Amorebieta-Etxanoko hilerriko indusketa lanen bigarren fasea hasiko da

0
PRUEBA

Gaur, Amorebieta-Etxanoko hilerriko indusketa lanen bigarren fasea hasiko da. Bigarren fase honetan, 2023ko abenduan induskatutako eremuaren ondokoa da arakatuko dena, orduko hartan, 54 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu eta atera ziren lurpetik. Zantzu guztien arabera, hildakoak gudariak eta milizianoak dira, eta inguruko gerra-fronteetatik edo garaiko herriko Odol Ospitaletik eraman zituzten.

Indusketak hilerriko eremu zehatz eta mugatu batean egiten segiko dira, eremu hori bere horretan kontserbatu da urteetan eta dokumentazio historikoak jasotzen zuenez, gero egiaztatu den moduan, gerran hildako pertsonak lurperatu zituzten bertan.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro, bihar, martxoak 26, 10:30ean, lan horien jarraipena egitera hurbilduko da, eta bertaratzen diren hedabideei erantzungo die.

Indusketa eta lurpetik ateratzeko lanen iraupena, hala badagokio, hurrengo egunetan egingo diren aurkikuntzen araberakoa izango da.

Eusko Jaurlaritzaren Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko programa

Abenduan lurpetik atera zituzten 54 pertsonen gorpuzkiak identifikatzeko lanetan ari da Gogora. Horretarako, Memoria Institutuak berriz ere dei egiten die inguru horretan desagertutakoen familiei, Gogorarekin harremanetan jar daitezen eta balizko identifikazio batera eraman dezakeen prozesua has dadin. Helbide elektroniko bidez edo telefoz egin daiteke: gogora@euskadi.eus | 944032845

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin duen ‘Gerra Zibileko desagertuak bilatzeko’ programaren barruan dago esku-hartze hori eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntza du. Identifikazioak EHUko Biomics laborategi genetikoaren bidez egiten dira.