Belaunaldien arteko elkarrizketa bultzatu du Emakundek, euskal gizarteak berdintasunarekin duen konpromisoa sendotzeko

0

Bilboko IED Kunsthal Goi Mailako Diseinu Zentroak Berdintasunaren eta Emakumeen Aurkako Indarkeriarik Gabeko Bizitzaren Aldeko Herri Itunaren ekintzetako bat hartu du gaur. Ekimena belaunaldien arteko elkarrizketa bat izan da, adin eta profil desberdinetako hiru emakume eta hiru gizonen parte-hartzearekin, berdintasunerako bidean adineko emakumeek duten papera eta egungo belaunaldi gazteen artean haien ondareak duen garrantzia balioesteko. Nazio Batuak Emakumeak (NBE) erakundeak antolatzen duen Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen urteko saioaren 68. edizioaren barruko ekitaldi paralelo gisa antolatu da gaurko ekintza Euskaditik.

Emakundek NBEren «Generation Equality» (Berdinaldia) nazioarteko ekimenaren barruan gure herrialdean bultzatutako lan-prozesu baten emaitza da ituna, eta bere zeregina euskal gizartearen konpromisoa ikusaraztea, zabaltzea eta aktibatzea da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aurrerapena bizkortzeko eta Euskadin indarkeria matxistarik gabeko bizitza eraikitzeko, 2030 Agendaren helburuen esparruan.

Jardunaldian hainbat gai jorratu dira, hala nola harreman afektibo-sexualak eta gizonek eta mutilek berdintasunean duten zeregina. Publikoa, batez ere, Herri Itunera atxikitako institutuetako ikasleek osatu dute: Lauaxeta Ikastolakoak, Zunzunegui BHIkoak, Artatza Romo BHIkoak eta Otxarkoagako Ikastetxeetakoak, baita Euskadiko beste eragile gazte batzuek eta Herri Itunari atxikitako Gazteriaren Euskal Kontseiluak (EGK) ere.
Ekitaldiak Emakunderen eta IED Kunsthal Bilbao ikastetxearen arteko lankidetza bultzatzeko ere balio izan du.

IED Kunsthal Bilbao ere herrialde mailako itunarekin bat eginda dago, eta horrekin hainbat ekintza garatuko dira etorkizunean.