Astekonomiak esportazioei, turismoen matrikulazioei eta otsailean euskal hoteletan lortutako ostatu-gauen errekor berriari erreparatzen die

0

Gutxiago saldu zen atzerrira, baina salmenta horiekin lortutako guztizko balioa urtarril bateko handiena izan zen. Hori da euskal esportazioen egoeraren argazkia urtearen hasieran, gaur egun Astekonomian goiburu dena. Asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenen laburpena da, eta, era berean, turismoen matrikulazio berrien bilakaera eta otsailean euskal hoteletan lortutako ostatu-gauen errekor berria jasotzen ditu.

Urtarrilean, Euskaditik atzerrirako ondasunen esportazioak % 12,7 jaitsi dira aurreko urteko lehen hilabetearen aldean. Dena den, jaitsiera hori gorabehera, zifra absolutuetan lortutako guztizko balioa (2.376 milioi euro) urtarril bateko bigarren kantitaterik handiena da, aurreko urtean lortutakoaren atzetik.

Bestalde, DGTk argitaratu berri duen informazioaren arabera, Euskadin 2.215 turismo saldu ziren otsailean, aurreko urteko aldi berean baino % 1,3 gutxiago. Jaitsiera horrekin, baieztatu egiten da lortutako erregistroak oso urrun daudela pandemia aurreko urteetan saldutako unitateetatik.

Orobat, Euskadiko hotel-establezimenduetako ostatu-gauak % 1,9 areagotu ziren otsailean aurreko urteko aldi beraren aldean. Hala, hazkunde-erritmoa moteldu egin da, nahiz eta erregistratutako 408.000 ostatu-gauak otsail batean inoiz lortutako zifrarik handiena izan.

Asteroko laburpen hau minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, eta gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea du helburu.