Jaurlaritzak Elkarlan sariak banatu ditu balio publikoa sortzen duten proiektu berritzaileentzat

0

2022ko Elkarlan sarien lau irabazleek gaur jaso dituzte beren aitortzak balio publikoa  sortzen duten proiektu berritzaileengatik. Saritutako proiektuek Garaion Naturartea Elkartea (Bizi Bizia proiektua), Norai (Etorkizuna Musikatan), EME Komunikazioa (Pikara Magazine) eta Fundación Residuos Cero (Rexcatering) taldeek landu eta garatu dituzte. Izan ere, horiek izan dira irabazi asmorik gabeko erakundek lehiaketara aurkeztutako 31 proposamenen artean ondoen baloratu dituztenak.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak 9.000 euro eman dizkie irabazleei, eta, gainera, dagozkien planak aplikatzeko, kanpoko aholkularitza ere jasoko dute. Horren bidez, transferentzia-produktu bat sortu ahal izan dute eta Euskadiko OGPren Foro Irekian aurkeztu dute.

Sari horiek balio publikoa sortzeko proiektu berritzailea eta bere sustatzaileak errekonozitzeaz gain, beste eragile batzuen parte-hartzea bultzatzeko formulak trukatzen ere laguntzen dute. Euskadin balio publikoa sortzeko ikaskuntza eta lankidetza sare bat sendotzea da erronka. Modu horretan, herritarren ahalduntzea bultzatu eta gai publikoetan parte-hartzea eta lankidetza sustatu ahal izango da.

Saritutako proposamenak honako ardatzak dituzte: elikagaien kontsumo adimentsua; haurren abesbatzak eta orkestrak prestatuz gizarte eta hezkuntza integrazioa; zumezko topaguneak sortuz herritarren parte-hartzea sustatu; eta kazetaritza feministako proiektu bat. Irabazleek bideo, inkesta, ipuin edo memoria formatuetan aurkeztu dituzte euren transferentzia-produktuak. Horrela, praktika on edo jardunbide egoki hori beste eragile batzuei azaldu eta zabaltzen zaie erreferentzia gisa, beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko.

Sariak OGP-Euskadi Gobernu Irekiaren Foro Irekiaren urteroko bileraren barruan banatu dira, gaur arratsaldean, Bilbon. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako Sailburuorde Jon Urbina Garcia de Vicuñak inauguratu du, eta Adimen Artifizialari eta Gobernu Irekiari buruzko hitzaldi bat ere izan da, Borja Calvo Molinos EHUko adituaren eskutik.

Sailburuordeak ekitaldiari hasiera eman ondoren, Elkarlan sariak eman zaizkie beren proposamenak azaltzeko hitza hartu duten proiektu irabazleei. Hauek dira:

  • Etorkizuna Musikatan

Etorkizuna Musikatan Bilboko Ibaiondo barrutiko auzoetan bizi diren askotariko kulturetako haur eta nerabeei zuzendutako proiektua da, haiekin integrazio lana eta dinamizazio soziala eta hezitzailea eragiteko. Hau guztia testuinguru urratuetan eraldaketa soziala erraztuko duten haurren abesbatza eta orkestren prestakuntzaren bitartez. Norai elkarteak bideratutako egitasmo honetan, musikaren bidez balio pertsonal eta komunitarioen garapena bultzatzen da, kulturen arteko bizikidetza eta gizarteratzea sustatuz.

Halaber, sentsibilitatea eta trebetasun musikalak garatuz, ekimenak gaitasun sortzaile eta artistikoen aktibazioa sustatu nahi du, benetako eraldaketa soziala lortzeko gai baitira.

  • Bizi Bizia

Garaion Naturartea Elkarteak jarduera desberdinak antolatzen ditu natur elementuak eta auzolan kontzeptuak elkartuz. Herri ezberdinetan topaguneak egin eta zumezko egitura berdeak sortzen dituzte elkarlaneko dinamika batean. Eskoletako gazteak, aisialdi taldeetako kideak familia eta guraso taldeak, auzo elkarteak eta gizarte eragileak parte hartzen dute. Parte-hartzea, hezkidetza, inklusibitatea eta euskararen erabilera sustatzen dira ekimen honetan.

  • Rexcatering, gure elikagaien kontsumo adimentsuaren alde

Rexcatering Euskadiko sukalde nagusietan eta jantoki kolektiboetan soberakinak berreskuratzeko proiektu integrala da. Fundación Residuo Cero elkartearen ekimen hau aitzindaria da lurraldean, eta elikagaiak alferrik ez galtzea eta zaborrera joan ez daitezen lortu nahi du. Horretarako, saihestezinezkoak diren janari soberakinak beste pertsona batzuen eskura jarri nahi ditu, Zero Zabor Hozkailuen bidez. Zero Hondakinetarako Hozkailu horiek etengabe eta doan daude eskuragarri herritar guztientzat, eta pobrezia estigmak hausten dituzte. Ekimenak hezkuntza osagai sendoa dauka, izan ere, Rexcatering ekimenari atxikitako ikastetxeen hezkuntza planetan integratzen da, eta ikasleak elikagaiak berreskuratzeko prozesu osoan inplikatzen ditu.

  • Pikara Magazine

Pikara Magazine izeneko komunikabideak zapalkuntza ardatzak zalantzan jartzen dituen kultura, politika, pentsamendua eta ekintza feminista sustatzen ditu. Kazetaritza hizkuntza erabiltzen du bereziki, baina beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen ditu, hala nola grafikoa eta umorezkoa. Kazetari feministentzako gunea da, kritikaren, transgresioaren eta gozamenaren aldeko apustua egiten duena. Kazetaritza feministako aurreko proiektuetan, komunikabide kritikoetan eta komunikazio feministako proiektuetan oinarrituta dago EME Komunikazioa elkartearen ekimena.