Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, “Innobasqueren 2024ko Prospektiba Txostena. Berrikuntza Joerak” aurkeztu du gaur goizean. Urteroko dokumentu horren bidez, “euskal enpresek aukera dute berrikuntzaren arloan munduko dinamika handiak zein diren ikusteko, bai eta gure berrikuntza-estrategietan nola eragiten duten jakiteko ere”, azpimarratu du Manuel Salaverria presidenteak. Txostena eskuragarri dago Innobasqueren webgunean.
Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak etorkizun hurbila zehaztuko duten zenbait megajoera aipatu ditu aurkezpenaren hasieran. Hauek azpimarratu ditu: “Geoteknoekonomia terminoa finkatu egingo da. Geoestrategia, ekonomia eta teknologia uztartzen ditu kontzeptu horrek, eta beharrezkoa da ulertzea, enpresek zer arrisku dauden jakin dezaten eta horien inpaktuari aurre har diezaioten produktuetan, zerbitzuetan, hornidura-kateetan eta bezeroen arloan”. “Krisi jarraitu bat bizitzen eta jasaten ari gara: belikoa, ekonomikoa, politikoa, soziala, etab. Eta hori guztia azelerazio teknologiko biziko testuinguru batean. Ondorioz, Munduko Ordena desberdin bat sortzen ari da, ikuskera oso polarizatuekin, eta zenbaitetan faltsuekin, eta, gainera, atzean ziurgabetasun, balio-aldaketa eta kezka etengabekoak daude“, Salaverriaren esanetan.
Bestalde, gaur egungo zenbait erronka ere nabarmendu nahi izan ditu Salaverriak: klima-krisia, aldaketa demografikoak (hala nola biztanleriaren zahartzea, hazkundea eta hirietan metatzea; berrikuntza teknologikoak ezartzeko funtsezko profil profesional batzuen gabezia; eta helburu desberdinak dituzten belaunaldien arteko tentsio kulturala), baita digitalizaziorako bidean edo informazio egiazkoa eskuratzeko aukeretan dauden desoreken ondorioz sortutakoak ere. “Aldi berean, gero eta arautuago dagoen mundu baterantz goaz, eta zenbait alderditan, desordena eta etika falta mehatxu izan daitezke. Megajoera bakoitzak besteekin elkar eragiten du, eta horrek ziurgabetasun handiko sentipena sortzen du etorkizunera begira. Halaxe zuen titulua iazko Oscar saria irabazi zuen filmak ere: “Dena aldi berean eta alde guztietan”, laburtu du Salaverriak.
Manuel Salaverriarekin batera, Innobasquen prospektibaz arduratzen den lantaldeko kideak aritu dira aurkezpenean: Lola Elejalde eta Oihana Blanco. Biak izan dira txostenaren egileak. Haien esku-hartzean gaur egun gehien eragiten duten bost joerak azaldu dituzte.
Berrikuntzako bost joerak 2024ari begira
Lehenik eta behin, azaldu dute Adimen Artifizial sortzailea esparru guztietan sartu dela eta horrek berehalako aplikazioak eta eraginak izango dituela. “Tradizionala jo dezakegun AAk ez bezala, sortzaileak ideia eta eduki berriak eta ez-egituratuak sor ditzake, besteak beste testuak, irudiak, elkarrizketak, audioak, bideoak, musika edo kodeak. Horrenbestez, aurreko teknologiek, funtsean, lan fisikoko jarduerak automatizatzea ekarri bazuten, AA sortzaileak eragin handiagoa izango du jakintza sortzeko zereginean”, azpimarratu dute. “Duen ahalmena kontuan izanda, auzia ez da enpresetan erabiltzea edo ez erabiltzea, baizik eta erabakitzea zertarako, zenbateko irismenarekin, zer erritmotan eta nolako arriskuarekin erabiliko den. Enpresa batzuen eta besteen arteko aldea, beraz, AA sortzailea erabiltzeko moduak ekarriko du”, zehaztu dute. Eta balizko erabilera horietako bat ere aurreratu dute: enpresek “bezero/erabiltzaile sintetikoak” sortu ahal izango dituzte, horien bidez simulazioak egiteko eta proposamen berrien ahalmena balioztatzeko.
AAri eskainitako analisiaren barnean, AAren eskutik sortu den berrikuntza-eredu berriari ere arreta jartzen dio txostenak. “AAk bultzatutako mundu berri honetan, joera da berrikuntza modu autonomoagoan egitea. Progresio bat izango da: pertsonaren lan soilean oinarritutako heldutasun maila txikienetik berrikuntza autonomoan oinarritutako heldutasun-maila handienera. Berrikuntza autonomo horren funtsa, ordea, ez da lehendik dagoen sistema batean Adimen Artifiziala integratzea, baizik eta berrikuntzaren ziklo osoa berrasmatzea. Gizakiaren eta makinaren artean elkar eragiteko sistema bat garatzea da kontua, berrikuntzarako motor gisa jardungo duena. Beti aktibo egongo den mekanismo bat, etengabe produktu, zerbitzu eta negozio berriak imajinatzeko, sortzeko eta abiarazteko gai izango dena, orain arte imajina ezinak ziren kalitate, abiadura eta arrakasta-tasarekin. Eta pertsonak izango dira motor horren helburuak diseinatu, erabili eta finkatuko dituztenak”, azaldu dute.
Bigarren joera nabarmena “konbentzimenduzko jasangarritasuna” da: horren arabera, ingurumenarekiko errespetua ezarpentzat hartu beharrean lehiakorragoak izateko abantailatzat hartzen da, gero eta exijentzia handiagoa duten inbertitzaileei eta kontsumitzaileei esker. Esparru horretan gero eta exijenteagoak izango dira langileak ere, hirugarren joeraren protagonistak. Teknologia berriek enplegu asko desagerraraziko dute, baina, era berean, talentu espezializatua sortzeko, eraldatzeko eta fidelizatzeko beharra ere akuilatuko dute, eta talentu hori erakartzeko, enpresek beren funtzionamendua doitu beharko dute beste era bateko profesional batzuen beharrizanetara.
Laugarren joera beste hau izango da: erresilientzia bultzatzea eta negozio-ereduak egokitzeko gaitasuna eta abiadura hobetzea; izan ere, megajoera guztien arteko konexioaren ondorioz sortu den “tsunami perfektuak” hainbat aldaketa ekarri ditu, eta enpresek horietara egokitu beharko dituzte beren negozio-ereduak. Azkenik, Elejaldek eta Blancok konputazio kuantikoak ekarriko duen hurrengo “jauzi” teknologikoaren ahalmena nabarmendu dute, baita zibersegurtasunaren gero eta garrantzi handiagoa ere. Erronka hauxe da: enpresek nola ezarriko duten jakintza hori guztia haien barne-egoera eta testuingurua aintzat hartuta.
Amaitzeko, hala adierazi du Salaverriak: “Espero dugu txostenak halako sentipen-nahasketa bat sortuko duela: gogoa, etorkizuneko aukeren aurrean; jakin-mina, teknologia eta jardun jasangarri berriak esploratzeko; eta ikuskera kritikoa, teknologia horien ezarpenak dakartzan erronkei buruz. Nolanahi dela ere, enpresetan hausnarketa eragin nahiko genuke testuinguru aldakor honetan egokitzeko eta aurrera egiteko moduari buruz, moldagarritasuna eta berrikuntza ardatz hartuta”.