Athleticek datorren urtean Primera Federacion mailan jokatzeko aurrerapauso handia eman du

0

Bilbao Athleticek datorren urtean Primera Federacion mailan jokatzeko aurrerapauso handia eman du Lasesarren Barakaldo CF 1-2 mendean hartuta. Sei jardunaldiren faltan, Carlos Gurpegiren taldeak 8 puntu gehiagoko aldea ateratzen dio bigarren postuan kokatuta dagoen talde bizkaitarrari.

Lehoikumeak oso ondo sartu dira partidara, ziztu bizian. Adamak izugarrizko lasterketa egin du ezker hegaletik, baloia erdiratu egin du eta Olabarrietak eguneko lehen gola gauzatu du. Hirugarren minutua zen, etxeko taldearen presioak gora egin du eta norgehiagokaren erritmoa bizkortu da.

Barakaldok berdinketaren gola bilatu du eta Duñabeitia atzelariak gol-marratik bertatik baloia alderatu behar izan du. Hala ere, Carlos Gurpegiren mutilak ez ziren kikildu eta 40. minutuan beste kolpe gogor bat eman diote neurketari. Izetak erdiko atzelariari bizkarra irabazi eta Olabarrietaren erdiraketa parabolikoa sare barrura bidali du.

Bitxia bada ere, Adamari bigarren txartel horia atera diotenean eta Bilbao Athletic jokalari bat gutxiagorekin geratu denean iritsi da bigarren zatiko abagune argiena zuri-gorrientzat. Izetak eta Gerenabarrenak aukera bikoitza izan dute, baina Tena atezainak lehoikumeen hirugarren gola ekidin du.

Jarraian, etxekoen gola iritsi da. Pablo Santiagoren burukada bikain batek hankaz gora jarri du Lasesarre. Partidako azken txanpan Gastesiren atean jarri dira begiak, eta zenbait merituzko geldiketekin bilbotarren garaipena ziurtatu du. Norgehiagoka ederra izan da, futboleko zaletuak areagotzen dituen horietakoa.