Datorren apirilaren 11n, Sprilur eta Ihobe, sozietate publikoek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoek, parte hartuko dute Espainiako nazioarteko foro garrantzitsuenetako batean –Advanced factories– Bartzelonako Industria 4.0-ri buruz.
Topaketa horren barruan, Industrialdeen Kudeatzaileen Kongresu Nazionalaren beste edizio bat egingo da, nazioko eta nazioarteko industria- eta ekonomia-sektoreetako ordezkariak bilduko dituena. Leku horretan bertan, bi sozietate publikoek, alde batetik, Euskadiko enpresa-poligonoen egungo paradigmari helduko diote eta, bestetik, erabiltzen ez diren lurzoruak eta aktiboak berroneratzeko erronkei eta aukerei.
Bai Ihobek eta bai Sprilurrek 40 urte bete dituzte beren jarduera-esparruetan, bai ingurumen-kudeaketaren arloan, bai enpresa-ekonomiaren arloan. Bi erakundeen arteko lankidetza eta lotura garrantzitsuak izan dira azken urteotan proiektuak eta obrak lortzeko eta lurzoruaren babes globalean eragin zuzena izango duten neurriak aplikatzeko. Euskadiko lurzoruaren estrategia erronka- eta aukera-ikuspegiarekin planteatzen da; izan ere, lurzoru kutsatuen kudeaketan ingurumenaren aldetik jasangarriak diren neurriak aplikatzeak eta eremu degradatuak berroneratzeak erabilera berriak garatzea eta berroneratutako lurzorua kudeatzea ahalbidetuko du, neurri handi batean jarduera ekonomikorako espazioetara bideratua.
Sprilur enpresaren aldetik, Iker Bergaretxe industria-lurzorua kudeatzeko sozietateko zuzendariordea erabiltzen ez diren lurzoruak eta aktiboak berroneratzeari buruz arituko da, baliabide mugatua eta baliotsua baita Euskadin. Bestalde, inplikatutako sektore eta erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazioa eta lankidetza erronka gisa eta hirigintza-kudeaketan eta enpresa-garapeneko proiektu eta obren izapidetzean dauden oztopoei aurre egiteko soluzio gisa planteatzen dira. Bergaretxek gaur egun berroneratze-fasean dauden industrialdeak kudeatzeko prozesuaren adibide praktikoak aurkeztuko ditu, bai eta Lehentasunezko Jarduerarako Eremuetan kutsatutako lurzoruak konpontzeko prozesuaren adibideak ere, Eskualdeko Proiektu Estrategikoak deiturikoak (Aiaraldea-Ezkerraldea/Meatzaldea-Enkarterri eta Oarsoaldea).
Bestalde, Ana Alzolak, Ihobeko, hau da, Euskadiko Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko Lurzorua Babesteko Estrategiaren arduradunak, lurzoruaren kudeaketaren ikuspegia aurkeztuko du, ingurumenaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik, lurzoruen deskontaminazioari aplikatutako prozedura eta teknologia hedatuenak, lurzoruaren eraldaketa jasangarria errazteko politikak eta tresnak eta abar nabarmenduz.
Kongresurako aurreikusitako gaiak
Gainera, Kongresuak, edizio honetan, enpresa-poligonoen kudeaketatik eratorritako gaiak jorratuko ditu, hala nola hazkunde eta garapen ekonomikoa sustatzeko helburua duen hirigintza-plangintza adimenduna, “Q” Kalitateko enpresa-poligonoak. Sprilur Taldeak horietako 5 poligono ditu, besteak beste, Europako kalitatearen, hondakinen kudeaketaren, digitalizazioaren eta konektibitatearen, eta poligonoen kudeaketa partekatuaren eta mankomunatuaren aintzatespenarekin.
Ihobek eta Sprilurrek ez ezik, honako erakunde eta enpresa hauek ere hartuko dute parte: Bartzelonako Diputazioak, Bartzelonako metropoli-area-AMBk, Espainiako Enpresa Poligonoen Koordinatzailea-CEPEk, Asturiasko Industrialdeen Federazioak, Acció-Berrikuntza Agentziak, Asima-Mallorcako Industrialen Elkarteak, Asegra-Granadako enpresaburuen elkarteak, Extremadura Avante etab.