Osakidetzak Euskadin dagoen estalkiko eguzki-instalaziorik handiena eraikiko du, Gurutzetako Ospitalea energia elektriko garbiaz hornitzeko

0

 4,3 milioi euroko inbertsioa eskatuko du. BEC erakustazokaren estalkian kokatuko da eta 7 futbol-zelairen pareko azalera izango du. Ospitalearen kontsumoaren herena estaliko du

Osakidetzak Euskadi osoko estalkiko eguzki-instalazio fotovoltaikorik handiena lizitatu du, eta Estatuko instalazio handienetakoa, egiteko obra. Instalazioa Bilbao Exhibition Center erakustazokako 1., 3. eta 5. pabiloien estalkietan egongo da*, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea energia elektrikoz hornituko du.

Instalazioak 4,3 milioi euroko inbertsioa eskatuko du eta guztira 49.000,00 m2 inguruko azalera hartuko du, 7 futbol-zelairen parekoa gutxi gorabehera. Horrek 4,9 MW-eko potentzia izendatua (eta 5,76 MW-eko potentzia pikoa) ahalbidetuko du, eta hori ospitalean bertan lortzea ezinezkoa izango litzateke, espazioaren mugak tarteko. Horrela, gainera, Gurutzetan dauden estalkiak etorkizunean ospitale-zerbitzurako garrantzitsuak izan daitezkeen instalazioetarako gordeko dira.

Instalazio berriak 7.200 MWh/urte inguru sortzea aurreikusten da, eta, hartara, ospitaleko kontsumoaren herena, gutxi gorabehera, estaliko da. Horretarako, bi aurpegiko moduluen teknologia izango du. Teknologia horrek eguzki-energia panelaren bi aldeetatik hartzeko aukera ematen duenez gero, energia sortzeko ahalmen handiagoa du.

Ospitaleko energia elektrikoaren eskaria partzialki autohornitzeaz gain, instalazio berriak aukera emango du distantzia handiko ekoizpen eta banaketa elektrikoari lotutako CO2 emisioak murrizteko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legean (otsailaren 21eko 4/2019 Legea) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Jasangarritasunari buruzko Dekretuan (azaroaren 10eko 254/2020 Dekretua) ezarritako helburuak beteko ditu.

Hain zuzen ere, eguzki-energia fotovoltaikoko elektrizitatea sortzeko sistemak —aztergai dugunaren gisakoa— inplementatzea Osakidetzako zentroetan jasangarritasun energetikoaren irizpideak betetzeko jarduketa-planaren parte da. Plan horren helburuak dira Osakidetzan energia-kontsumoak murriztea eta ekoizpen berriztagarria areagotzea, eredu jasangarriago baterako bidean.

Proiektuak, hasieratik, Energiaren Euskal Erakundearen lankidetza estua izan du. Erakunde horrek diseinuan parte hartu du, eta informazio teknikoa, administratiboa eta arautzailea eman du, proiektua garatzeko.