Euskalmet sozietate publiko gisa eratu da

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak zuzenduta, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak lagunduta, egin da gaur goizean Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentzia SA eratzeko bilera. Euskalmeten forma juridiko berriak 1990ean sortutako euskal meteorologia-ereduaren bilakaera ahalbidetuko du, muturreko meteorologiaren eta klima-aldaketaren ondorio diren etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko, larrialdien arretarekin eta kudeaketarekin lotura estua duten alderdiak izanik.

Lehenengo bilera honetan, José Antonio Aranda sozietate berriaren zuzendari izendatu da, eta gaur formalizatu den izendapen hori bihar berretsiko du Gobernu Kontseiluak eta datozen egunotan argitaratuko da EHAAn.

Administrazio Kontseilua

Hauek dira Administrazio Kontseiluko, Sozietatearen kide anitzeko organo goreneko, kideak:

  • Lehendakaria: Josu Iñaki Erkoreka Gervasio, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, kalitateko botoa izango du.
  • Lehendakariordea: Rodrigo Gartzia Azurmendi, Segurtasuneko sailburuordea.
  • Batzordekideak:
  • Arantxa Tapia Otaegi, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburua.
  • Jon Andoni Aldekoa de la Torre, Radio Televisión Vasca / Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren zuzendari nagusia.
  • Joseba Mirena Zorrilla Ibañez, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria.
  • David Álvarez Martínez, Ondare eta Kontratazioko zuzendaria.

Gainera, Administrazio Kontseiluak ahotsa izango duen baina botorik izango ez duen idazkari bat izango du eta Sozietatearen Administrazio Kontseiluak berak izendatuko du. Zuzendari nagusi berriak behatzaile gisa parte hartuko du bileretan, baina ez du botorik izango.

Aholku Batzordea

Administrazio Kontseiluak Aholku Batzorde baten laguntza izango du, eta hauek izango dira batzorde horretako kideak:

  • Hiru bokal: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietan babes zibilaren arloan eginkizunak betetzen dituzten sailetako bakoitzeko bat.
  • Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Kima Aldaketako zuzendaria.
  • Itelazpi, SA merkataritza-sozietate publikoaren zuzendari nagusia.
  • Eusko Jaurlaritzaren EJIE Informatika Elkartea – Sociedad Informática del Gobierno Vasco SAren zuzendari nagusia.
  • EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat, elkarteak berak izendatua.
  • Fundación Azti – Azti Fundazioaren ordezkari bat, fundazioak berak izendatua.
  • Fundación Tecnalia Research & Innovation Fundazioaren ordezkari bat, fundazioak berak izendatua.

Euskalmet, 34 urteko historia

1979ko Gernikako Estatutuak Euskadiri esleitzen dio meteorologiaren arloko eskumen esklusiboa. Eskumen horren esparruan, 1987tik 1989ra bitartean, orduko Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak lehenengo kontratazioak hasi zituen, egoerari eta beharrei buruzko azterlanak egiteko. Azterlan horiei esker, Eusko Jaurlaritzak ondorioztatu zuen lehentasunezkoa zela denbora errealean konektatutako estazio meteorologiko automatikoen sare bat sortzea, une bakoitzean gertatzen ari zena jakiteko. Horrela, 1988tik 1989ra bitartean, lehenengo 26 estazio meteorologiko automatikoak instalatzen hasi ziren, eta “Oinarrizko Sarea” eratu zen.

Laurogeiko hamarkadaren amaierako aurrekari horrekin, 1990ean Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, gaur egun ezagutzen dugun Euskalmet agentzia sortu zuen. Orain, sozietate anonimo publiko gisa eratuta, Jaurlaritzak beste bultzada bat eman dio Euskal Meteorologia Agentziari, besteak beste, klima-aldaketak eta muturreko fenomeno meteorologikoek eragindako ondorioei aurre egin ahal izateko, gero eta ohikoagoak baitira eta gure eguneroko bizitzan gero eta eragin handiagoa baitute. Gainera, asmoa da Euskalmet Euskadiko Administrazioko arlo guztientzat tresna baliagarria izatea eta, gainera, gaian eskumena duen arlo bakoitzak meteorologiarekin, klimatologiarekin eta horiekin erlazionatutako eraginekin zerikusia duten enkarguak egin ahal izatea. Horretarako, Euskalmet Jaurlaritzaren “baliabide propio” gisa definitu da.

Berez, kalte materialak prebenitu eta pertsonen segurtasuna bermatu ahal izateko Euskalmetek egiten duen funtsezko lanetako bat erakundeei, larrialdiei aurre egiteko sareko eragileei eta herritarrei abisuak helaraztea da. 2009tik, Euskal Meteorologia Agentziak egoera meteorologiko bakoitzaren arrisku-maila adierazten duten koloretako abisuak igortzen dituen sistema erabiltzen du:

  • Berdea:Ez dago inolako arriskurik.
  • Horia:Abisu-egoera. Ez dago herritarrentzako meteorologia-arriskurik, bai ordea jarduera jakin batzuentzat.
  • Laranja:Alerta-egoera. Arrisku meteorologikoa garrantzitsua da, eta biztanleriaren sektore batzuetan kalte handiak eragin ditzake.
  • GorriaAlarma-egoera. Kasu honetan arrisku meteorologikoa muturrekoa eta ezohikoa da, eta debekuak aktibatzea ekar dezake.