Lanbidek 23,2 milioiko laguntzak onartu ditu honako ekintzetarako: enplegua sustatzea, emakumeei laguntzea, desgaitasuna duten pertsonei laguntzea eta bateragarritasuna sustatzea

0
  • Nabarmentzekoa da 19,1 milioiko partida, xede duena toki-erakundeek proiektuak abian jartzea

Lanbideren Administrazio Kontseiluak enplegua babesteko lau programaren deialdia onartu du 2024rako, orotara 23,2 milioikoa.  Zehazki, programek helburu dute hainbat ekimen abian jartzea toki-erakundeek enplegua sustatzeko, landa-eremuetan eta hiri-eremuetan emakumeei laguntzeko, familia eta lana bateragarri egiteko eta lan-merkatu arruntean desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko.

Lehenengo deialdiak 19,1 milioi euroko zuzkidura du; eta helburu du EAEko toki-erakundeek enplegua sortzeko proiektuak abian jar ditzaten. Proiektuak udalerrika, mankomunitateka, koadrilaka edo udalerri-multzoka bilduko dira. Bi ekintza-mota finantzatuko dira: bata, enplegua sustatzeko ekintzak; hau da, aldi baterako lan-esperientziaren bidez langabeen enplegagarritasuna handitzea helburu duten kontratazioak sustatzea; ekintza hauek pertsonen kualifikazioa eta/edo gaitasun pertsonalak eta motibazioa indartuko dituzte. Besteak, berriz, kontratazioak errazteko  laguntzak dira; hain zuzen ere, helburu dute, tokiko enpresek kontratu ditzaten langabetuak eta merkatu arruntean enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonak.

Enplegua sustatzeko ekintzen kasuan, finantzatuko dira kontratatutako pertsonen soldatako eta Gizarte Segurantzako kostuak. Kontratuek gutxienez % 50eko lanaldia izango dute gehi 3 eta 6 hilabete arteko iraupena. Gehieneko laguntza 12.500 eurokoa izango da kontratu bakoitzeko. Kontrataziorako laguntzen kasuan, finantzatuko dira kontratatutako pertsonen soldatako eta Gizarte Segurantzako kostuak. Kontratuak, gutxienez, % 50eko lanaldikoak izango dira; baina 2 modalitate hauetan: kontratu mugagabeak eta iraupen jakinekoak. Kontratu mugagabe bakoitzeko laguntza, gehienez, 8.000 eurokoa izango da (10.000 eurokoa kolektibo behartsuak kontratatzen badira). Artisten zein ikuskizun publikoetako teknikarien eta laguntzaileen iraupen jakineko kontratu bakoitzeko laguntza, gehienez, 6.000 eurokoa izango da (7.500 kolektibo behartsuentzat), eta kontratu horiek, gutxienez, 3 hilabeteko iraupena izan behar dute. Kontratuak emakumeekin egiten badira, diru-laguntzaren zenbateko guztiak % 10 gehituko dira. Aurtengo aurreikuspena hauxe da: 1.200 kontratu finantzatzea enplegua sustatzeko modalitatean, eta 880 kontrataziorako laguntzen bidez.

Landa- eta hiri-eremuetan emakumeei laguntzea

Aparte, diru-laguntzen bigarren deialdia onartu da, landa- eta hiri-eremuetan emakumeei laguntzeko programa garatzeko. Deialdi hori kokatuta dago Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, Europar Batasunak–NextGenerationEU – finantzatutakoa. Orotara, 1,16 milioi euroko zuzkidura du. Eta bilatzen du, batetik, parte-hartzaileen trebakuntza eta laneratzea; baina , aldi berean, benetako berdintasuna eta diskriminaziorik eza indartzea, enplegua lortzeari dagokionez. Horretarako, landa- eta hiri-eremuetako emakumeei arreta pertsonalizatua emango die. Aparte, banakako ibilbideak garatuko dira, non ekintza hauek uztartuko diren: lan-orientazioa, aholkularitza, informazioa, prestakuntza, zeharkako gaitasunak eta trebetasunak eskuratzea, laneratzea erraztea eta enpleguan laguntzea.

Jarduera-eremuak honako hauek izango dira: iraupen luzeko zaintzak, ekintzailetza eta gizarte-ekonomia, eta, besteak beste, honako hauekin lotutakoak: energia berriztagarriak, uren eta hondakinen tratamendua, ingurumena errespetatzen duten baso- eta nekazaritza-aprobetxamenduak, ekonomia zirkularra, zerbitzuen digitalizazioa, onlineko merkataritza-jarduerak, teknologia, landa-eremuko tokiko garapena eta gizarte-kohesioa indartuko dituen garapen iraunkorra (mendekotasunaren arreta eta kolektibo kalteberekiko esku-hartzea). Eta hartzaileak Lanbiden izena emandako emakume langabeak dira.

Lehenengo deialdian, 55 emakumek hartu zuten parte. Horietatik 11k besteren konturako laneratzea lortu zuten. Bigarren deialdi honetako kredituarekin, berriz, espero da 455 emakumek parte hartzea,  eta horietatik 91k laneratzea lortzea.

Familia eta lana bateragarri egitea

Era berean, Administrazio Kontseiluak argi berdea eman dio 2 milioi euroko partidari, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzetarako. Zehazki, diruz laguntzen da langabeak kontratatzea honako langileak ordezkatu ditzaten: seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu duten besteren konturako langileak, edo kooperatiba-sozietateetako langileak. Era berean, diru-laguntza ematen da aurretik lanaldi partzialerako kontratatutako langile baten lanaldia luzatzeko (eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dagoen beste langile baten lanpostua betetzeko). Diruz lagundu daitezkeen gehieneko aldiak eguneratu egin dira. Eta ia bikoiztu egin dira emakume bat kontratatzen bada gizonezko bat ordezkatzeko.

2023an, 587 kontratu diruz lagundu ziren: 450 emakumeenak; 137 gizonenak;  262 kontratazio berri;  325 luzapen eta/edo lanaldi-luzapen. Ordezkapen horien arrazoi nagusia adingabeak zaintzea izan zen: 563. Eta soilik 24 izan ziren  mendekoak zaintzeko. Enpresa onuradunen kopuruari dagokionez, 237k jaso zituzten laguntza horiek (883.000 euroko aurrekontu exekutatuarekin). 2024rako, berriz, aurreikusten da  1.000 pertsona ingururen kontratazioa finantzatzea.

Desgaitasuna merkatu arruntean

Azkenik, 850.000 euroko laguntzak onartu dira, desgaitasuna duten pertsonen enplegua lan-merkatu arruntean sustatzeko, eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoa handituz. Diruz lagunduko dira:  kontratu mugagabeak; enplegua sustatzeko edo prestakuntzarako aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea; eta, kontratazio berrietan, lanpostuak egokitzea, eta oztopoak ezabatzea. Enpresentzako diru-laguntzaren zenbatekoa 5.500 eurokoa da (kontratatutakoa emakumea baldin bada edo 45 urtetik gorakoa bada, laguntza 6.000 eurokoa izango da), kontratua lanaldi osokoa denean. Kontratua lanaldi partzialeko bada, kopurua  proportzionala izango da. Laneratzeko zailtasun bereziak dituen pertsona bat kontratatzen bada, laguntza 7.000 eurokoa izango da (7.500 eurokoa emakumea edo 45 urtetik gorakoa bada). Pertsona hori lan-enklabetik badator, laguntza 8.000 eurora arte igoko da. 2023an, 135 kontratu mugagabe diruz lagundu ziren, zenbatekoa 540.000 eurokoa izan zen,  eta lanpostu bat egokitu zen. 2024rako, aurreikusten da  150 kontratazio eta hiru egokitzapen finantzatu ahal izatea.