak bizikidetzaren, inklusio osoaren eta aniztasun kulturalaren alde egiten du, eta migratzailea, iristen den unetik, euskal gizartean sartzeko prozesuak errazten ditu: “jaso nahi genukeena eskaintzea”.

Bihar arte, asteartea, Wallonia Conference Center Monseko instalazioetan egingo den goi-bileran parte hartuko dutenak dira, besteak beste: Ylva Johansson Europako Barne Komisarioa, Veronica Ortis Simal UNICEFeko Europa eta Asia erdialderako arduraduna, Antje Grotheer Bremengo parlamentuko presidenteordea, Philippe Close Bruselako alkatea, Justine Panteļejeva Rigako zinegotzia eta Eskualdeetako Batzordeko kidea, eta Anne Rudisuhli Bouches-du-Rhôneko departamenduko kontseiluko kidea. Xabier Legarreta eta Ana Reka parte hartu dute ere.

Trapezistak” programak erraztu egiten du etxerik gabeko gazteek –gizarte-zerbitzuek artatuek– laguntzak eskuratzea, hau da, ekintza positiboko neurriak gazteria-politika publikoen eta migrazio ekonomikoen barruan”, nabarmendu die Nerea Melgosak Europako hiri eta eskualdeetako ordezkaritzei.

 Aukera

Melgosa sailburuak eskertu egin du “migrazioei eta gazte kalteberenen helduarorako igarobideari buruzko gure esperientzia eta hausnarketa partekatzeko aukera. Egia da aurrerapenak eta atzerapausoak daudela, eta gure zeregina horiei laguntzea da, sareekin eta loturekin, trapezioaren artean bezala, eta haiekin batera etorkizuna eraikitzea. Horixe egiten dugu Trapezistak programaren bidez. Programa hau Hirugarren Sektoreko 26 erakundek sustatzen dute, Eusko Jaurlaritza buru dela, eta politika publiko komunitarioan oinarritzen da”.

“2023ko urtarrilaren 1ean, Euskadin, 2.216.300 pertsona bizi ziren, eta horietatik 274.140 atzerrian jaioak ziren:  EAEko biztanle guztien % 12,4 atzerritar jatorrikoak dira”, azaldu du Melgosak Monseko biltzarrean.

Laguntzak aldatu egiten dira prozesuan zehar. Besteak beste: enplegurako prestakuntza eta bitartekaritza; gizarte- eta hezkuntza-arloko laguntza; eta ingurune komunitario bateko bizikidetzaren alternatibak. Zehazki, gehienez 6 pertsonako pisuak eta ikasle edo langile gazteekin partekatutako etxebizitzak; antzeko profila eta ibilbide luzeagoa duten erreferentziazko gazteak; eta adinekoak.

Emaitza onak

Programaren emaitzei dagokienez:  2023an, 242 sarrera eta 206 irteera izan ziren, 606 lagunentzat. Irteeren % 72k (149 pertsona) programaren emantzipazio-helburuak lortu zituzten, eta, beraz, beren bizi-proiektuari baliabide propioekin eusten dioten pertsonak dira.

TRAPEZISTAK Migraziorako Euskal Itun Sozialaren barruan dago, eta Euskal Harrera Eredua eratzen duten ekimenen sare zabal baten parte da. Eredu horretan erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da, 130 udalek parte hartzen baitute.   Eredu horrek bizikidetzaren, inklusio osoaren eta aniztasun kulturalaren alde egiten du, eta euskal gizartean sartzen laguntzen du, iritsieratik: “jaso nahi genukeena eskaintzea”.  “Bizi nahi dugun Europaren eraikuntzan aurrera egin behar dugu:  eskubideen eta betebeharren Europa humanista. Eman diezaiogun aukera bat gizarte gisa”, esanez amaitu du Nerea Melgosak.

Eskualdeen eta Hirien Goi Bilera Europarrak goi-mailako arduradun politikoak eta tokiko agintariak biltzen ditu, jardunbide egokiak trukatzeko eta integrazio-politika eraginkorren garapenerako hobekuntza-alderdiak identifikatzeko, iritsi berriak zein harrera-komunitateak ahaldunduko dituztenak etorkizun inklusiboago baten eraikuntzan. Nerea Melgosa sailburuarekin batera, Marta Marin Eusko Jaurlaritzak Europako Erakundeen aurrean duen ordezkaria Bruselan eta Ana Reka Kabineteko zuzendaria izan dira.

Goi Bilera

Beren komunitateen premien ikuspegi orokorra dutenez, toki- eta eskualde-administrazioek irtenbide berritzaileak bilatzen dituzte, eta errefuxiatuak eta migratzaileak epe luzera gizarteratzeko politika eta ekimen aurrerakoiak praktikan jartzen dituzte. Horri esker, errefuxiatuak eta migratzaileak komunitate askoren zati integral bihurtu dira, gizartean, kulturan eta ekonomian laguntzen dutelako.

Beren esperientziarekin EBko politika integralagoak eta arlo horretan maila anitzeko gobernantza eraginkorra formulatzen lagun dezaketen hiri eta eskualdeei ahots sendoagoa emateko asmoz, Monsen erakutsi dira estatuz azpiko administrazioek, besteak beste Euskadik, aurrera eramandako ekimenak. Baita toki- eta eskualde-administrazioek hirugarren herrialdeetatik datozen pertsonak tokiko komunitateetan hartzeko eta integratzeko orduan dituzten erronkak ere.