Branka, tripulaziorik gabe eta urruneko kontrolarekin funtzionatzen duten itsasontziak fabrikatzen dituen Orioko ingeniaritza

0
PRUEBA

Branka Orioko enpresa bat da eta industriarako pieza arinen ingeniaritzan eta fabrikazioan (konpositeen bidez) espezializatuta dago. Halaber, zortzi urte soilik izan arren, teknologia propioa duten eguzki-panelen negozioan eta urruneko barkuen negozioan ere sartu da. SPRI Taldearen adimen artifizialeko programaren laguntza jaso du enpresak egitasmo honetarako. AAn oinarritutako EAEko enpresen proiektuei laguntzea da programaren helburua. SPRI Taldeak haien proiektuak ezagutzera emateko aukera ematen die euskal enpresei, “Zutaz mintzo gara” egitasmoaren bidez.

Enpresa 2015ean sortu zuen Jon Lasa itsas-ingeniariak. Enpresaren sortzailea izateaz gain CEOa ere bada. “Itsas-sektoreko beste enpresa batean nengoen, baina beste jakin-min batzuk nituen. Eusko Jaurlaritzak finantzatutako konpositeen (fibrarekin eta erretxinarekin osatutako materiala) programa batean egoteko aukera izan nuen eta hainbat industriatan aplikatzeko merkatu-aukera ikusi nuen, erabiltzen ez ziren material eta teknikekin”.

Beste bi kiderekin batera, Lasak Branka jarri zuen martxan, eta, hasiera batean, industriarako hainbat soluzioren diseinuan eta fabrikazioan jarduten zuen. “Ikusgarritasuna izaten hasi ginen eta, guk bilatu gabe, hainbat enpresa gurekin harremanetan jartzen hasi ziren. Eta orain gauden merkatuetan kokatzen hasi ginen. Harreman ona izan dugu zentro teknologikoekin, esaterako, Tecnaliarekin. Haientzako lanak egiteko, zein enpresen proiektuak egiteko ateak zabaldu dizkigu”.

Enpresak hiru negozio-ildo ditu. Lehenengoa da manufakturarentzat, itsasoko sektorearentzat, mugikortasunarentzat eta robotikarentzat arindu beharreko piezen ingeniaritza egitea eta fabrikatzea. “Ingeniaritzako osagarri ugari dituzten produktuak dira, neurrira eginikoak eta material horiekin soilik lor daitekeen soluzio zehatz bat dute”. Normalean, arinak izan behar dira, eta integratzeko edo funtzionatzeko konplexutasun maila jakin bat izaten dute.

Bigarren ildoa da Tecnaliarekin batera garatutako teknologia. Konpositearekin egindako zelula fotovolatikoak kapsulatzen ditu. “Horrekin beste bi enpresa sortu ditugu, beste bi bazkiderekin”. “Teknologia propioa duten eguzki-panelak dira; finak, arinak eta integratuak. Teknologia horri esker lor dezakegu hori”. Negozioaren hirugarren adarra itsasoko robotikaren soluzioak diseinatzea, eraikitzea eta martxan jartzea da: tripulaziorik gabe eta urruneko kontrolarekin funtzionatzen duten itsasontziak.

Ingeniaritzan eta fabrikazioan egiten duten lanari esker, aukera ematen die soluzio konkreturik izan gabe garatzeko, “prototipoetan eta serie laburretan oinarrituta”. “Hobi batzuetan badaude lehiakideak, baina halako konpetentzia integralik ez dugu gertu. Txikiak direnez nahiko arintasun lortzen dugu. Hala, itsasontzi autonomoetan, beste enpresa handi batzuekin lehiatu gaitezke”.

Fakturazioa hiru milioi eurora iritsi zen iaz, baina ekitaldi honetan lau milioira iristea espero dute. Egun 10 langile dituzte plantillan, baina “hazkunde-aurreikuspenak” dituzte. Aurten, esportazioak egingo dituzten lehen urtea izango da: “oso esanguratsua izango da negozioarentzat”.

I+G

I+G oso intentsiboa da Brankarentzat eta fakturazioaren % 15 gainditzen du.  “I+G egiten dugu materialetan, prozesuetan eta sistemetan. Zentro teknologikoen epe luzeko estrategia berberak ditugu eta bi aldeentzat sinbiosi onuragarri bat dago”.

SPRI Taldearen Adimen Artifizial Aplikatuaren dirulaguntza-programak hainbat komunikazio mota txertatu ditu itsasoko sektorean eta komunikazio-sare propioa eta segurua izatea lortu du.  “Itsasontzia itsasoratzen denean eta sare tradizionalen estaldura galtzen denean, komunikatzeko sistema automatiko eta propioa izan behar duzu.  Hala, itsasontzia kontrolatzen jarrai dezakezu. Bonding esaten zaio horri”. Proiektua garatzen ari dira oraindik.

Oro har, hiru negozio-lerroetan finkatzea da erronka. Ingeniaritzan eta fabrikazioan, merkatu berriak zabaldu nahi dituzte, besteak beste; sektore fotovoltaikoarentzako teknologian sortutako bi startupak finkatu nahi dituzte, eta, itsasoko robotikan, nazioartekotzea sustatu eta software propioa garatu nahi dute. Brankak Erresuma Batuko Southampton udalerrian bulego bat zabaldu du, itsasoko robotikan dauden aukera komertzialak hautemateko.

Aurten, bi proiektu anbiziotsu ditu martxan. Tripulaziorik gabeko eta eguzki-energia bidezko hegazkin baten hornitzaile homologatuak dira Ameriketako enpresa batentzat: “Solar Impulse proiektuaren prototipoa eta teknologia erosi zituen, proiektu hori izan zen soilik eguzki-energia erabiliz hegazkin batek munduari bira ematea lortu zuena”. “Amerikarren proiektua sateliteekin lehiatzeko da”. Beste proiektua tripulaziorik gabeko 9 metroko itsasontzi bat da. “Lizitazio bat irabazi dugu Neom megaproiektuaren barruan, Saudi Arabian, Itsaso Gorrian itsasoko ikerketa zientifikoan jardungo duen USV bat eraikitzeko. Lizitazio horrek ateak zabaldu dizkigu tamaina horretako nazioarteko proiektuetan lehiatzeko”.