Pertsona gorren artean, emakumeek hazkunde pertsonal hobea dute

0
Amaia Jauregi Orbe ikerlaria eta irakaslea. | Argazkia: Mitxi

Amaia Jauregi Orbe pedagogo eta unibertsitateko irakasleak pertsona gorren ongizate psikosoziala aztertu du bere doktorego-tesian. Ezaugarri pertsonalek, audiologikoek, linguistiko-kulturalek, familiakoek, hezkuntzakoek eta lanekoek nola eragiten duten aztertu du UPV/EHUn defendatutako lanak. Azterlanak, gainera, etorkizuneko ikerketa-ildoak identifikatzen ditu, gutxi aztertu den gai honetan sakontzen jarraitzeko.

Pertsona gorren kolektiboaren berezitasunetako bat da oso heterogeneoa dela. Adin eta genero desberdinak izateaz gain, guztiek ez dute gorreria- edo komunikazio-mota bera. Alde batetik, gorreria agertzeko unea eta entzumen-galeraren maila asko aldatzen dira pertsona batetik bestera. Eta, bestetik, pertsona guztiek ez dituzte zeinu-hizkuntza eta ahozkoa modu berean erabiltzen. Alderdi horiek guztiek pertsona gorren ongizatean eragiten dute. Hala ere, ez dira asko arlo horietako bakoitzak zehazki nola eragiten duen aztertzen duten azterlanak.

Amaia Jauregi OrbeBilboko Hezkuntza Fakultatean defendatu duen doktore-tesia ekarpen garrantzitsua da literatura zientifikorako. Orain arte ez da ezagutzen munta horretako beste ikerketarik, faktore horiek guztiak aztertzeaz gain ongizate psikosoziala neurtzeko aukera ematen duten hainbeste aldagairekiko (autokontzeptua, autoestimua, gizarte-babesaren eta bakardadearen pertzepzioa, etab.) lotura aztertzen duenik. “Nire asmoa diagnostiko orokor bat egitea zen, pertsona gorren errealitatea hurbiltzen eta bistaratzen laguntzeko. Lanak eztabaida akademikoa aberastu dezaketen datuak ematen ditu”, adierazi du egileak.

Azterlanak agerian utzi duen ebidentzietako bat da emakumeek hazkunde pertsonal hobea dutela gizonek baino. Ikertzailea bera harritu duen datua da, haren hasierako hipotesiak kontrakoa planteatzen baitzuen. Jauregik uste du honako hau izan daitekeela arrazoia: “gorren komunitatearen elkarte-sareak ahalduntzeko tresnak eskaintzen dizkie emakumeei, beren gaitasunak eta autonomia indartzeko”.

Bestalde, azterlanak adinari lotutako alde esanguratsuak ere identifikatu ditu. 30 urtetik beherakoek autoestimu handiagoa dute, gizarte-babes handiagoa sentitzen dute, eta adin-tarte handiagokoek baino hazkunde pertsonal hobea dute. “Orain, atzean dauden arrazoiak zein diren ikertu beharko litzateke. Nire ustez, hezkuntza inklusiboa jaso izana izan daiteke aldagai garrantzitsuenetako bat”, azaldu du ikertzaileak.

Hipotesi horri dagokionez, tesiaren emaitzek adierazten dute ikastetxe arruntetan eskolatutako gor prelokutiboek (ahozko hizkuntza eskuratu aurretik entzumena galdu zutenek) autoestimu handiagoa dutela zentro berezietan eskolatutakoek baino. Halaber, honako hau da hezkuntza-testuinguruari lotutako beste emaitza azpimarragarri bat: ongizatea aldatu egiten da lortutako ikasketa-mailaren arabera. Unibertsitate-ikasketak dituztenek lehen mailako edo beheragoko mailako ikasketak dituztenek baino autoestimu-maila, hazkunde pertsonaleko maila eta gizarte-ongizateko maila handiagoak dituzte.

Tesiaren ondorioen arabera, ez dirudi beste faktore batzuek, hala nola linguistiko-kulturalek edo lanekoek, lotura zuzena dutenik pertsona gorren ongizate psikosozialarekin. Hala ere, ikerlariaren ustez, datuek beste irakurketa bat izan dezakete aldagaien intersekzionalitatea aztertuz gero: “Errealitatea hobeto ezagutzeko, hainbat faktoreren korrelazioari buruzko ikerketak egin beharko lirateke etorkizunean”.

Lagin handia eta ebaluazio-tresna egokituak

Ikerketaren diseinua eta prozedura indarguneetako bi izan dira; izan ere, pertsona gorrak era konprometituan ikertzeak dakartzan erronka guztiei aurre egin die. Doktorego-tesiaren emaitzak lortzeko, sexu, adin, gorreria-mota eta ezaugarri linguistiko-kultural desberdineko 166 pertsona gorren erantzunak aztertu dira. Bermatu da parte-hartzaileen taldea gorren kolektiboaren aniztasunaren adierazgarri izatea eta ebaluazio-tresnak parte hartu dutenen premia heterogeneoetara egokituta egotea.