Osakidetzak SMS bidez hitzorduak gogorarazteko zerbitzu berria jarri du abian Uribeko ESIan

0

Proiektu pilotu gisa hasi da, erradiodiagnostikoko zerbitzuaren agenda batzuekin, eta, pixkanaka, arreta espezializatuko gainerako kontsulta eta azterketetan ezarriko da

Hitzordua adostuta duten pertsonek 72 ordu lehenago beren hitzordua gogoratzeko mezu bat jasoko dute telefono mugikorrean, SMS bidez.

Gaurtik —astelehena— aurrera, Osakidetzak berehalako mezuak (SMS) bidaliko dizkie Uribeko herritarrei, hauen telefono mugikorretara, arreta espezializatuko hitzordua dutela gogorarazteko. Hitzordua baino 3 egun lehenago bidaliko da mezua pazientearen fitxan agertzen den telefono mugikorrera, eta pazienteak berak aukeratutako lehentasunezko hizkuntzan. Ekimena proiektu pilotu batekin hasiko da, erradiodiagnostikoko zerbitzuko hitzorduekin, eta, ondoren, gainerako kontsultekin eta arreta espezializatuko azterketekin osatuko da.

SMS mezularitza-sistemak aukera emango du hitzordua gogoratzeko eta, hala badagokio, behar besteko aurrerapenaz hitzordu hori ezeztatzeko, joaterik ez badago. Mezuan adieraziko dira pazientearen jaiotza-data (identifikazio gisa), hitzorduaren eguna, ordua eta zerbitzua, eta hitzordua aldatu edo bertan behera utzi behar izanez gero deitu beharreko telefono-zenbakia. Telefono bidezko arreta-ordutegia 08:00etatik 20:00etara da, astelehenetik ostiralera.

Sistema hori ezartzeak arreta espezializatuan hitzorduak kudeatzea erraztuko du. Gaur egun, Uribeko ESIak 175.000 biztanleri eskaintzen die zerbitzu hori, 18 udalerritan banatuta: Arrieta, Bakio, Barrika, Berango, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Getxo, Gorliz, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia, Sopela eta Urduliz. Azterketa eta kontsulta espezializatuak Urdulizko Ospitalean eta Areeta, Algorta eta Mungiako osasun-zentroetan egiten dira.